Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Lehen sorospenei eta desfibriladoreen erabilerari buruzko prestakuntza-ikastaroa errepikatuko du Udalak

2025/10/30

Herritarrei zuzendutako prestakuntza honek, prebentzioan laguntzea du helburu eta bizitzak salbatzeko ezagutza eta komunitate osasuntsuagoa eraikitzeko urratsa izango da

Bihotzekoak emandako larrialdi-egoeretan, Beasaingo hainbat tokitan instalatu diren desfibriladoreak behar bezala erabiltzeko argibideak emango dira

Beasaingo Udalak, herritarren ongizatea eta osasuna zaintzeko konpromiso irmoaren barruan, orain dela urtebete desfibriladoreak jarri zituen udalerriko hainbat tokitan. Horren osagarri gisa, lehen sorospenei eta desfibriladoreen erabilerari buruzko prestakuntza-ikastaroak antolatu zituen, herritarrak bihotzeko geldialdi baten aurrean nola jokatu behar duten jakin dezaten. Lehen edizioak harrera bikaina izan zuen: 60 lagun inguruk parte hartu zuten, eta ikastaroan jasotako ezagutzak funtsezkoak izan dira benetako larrialdi-egoera batzuetan. 

Horrenbestez, aurten bigarren edizioa egingo da, beasaindarrek bihotz-biriketako bizkortzearen oinarrizko teknikak eta desfibriladore automatikoen erabilera seguru eta eraginkorra barnera ditzaten.

Bizitza salbatzeko prestakuntza

Bihotz-geldialdiak maiz gertatzen dira ospitaletik kanpo, bai etxeetan, bai kaleko espazio publikoetan. Kasu horietan biziraupenaren aukerak %70etik gorakoak izan daitezke baldin eta lehen minutuetan esku-hartze egokia egiten bada. Horregatik da hain garrantzitsua herritarrak prest egotea eta desfibriladoreak eskuragarri egotea.

Prestakuntza hau ez da soilik tresna baten erabileran oinarritzen; herritarren gaitasunak, erantzukizun soziala eta elkartasuna indartzen ditu. Gainera, gertaera larrien aurrean lasaitasuna eta konfiantza handiagoa ematen die parte-hartzaileei, komunitate osoarentzat babes-sare eraginkorragoa sortuz.

Udalak jarritako desfibriladoreak leku hauetan daude: Usurbe antzokia, Urbiberri gizarte-zentroa, udaletxeko sarrera, Dolarea hotelaren ondoan, Bideluze plaza eta Ezkierdi frontoia.

Ikastaroaren datak, lekuak eta ordutegia

Prestakuntza saioak doakoak izango dira eta 17:30etik 20:30era egingo dira (ordu bat teoria eta bi ordu praktika). Egun bakoitzeko 15 pertsonako gehieneko taldea izango da.

Izen-emateak

Urbiberrikoen saiorako, izen-ematea zentro berean egin behar da. Gainerako saioetan parte hartu nahi dutenek bakoitzari dagokion galdetegia bete beharko dute.