Bertatik bertara eraikina ezagutzeko bisitak eta beasaindarrekin espazio publikoaren erabilera zehazten lagunduko duen parte-hartze tailerra antolatu ditu Udalak
Bisitak, aldez aurretik izena emanda, maiatzaren 12an (18:00) eta 13an (12:00 eta 18:00) izango dira eta parte-hartze tailer irekia maiatzaren 21ean egingo da arratsaldeko 18:00etan Murumendi Eskolan
Olaran Talentu Faktoria proiektuaren barruan, Udalak bisita gidatuak antolatu ditu maiatzaren 12an eta 13an, herritarrei eraikina bere osotasunean erakutsi eta zein eremu zuzenduko diren espazio publikora ezagutarazteko. Bisita hauek proiektua borobiltzeko parte-hartze prozesuaren atarikoa dira, herritarrek eraikina bertatik bertara ezagutu eta zein egoeratan dagoen jakin dezaten.
Izan ere, eraikinaren azaleraren heren bat baino gehiago bideratuko da erabilera publikora eta herritarren iritzia aintzakotzat hartuko da zein zerbitzu eskainiko diren erabakitzeko.
Parte hartzea sustatu
Eraikina ezagutaraztea garrantzitsutzat eman du Udalak. Batetik, arkitektura ondare industrial razionalista bezala duen balioagatik. Eta bestetik, herritarrek proiektuaren eskala, baldintzak eta espazioen banaketa bertatik-bertara ikusi dezaten.
Izan ere, kosorkuntza tailerreko parte hartzea sustatzea ere bada bisiten xedea. Eraikinak herritarrentzako zerbitzuak bilduko dituenez behe solairuan zein bi terrazetan, bisita hauek lagungarritzat jotzen dira eraikuntzaren dimensioaz jabetu eta herritarrek aukeren ideia osatuagoa izan dezaten.
Hitzorduak eta izenematea
Bisita gidatuetarako hitzorduak hauek izango dira eta interesdunek izena eman beharko dute txanda bakoitzean. Bisitak 45 minutukoak izango dira gutxi gorabehera (gehienez 20 pertsona). Esteka hau jarraituz eman behar da izena.
- Maiatzaren 12an, 18:00etan
- Maiatzaren 13an, 12:00etan eta 18:00etan.
Herritarrekin erabaki
Duela ia bi hamarkada eraikina Udalaren jabetzara pasa zenetik, Olaran gutxieneko baldintzetan mantendu eta zein erabilera eman dakioken aztertzen jardun da Udala. 2021ean abiatutako azterlanetik eratorri da oraingo lanketa eta joan den urrian bi saio ireki egin ziren herritarren iritzia biltzeko.
Olaran Talentu Faktoriak lau solairutan banatutako espazioak izango ditu, eta horietako batzuk erabilera publikokoak izango dira. Beheko solairuan plaza estalia eta zerbitzu publikoak kokatuko dira. Herritarrentzako aisialdirako eta elkarreragunerako gunea. Lehen eta bigarren solairuan alojamenduak eta hirugarren zein laugarren solairuetan terraza publikoak egongo dira. Ezkiaga auzoaren eta Oria ibaiaren panoramika eskainiko luke, herritarrentzako atseden lekua izateko.
Hona iritsita, beasaindarren partaidetzarekin, espazio publikoen erabilera zehazteko maiatzaren 21ean egingo da parte hartze tailerra. Bertan, iritziak eta proposamenak aurkez daitezke. Proiektua herritarrekin batera eraiki nahi da. Maiatzaren 21eko tailer irekia Murumendi Eskolan izango da 18:00etatik 20:00etara eta irekia izango da.