ParteCar ekimeneko gidari eta bidaiariek udal hobariak izango dituzte bidaietan eta aurten bigarren laguntza ekonomiko bat gehitu da Energia Aurrezpenaren Ziurtagiriei esker
Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez, Beasaingo Udalak mugikortasun jasangarriarekin eta ingurumenaren zaintzarekin duen konpromisoa indartu du aurten ere. Aurreko edizioetan bezala, udalak hobari kanpaina berri bat jarri du abian, Partecar ekimena eta Tribbu auto partekatuaren aplikazioa (lehen Hoop Carpool) erabiltzea bultzatzeko.
Udal hobariaren itzulera
Beasainen jatorria edo helmuga duten bidaietako gidariek eta bidaiariek ibilbidearen zenbatekoaren % 50eko hobaria jasoko dute (gehienez 2 € ibilbide eta bidaiari bakoitzeko) sustapenak irauten duen bitartean.
Horretarako, telefono mugikorrean Tribbu aplikazioa instalatuta eduki behar da. Beasaingo udal aplikaziotik edo zuzenean Play Store edo App Store bidez, aplikazioa mugikorrean deskargatu ondoren, erregistratu eta kodea sartu beharko da BEASAIN22en, hobariak jasotzeko.
Aurtengo berrikuntza hobari gehigarria
Udalaren laguntzaz gain, aurten pizgarri ekonomikoen bigarren bide bat gehitu da. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak Energia Aurrezteko Ziurtagirien Sisteman (CAE) sartu du carpoolinga. Horri esker, bidaiariek 0,04 €/ km lortu ahal izango dute baliozkotutako ibilbide bakoitzean, gehienez 1,50 € bidaia partekatu bakoitzeko.
Hobari hori eskuratzeko, nahikoa da “BBonoa” aktibatzea Tribbu aplikazioan, eta bidaia bakoitzaren hasiera eta amaiera egiaztatzea gidariarekin batera. Aplikazioak, aurrezpen energetikoak ziurtatu eta zuzeneko onura ekonomiko bihurtzen ditu.
Orain arteko datuak
Partecar ekimenak gaur egun 447 erabiltzaile ditu erregistratuta aplikazioan. Zifrei erreparatuz, orain arte 402.000 km baino gehiago partekatu dira 9.700 desplazamenduetan, 60.000 kg CO2 eta 192.000 kg NOx baino gehiago eguratsera ez isurtzea lortuz. Gainera, ParteCar bitartez erabiltzaileek 54.000€ euro inguru aurreztu dituzte erregaian.
Jasangarritasunarekin konpromisoa
Beasaingo Udalak mugikortasun jasangarriago eta ekonomikoago baten aldeko apustua egiten du, auto partekatua sustatuz, emisioak, trafikoa eta familientzako kostuak murrizteko neurri eraginkor gisa. Laguntza bikoitz horrekin, autoa partekatzea inoiz baino onuragarriagoa da orain.



