Beasaingo Udalak osoko bilkuran tasen %2,8ko eguneraketa orokorra onartu du abuztutik abuztura bitarteko EAEko KPIaren arabera. Etxez etxeko laguntzan hobekuntza esanguratsuak jasoko dituzte beasaindarrek
Gainera, elkartasuna, euskara eta tokiko merkataritza sustatzeko dirulaguntza berriak onartu dira, udalerriaren ongizate eta garapena sendotzeko
Beasaingo Udalak 2026. urterako Zerga, Tasa eta Prezio Publikoen %2,8ko igoera orokorra onartu du, urteko KPIaren (Kontsumorako Prezioaren Indizearen) arabera. Hala erabaki zen urrian egindako osoko bilkuran EAJ eta PSEren aldeko bozekin, Podemosen abstentzioarekin eta Eh Bilduren aurkako bozkekin. Neurri honek udalaren finantza-oreka eta eskaintzen diren zerbitzu publikoen jasangarritasuna bermatzea du helburu.
Zergen kasuan, zenbait aldaketa onartu ziren. Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, familia ugarien kasuan errenta familiar estandarizatuaren arabera %90a arteko hobariak ezarriko dira; familia errenta estandarizatua kalkulatzeko, unitate familiarreko seme-alaba kopurua, genero indarkeriaren biktima den edo desgaitasuna duen hartuko dira kontutan, besteak beste. Era bereain, Eraikuntzak, obra eta instalazioen zerga Foru araura egokituko da (oraingoa 1989koa da). Zaborren tasari dagokionez, %2,8ko igoera izango du etxebizitza eta komertzioei dagokionez.
Zenbait tasak ez dute igoerarik izango: Ibilgailu elektrikoen karga puntuak, oposizioetako azterketak, Autotaxien lizentziak, Igartza monumentu multzoko prezioak, Euskarazko udalekuak, TAO zerbitzua, Musika Eskola eta Euskaltegia (2025-26 ikasturterako tasak aurretik onartu zirelako).
Bestalde, taxi zerbitzuaren tarifak %2,8 igoko dira 2026an, KPIaren igoerarekin parekatuta aho batez onartuta.
Etxez etxeko laguntzan hobekuntzak: zerbitzu hurbilagoa eta pertsonalizatuagoa
Osoko Bilkurak Etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitazio espedientea onartu du EHBildu alderdiaren abstentzioarekin eta gainerako alderdien baiezkoarekin. Zerbitzua hiru urterako izango da, eta 1.386.795,61 euroko aurrekontua izango du (BEZa barne: 1.442.267,43 €). Aurrekontuaren %85a soldata kostuetara bideratuko da.
Zerbitzua hobetu egingo da, beasaindarren beharretara egokitzeko. Honela, zerbitzu bakoitzak gutxienez 30 minutuko iraupena izango du. Etxebizitzaz etxebizitza joateko denbora lanordu bezala kontatuko da. Zerbitzuen artean paseoak eta konpainia etxean ere jasoko dira.
Ongizatea, euskara eta merkataritza sustatzeko dirulaguntzak
Dirulaguntza hauek emateko oinarriak aho batez onartu zituen osoko bilkurak. Honela, Udalak gizarte arloan diharduten elkarteentzako dirulaguntzak -100.000euro-, ongizatea eta herritarren arteko elkartasuna sustatzeko bideratuko dira. Dirulaguntzak jaso ditzaketen proiektuen artean hauek aurkitzen dira: eremu soziosanitarioa (3.000 €), gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako proiektuak (10.000 €), desgaitasuna duten pertsonentzako ekimenak (10.600 €), elkartasuna sustatzeko ekintzak (4.000 €), eta adinekoen eta jubilatuen programak (72.400 €). Eskaerak 2025eko abenduaren 12ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Azokan kontsumoa sustatzeko bonuak. Udalak azokako erosketak sustatzeko bonu sistema berria jarriko du martxan, bertako produktuak eta ekoizleak babesteko. Bonu bakoitza 20 eurokoa izango da (5€-ko zatitan). Herritarrak 10€ ordainduko ditu, eta Udalak beste 10€. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu erosi ahal izango ditu bonuak martxan egongo diren egun bakoitzean, 2026an: otsailaren 3an, otsailaren 7an, martxoaren 7an eta apirilaren 11n egingo diren azoketan. Helburua da astearteko eta hilabeteko lehen larunbateko azokak indartzea eta 2026an 100 urte beteko dituen Beasaingo azoka biziberritzea.
Gidabaimena euskaraz gainditzen dutenentzat laguntzak. Euskara sustatzeko asmoz, Udalak 150 euroko gehienezko dirulaguntza emango die gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz gainditzen duten beasaindarrei. Laguntzek 2025eko urtarrilaren 1etik atzeraeragina izango dute.
Gazteentzako sormen lehiaketa. 2025-26 ikasturterako Gabonetako kartel lehiaketarako oinarriak ere onartu dira. 6 eta 11 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago, eta gehienez 30 lan sarituko dira. Saridun bakoitzak 30 euroko bonoa jasoko du Beasaingo establezimenduetan erabiltzeko. Lanak aurkezteko epea abenduaren 4an amaituko da.
Mozioak
Podemos taldeak CAFek legez kanpoko asentamenduak sendotzen laguntzen duten proiektuetan parte hartzen jarraitzea arbuiatzeko mozioa aurkeztu zuen. EAJ eta PSEk aurkako mozioa aurkeztu zuten, eta hauek aurkeztutakoa izan zen onartua Podemos eta EHBilduren abstentzioarekin eta EAJ eta PSEren aldeko bozekin.
EAJ-PNV eta PSEk Elkarbizitzaren alde eta Ertzaintza eta Udaltzaingoaren defentsan mozioa mozioa aurkeztu zuten. EH Bilduk kontrako mozioa aurkeztu zuen, eta Podemos alderdiak ere beste aurkako mozioa aurkeztu zuen. Bozketan EAJ eta PSEk aurkeztutakoa atera zen aurrera.


