Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

Euskararen eta hizkuntza gutxituen arteko zubiak sendotzeko harrera

2026/10/15

Leire Artola alkateak harrera egin die Garabide elkartearen Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programako (Aditu) 10 komunitate linguistikotako 11 hizkuntza-aktibistari

Topaketan Beasaingo Euskara Plana eta tokiko esperientziak ezagutzeaz gain, hizkuntza gutxituak biziberritzeko praktika eta erronkak trukatu dituzte

Beasaingo Udalak Garabiderekin duen lankidetza-hitzarmena berretsi du; 2017az geroztik urtero berritzen da eta aurrekontuaren % 1aren laurdena bideratzen du garapenerako lankidetzara

Gaur goizean, Beasaingo Udalak harrera ofiziala egin die Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programako (Aditu) partaideei. Garabide Elkartearen bidez Euskal Herrira etorritako munduko 10 komunitate gutxitutako 11 hizkuntza-aktibistek parte hartu dute saioan, eta Leire Artola herriko alkateak egin die harrera udaletxeko batzar aretoan.

Topaketaren helburu nagusia izan da Beasaingo Udalak euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko garatutako hizkuntza-politika bertatik bertara erakustea, bai eta nazioarteko esperientziak elkarbanatzea ere. Ordubete inguruko lan-saioan, udal plangintzaren berri izateaz gain, bi aldeetako gogoetak eta babes-sareak indartzeko aukera izan dute bertaratutakoek.

Euskararen esperientzia eta Beasaingo plangintza eredu

Harreran garatutako egitarauaren baitan, lehenik eta behin, parte-hartzaileen aurkezpen bideoa ikusi da (13 minutuko ikus-entzunezkoa), Garabideren Aditu formazioaren zein aktibista bakoitzaren ibilbidearen berri ematen duena. Jarraian, Beasaingo Udalak bideratzen dituen euskara plangintzen aurkezpena egin du alkateak, eta amaitzeko, galdera zein informazio-trukerako tartea ireki da.

Leire Artola alkateak azaldu duenez, Beasaingo Udalak hizkuntza plan propioa du herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, gizarte-kohesioa indartzea eta hizkuntza-aniztasuna aitortzea helburu duena. Halaber, gogorarazi du udal aurrekontuaren % 5,32 hizkuntza-politikara bideratzen dela. Beasainen ezagutzaren eta erabileraren arteko desoreka gainditzea erronka nagusia denez, Udalak ezagutza sustatzeko Udal Euskaltegia eskaintzeaz gain, eskolaz kanpoko eremuetan erabilera biziberritzeko guneak sortu ditu (adibidez, 4-12 urte artekoentzako Hizkuntza Errefortzu Zerbitzua, kirol eta kultur elkarteekiko hitzarmenak edota udazkeneko zein udako aisialdi programak).

Zer da Aditu programa eta zein da bere helburua?

Aditu formazioa Garabide Elkarteak koordinatzen duen nazioarteko prestakuntza-programa aitzindaria da, euskal hizkuntza-normalizazioan aditu diren eragileen eta hizkuntza gutxituen aldeko aktibisten arteko zubi-lana egitea xede duena. Aurten laugarren edizioa betetzen duen programa honen bidez, 11 hizkuntza-aktibistak hilabete eta erdiko egonaldia egiten ari dira Euskal Herrian (irailaren 18tik urriaren 29ra). 

Egonaldian 100 ordutik gorako prestakuntza teoriko eta praktikoa jasotzen dute euskal soziolinguistikan eta biziberritze-estrategietan aditu diren irakasleen eskutik. Aditu programaren xede nagusia da parte-hartzaileei oinarri sendoa ematea beren komunitateetan aplikagarriak izango diren tresnak bereganatu ditzaten. Euskarak azken 50-60 urteetan joera negatiboa irauliz lortutako transmisio-bidea erreferente nagusi bihurtu da mundu mailan, eta esperientzia hori inspirazio-iturri gisa eskaintzen die Garabidek nazioarteko gainerako komunitateei.

Aurtengo edizioan 10 komunitatetik etorritako 11 kide ari dira parte hartzen: kitxua (Ekuador), amaziga (Rif / Maroko), guarania (Paraguay), mixea (Mexiko), Yukatango maya (Mexiko), maputxeak (bi kide: Txile eta Argentina), quetxua (Bolivia), bubia (Ekuatore Ginea), kaqchikela (Guatemala) eta nasa yuwea (Kolonbia).

Beasaingo Udalaren konpromisoa eta lankidetza-hitzarmena

Beasaingo Udalaren eta Garabide Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena urtero berritzen da 2017az geroztik. Ekimen hau Udalak garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko duen konpromiso zabalaren baitan kokatzen da; izan ere, hizkuntza-nortasuna komunitateen garapen kolektiboaren zutabe nagusitzat hartzen da. 

Hori dela eta, Beasaingo Udalak garapenerako lankidetzara bideratzen duen udal-aurrekontuaren % 1aren laurdena Garabiderekin bideratzen du hitzarmen honen bidez. Dirulaguntza ekonomiko horri esker, munduko hizkuntza gutxituen indarberritze-prozesuak bultzatzen dira, euskararen ibilbidea nazioarteko elkartasun- eta erreferentzia-eredu gisa jarriraz.

garabide harrera 2026