Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Beasain parekide

Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren inguruan egitarau zabala

Beasaingo Udaleko Berdintasun sailak askotariko jarduerak zerrendatu ditu azaroan zehar, herriko eragileekin elkarlanean: kirola, musika, hitzaldiak, zinema eta elkarretaratze nagusia. Azaroaren 25eko ekitaldi nagusia Erauskin plazan izango da, 18:30ean

Beasaingo Udalak, Berdintasun sailaren bitartez eta herriko hainbat elkarterekin lankidetzan, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren (A25) harira ondu duen 2026ko egitaraua aurkeztu du. Hilabetean zehar garatuko diren ekintzen helburua da emakumeen aurkako indarkeria mota ororen aurrean kontzientziazioa, salaketa eta hausnarketa kolektiboa sustatzea, kultura-, kirol- eta hezkuntza-esparruak uztartuz.

Egitarauak honako ekitaldi hauek biltzen ditu:

  • Emakumezkoen 4 1/2ko Txapelketa (Emakume Master Cup Zirkuitua): Antzizar kiroldegian jokatuko da azaroaren 8an (igandea, 12:00etan), eta azaroaren 14an zein 21ean (larunbatak, 17:00etan). Ados Pilotak eta Kirol Sailak antolatuta.
  • FEMMM Ahots-laborategia (Igartza Musika Zikloa): Jazza eta popa uztartzen dituen emakumezkoen euskal ahots-laukotearen kontzertua Igartzako jauregian, azaroaren 8an (igandea), 19:00etan.
  • Genero ijitofobia (Ijito herriaren historia genero ikuspegitik): Elebitan eskainiko den saioa Batzar aretoan, azaroaren 9an (astelehena), 18:00etan. Kera Emakume Ijitoen Elkartearen eskutik.
  • «Korrikalariak» dokumentala eta ondorengo solasaldia: Protagonistekin solasaldia izango da proiekzioaren ostean. Azaroaren 12an (osteguna), 18:00etan, Batzar aretoan (gaztelaniaz). Euskal Fondoak eta Ongizate Sailak antolatuta.
  • LOPIVI legearen aplikazio praktikoa (Indarkeriaren aurkako haurrak eta nerabeak babesteko legearen inguruko tailer praktikoa): Azaroaren 23an (astelehena), 18:00etan, Batzar aretoan (gaztelaniaz). Irule Abokatuak-ek gidatuta.
  • A25eko ekitaldi nagusia: Azaroaren 25ean (asteazkena), 18:30ean, Erauskin plazan. Beasaingo Berdintasun Kontseiluak, Beasaingo Asanblada Feministak eta Asmube elkarteak deituta.
  • «Ruega por nosotras» filma (Emakumea Babesteko Patronatuari buruzkoa): Azaroaren 27tik 30era bitartean proiektatuko da Usurbe Antzokian ohiko ordutegietan (gaztelaniaz).
  • «La bicicleta de Lola» laburmetraia (Haurren aurkako sexu erasoak): Azaroaren 30ean (astelehena), elebitan, Tándem Lola Studioren eskutik. Goizeko 09:00etan proiekzioa eta formakuntza izango dira Batzar aretoan; eta 12:00etan nahiz 13:00etan proiekzioa eta solasaldia ikasleentzat Usurbe Antzokian.

Udaletik herritar guztiei dei egiten zaie antolatutako jardueretan parte har dezaten eta indarkeria matxistarik gabeko herri baten aldeko aldarriarekin bat egin dezaten.