Berdintasuna elkarlanetik eraikitzeko egitarau bateratua aurkeztu da
Udalak eta Berdintasun Kontseiluko eragileek antolatutako ekintzek aldarrikapena, sentsibilizazioa eta komunitate indarra uztartuko dituzte eta bat egin dute martxoaren 8aren bueltan, diskurtso erreakzionarioen aurrean lortutako eskubideak defendatzeko
Beasaingo Udalak gaur aurkeztu du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira prestatu duen egitarau bateratua eta aldarrikapen nagusiak aurkeztu dituzte. Aurkezpenean parte hartu dute Berdintasun zinegotzi Ainhoa Arresek eta Berdintasun Kontseiluko hainbat eragilek, besteak beste Asanblada feministako kideak, Asmube elkarteko ordezkariak eta Izaskun Salazar Beasainpediako arduraduna.
Bertan nabarmendu dute aurtengo egitarauaren oinarrian lankidetza, aldarrikapena eta tokiko aliantzak daudela. Aurkezpen honen helburua ez da soilik ekintza-egutegi bat azaltzea, baizik eta Beasainek berdintasun erreal eta eraginkorrarekin duen konpromiso irmoa berresten duen aliantza politiko eta soziala erakustea.
Atzerapausorik ez
Ainhoa Arrese Berdintasun zinegotziak Beasaingo udal talde guztiek aho batez onartutako EUDELen pdf adierazpena (119 KB) izan du oinarri. Martxoaren 8a ez dela aldarrikapen hutserako eguna gogorarazi du, gure gizartearen duintasunaren isla baizik. "Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da".
Adierazpenak oharpen argia egiten du gaur egungo testuinguruaren inguruan: kezkaz ikusten da nola sare sozialetan eta eguneroko espazioetan berdintasunaren inguruko nahasmena sortzen saiatzen diren diskurtso misoginoak indartu diren. Ildo horretan, Beasaingo Udalak konpromisoa hartu du narratiba horiek desaktibatzeko, indarkeria matxistaren existentzia zalantzan jartzea onartu gabe eta lortutako eskubideak guztionak direla defendatuz. Berdintasun politikak indartzen jarraitzeko, tokiko aliantzak sendotuko ditu diskurtso misoginoei aurre egiteko.
Berdintasun Kontseilua lankidetzarako tresna bizia
Halaber, Ainhoa Arresek Berdintasun Kontseiluaren garrantzia azaldu du, Beasaingo emakume guztiei zabalik dagoen organo osagarri gisa. Udaleko organo aholku-emailea da, eta bertan herriko emakumeek eta taldeek parte hartzen dute, banaka edo kolektiboen bidez. Bere eginkizunen artean daude berdintasun politikak diseinatzen laguntzea, ekintza proposamenak lantzea eta udalarekin elkarlanean hausnarketa partekatua egitea. Kontseilua irekia da herriko emakume guztientzat, adina, jatorria edo identitatea edozein dela ere, eta helburua da berdintasun politikak modu partekatuan eraikitzea.
Euskal Wikiemakumeen I. Topaketa Beasainen
Izaskun Salazarrek, Beasainpediako arduradun gisa, datorren larunbatean Igartzako jauregian ospatuko den Euskal Wikiemakumeen I. Topaketaren xehetasunak eman ditu. Ekimen hau Martxoaren 8ko egitarauaren baitan kokatzen da eta Beasainen azaroan sortutako Wikiemakumeok taldearen lanari jarraipena ematea du helburu.
Salazarrek azaldu duenez, topaketa honen asmo nagusia Euskal Wikipedian emakume eta gizonen arteko dagoen arrakala murriztea da. "Beasainen mugimendu hau ezagutzera eman nahi dugu, orain arte beste herri batzuetan egindako lana aitortzearekin batera". Beasaingo taldea martxan jarri zenetik, biografiak sortu dira Igartzako jauregitik, Beasainpediatik eta Andramendi ikastolatik, eta Jabetze Eskolan ere talde berri bat biltzeko itxaropena dago.
Topaketak Durangaldea, Oarso-Bidasoaldea, Ondarroa eta Goierriko (gutxienez 6 emakume) wikilariak bilduko ditu. Guztira 22 emakumek eta gizon batek eman dute izena, baina ateak irekiak egongo dira proiektua ezagutu nahi duen ororentzat.
Jardunaldian zehar, herri ezberdinetako kideek haien ibilbidea azalduko dute. Ondoren, Onintze eta Garazi Garrido antropologoek androzentrismoari buruzko solasaldia eskainiko dute, eta jarraian, edizio saio praktiko bat egingo da pantaila handian: biografiak eguneratu, argazkiak gehitu eta itzulpenak egiten irakatsiko da. Eguna amaitzeko, "Emakumeen presentzia Igartzan" bisita gidatua eta talde-bazkaria egingo dira.
Egitarau zabala Martxoaren 8aren bueltan
Martxoan zehar burutuko diren ekintzak Berdintasun Kontseiluaren barruan diseinatu dira, emakumeen ahotsa eta sormena erdigunean jarriz. Hori horrela, Asanblada feministak eta Asmubek antolatu dituzten ekitaldien berri ere eman dute. Udalak bere aldetik antolatu dituen bi antzezlanak iragarri ditu:
- Martxoaren 5ean: Asmuberen erakusketaren inaugurazioa Igartzan (18:00), martxoaren 22ra arte ikusgai egongo dena.
- Martxoaren 6an: RedNudes antzezlana Usurben (12:30), DBH3ko ikasleei zuzendua, indarkeria digitala eta kontsentimendua lantzeko.
- Martxoaren 7an: Wikiemakumeok I. Topaketa (10:00) eta emakumeen presentziari buruzko bisita gidatua Igartzan.
- Martxoaren 8a: Aldarrikapen eguna
- 00:00: "Kaleak eta gauak gureak dira" manifestazioa Erauskin plazatik.
- 11:30: Eskualdeko manifestaziora joateko bilgunea Erauskin plazan, Ordiziara joateko.
- 15:00: Bazkari Feminista eta ondoren guatekea (bingo musikatua eta jolasak) plaza azpian.
- Martxoaren 11n: Confesiones en una peluquerĂa antzezlana (18:00), estereotipoak hausnartzeko.
- Martxoaren 18an: Asmube abesbatzaren emanaldia (18:00).
- Martxoaren 26an: Segunda Convocatoria antzezlana Usurben (20:30), emakumeen arazoak umorez astintzen dituena.
Amaitzeko, Udalak azpimarratu du Martxoaren 8a ez dela soilik aldarrikapen eguna, baizik eta egindako bidearen eta egiteko dagoenaren isla. Horregatik, herritarrei dei egin zaie egitarauan parte hartzera eta tokian tokiko mobilizazioekin bat egitera, berdintasuna guztion ardura kolektiboa delako.
Bestalde, Udalak martxoak 8ko banderolak eskuragarri jarri ditu Igunean. Egunotan balkoietan eta saltokietako erakusleihoetan jartzera gonbidatzen ditu herritarrak eta baita ekitaldietan parte hartzera ere.




