Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Beasain parekide

Sexu aholkularitza zerbitzua berriz martxan jarriko du udalak

Berdintasun Sailak sustatutako zerbitzu publiko eta doakoa da, herritar guztien eskura jarriko dena

Sexualitatea modu osasuntsu eta askatzailean bizitzeko tresnak eskaintzea eta tratu onetan oinarritutako harremanak sustatzea ditu helburu nagusiak

Udalaren eskutik, sexu aholkularitza zerbitzua berriro eskaintzen hasiko da Beasainen. Berdintasun Sailaren bidez, sexu aholkularitza eta informazio zerbitzua berriz jarriko du martxan datorren irailaren 15ean, Lahia 3.0 Sexologia eta Hezkidetza elkartearen eskutik. Herritar guztiei zuzendutako zerbitzu publiko eta doakoa izango da, eta udal gobernuak berdintasunaren eta ongizate kolektiboaren alde duen konpromisoa argi islatzen du.

Zerbitzuaren helburu nagusia da sexualitatea, desira eta harremanak modu osasuntsuan eta askatasunean bizitzeko tresnak eskaintzea, eta tratu onetan oinarritutako harreman osasungarriak sustatzea. Zerbitzuak erabiltzaile bakoitzaren behar pertsonalei erantzungo die. Sexualitatearen inguruko tabu edo zalantza guztiak landu daitezke, hala nola, genero identitatea, sexu-orientazioa, plazera, desirak, sexu-indarkeriaren identifikazioa eta prebentzioa, sexuen arteko botere-harremanak.

Arreta herritar guztien eskura

Arreta bi esparruetan eskainiko da:

  • Udaletxean, irailaren 15etik aurrera, astelehenetan 16:30etik 19:30era, aurrez hitzordua hartuta (udaletxeko sarrerako gelan).
  • Ikastetxeetan, zehazteko dauden datetan, Loinazpe, Txindoki, Andramendi Ikastola, La Salle, Alkartasuna Lizeoa eta Murumendin.

Gainera, herritarrek aholkularitza jaso dezakete posta elektroniko bidez (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.) zein sare sozialen bidez (@lahia3.0). Udalak gogorarazi du anonimotasuna eta konfidentzialtasuna bermatuta daudela, konfiantza giroan eta epaiketarik gabeko arreta jasotzeko.

Balorazio positiboak eta etorkizuneko erronkak

Aurreko ikasturtean egindako lanaren balorazioa oso positiboa izan da. Lahia 3.0 Elkarteak azpimarratu du Beasaingo herritarrek aukera hau baliatuta sexualitatea modu irekiago eta askeagoan lantzeko urrats garrantzitsuak eman dituztela. Horregatik, Beasaingo Udalak erronka berretsi du eta zerbitzu hau mantentzeko eta sendotzeko konpromisoa hartu du.

Udal ordezkariek azpimarratu dute zerbitzu honek laguntzen duela ezagutza, prebentzioa eta askatasuna indartzen, bai norbanakoan zein komunitate osoan. Azken batean, sexu aholkularitza honek bizikidetza hobea, berdintasun handiagoa eta indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko bidea errazten du.

sexu aholkularitza2