Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Beasain parekide

Indarkeria matxistaren prebentziorako baliabideak Loinatz Jaietan

Aurtengo Loinatz Jaietan, Berdintasun Kontseiluak sustatuta eta pasa den urteetan egin moduan, indarkeria matxistaren prebentziorako puntu morea egongo da Loinatz Jaietan. Gainera, prebentziorako edo kasuen artatzea egiteko dauden baliabideak jasotzeko euskarriak osatu dira: kartela eta esku-orria. Horiek guztiak herriko erdiguneko tabernetan banatuko dira, eta puntu morean egongo dira eskuragarri.

Baliabide nagusia Puntu morea izango da, zeina honako egunetan egongo den: maiatzak 30, 31, eta ekainak 2, 6 eta 7, kartelean adierazitako ordutegian. Bertan egongo diren langileek formakuntza espezifikoa dute indarkeria matxistaren alorrean, ikuspuntu feministatik. Informazio gunea izango da, eta bertara jo daiteke baita ere eraso baten edo bestelako egoera baten berri emateko.  

Horren ondotik, espezializatutako bi baliabide publiko jaso dira kartelean: alde batetik, Hariberria, eta, bestetik, SATEVI. Biek ala biek telefono bidezko arreta eskaintzen dute, 24 orduz. Hariberria sexu-indarkeriari arreta integrala eskaintzeko zerbitzua da, 16 urtetik gorako emakumeentzat eta euren inguruarentzat. SATEVI, berriz, emakumeen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzua da. Herritar orok jo dezake zerbitzu horietara.

Horiez gain, larrialdi zerbitzuen (112) eta Udaltzaingoaren (092) telefonoak jaso dira euskarrietan, batez ere eraso larriren bat gertatu edo norbait bertaratzea beharko balitz.

Bestelako argibideak esku-orrian bertan jaso dira:

Garrantzitsua da eraso bat gertatzen bada, horri lehentasuna ematea: erasotuarengana hurbildu eta laguntzarik behar duen galdetu. Beti errespetatuko dugu bere hitza eta konfidentzialtasuna gorde. Kontatzen diguna ez dugu zalantzan jarriko, eta galdetuko diogu ea lagunekin edo beste norbaitekin dagoen; zentzu horretan, ez dugu bakarrik utziko eta laguntza iritsi arte berarekin geldituko gara.

Eta garrantzitsuena: erasoen aurrean, HARTU ARDURA ETA EZ IZAN KONPLIZE!

Beasaingo Berdintasun Kontseiluaren mezua

Eskuorria