Beasaingo Udalak Lau Katu Beasainekin lankidetza sendotu du animalien ongizatea eta indarreko araudia bermatzeko
Elkarteari lokal bat lagako dio Udalak kolonien kudeaketarako beharrezkoa den materiala gorde eta antzutu berri diren katuak bertan osatu daitezen
Udal programak bizikidetza sustatzen du eta katuen populazioaren kontrol arduratsua bultzatzen du HEI metodoaren bidez
Beasaingo Udalak Lau Katu Beasain elkartearekin duen lankidetza hitzarmena berritu du, katu-kolonien kudeaketarako udal programa garatzeko. Horrela, azken urteetan emaitza onak eman dituen elkarlan ildoari jarraipena ematen zaio lankidetza instituzionala animalien ongizatearen alde jarriz.
Hitzarmenaren berritze honek udalaren borondate argia islatzen du: politika publiko arduratsuetan sakontzea, indarreko araudira egokituta, bereziki animalien babeserako Euskal Legea betez, eta aldi berean animalien ongizatea zein herritarren bizikidetza bermatuz.
Programa egituratua eta araudira egokitua
Lau Katurekin elkarlanean garatutako udal programak katu-kolonien kontrol eta zaintzarako jarduera-esparru zehatza ezartzen du, irizpide tekniko eta juridikoak txertatuz.
Programa honen ardatz nagusietako bat HEI metodoaren aplikazioa da (Harrapaketa, Esterilizazioa eta Itzulera). Metodo honek aukera ematen du katuen populazioa modu etikoan eta progresiboan murrizteko, animalien osasuna hobetuz eta ugalketa kontrolik gabea saihestuz.
Lokalaren lagapena
Kolonien kudeaketarako programa modu eraginkorragoan aurrera eman dadin, 2026an Udalak lokal bat lagatuko dio Lau Katu Beasain elkarteari beharrezkoa den materiala gorde eta bertan antzutu berri diren katuak ebakuntzatik osatu daitezen bolondresen etxeetara eraman beharrik eduki gabe. Lokal hau Juan XXIII kalean aurkitzen da, 4-6 zenbakiko behe solairuan.
Antolaketa, kontrola eta herritarren parte-hartzea
Udalak katuen elikadura arautzen du baimen sistema baten bidez. Baimendutako pertsonek bakarrik eman ahal izango diete janaria, aurrez zehaztutako lekuetan, pentsu egokia erabiliz eta ingurunea garbi mantenduz. Neurri hau funtsezkoa da bizikidetza egokia bermatzeko.
Era berean, programak albaitaritza-arreta osoa jasotzen du: esterilizazioa, mikrotxip bidezko identifikazioa, txertaketa, desparasitazioa eta markaketa. Gainera, kasu bereziak ere lantzen dira, hala nola gaixo dauden katuak edo adoptatzeko modukoak direnak.
Sentsibilizazioa eta prebentzioa, funtsezko oinarriak
Zuzeneko esku-hartzeaz gain, Beasaingo Udalak herritarren sentsibilizazioa lehenesten du. Programak informazio eta heziketa ekintzak jasotzen ditu abandonua saihesteko eta animalien edukitze arduratsua sustatzeko.
Bereziki azpimarratzen da landa eremuetan katuen hazkuntza kontrolik gabea saihestearen garrantzia, araudiak debekatzen duen praktika baita eta kontrolik gabeko koloniak ugaritzea eragiten duena.
Bizikidetza eredua orekan
Ekimen honen bidez, Udalak berretsi egiten du pertsonen eta animalien arteko bizikidetza orekatuaren aldeko konpromisoa, ardura, plangintza eta tokiko elkarteekin lankidetza oinarri hartuta.
Programan parte hartu nahi dutenek edo kudeatu gabeko katu koloniak daudela jakinarazi nahi dutenek Udalarekin edo Lau Katu Beasain elkartearekin jar daitezke harremanetan.



