Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Beasaingo Mugikortasun Jasangarrirako plana EHUko Uda ikastaroetan eredu

2025/06/27

Bilbo, Gasteiz, Donostia, Madril eta Bartzelonakoarekin batera aurkeztua izan da MUBIL eta Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak antolaturiko jardunaldian

EHUren Uda ikastaroen baitan antolatu den Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planen ikastaroan tokia izan du Beasaingo Udalak aurrera daraman Mugikortasun Jasangarrirako Planak. Adur Ugartemendia Lurraldea saileko buru eta alkateordeak aurkeztu du gaur Donostiako Miramar jauregian burutu den ikastaroan. Beasainek udalerri gisa dituen berezitasunak eta erronkak azaldu ditu, hiru errealitatetan banatuta; hirigune ikuspegitik, metropoli ikuspegitik (Euskal Hiria deritzona) eta landa-eremu ikuspegitik. Ildo berean, mugikortasun jasangarria sustatzeko Udalak aurrera daramatzan neurriak eta ekimenak aurkeztu ditu.  

Beasaingoarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetakoez gain (Bilbo, Gasteiz, Donostia), Madril eta Bartzelonako Mugikortasun Planak xehetasunez azaldu dira. Ikastaroaren helburua, Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planen ezarpenari buruzko marko administratiboa aurkeztea eta ezagutaraztea izan da. Hiri bakoitzaren kasua aurkeztu eta adibide gisa hauen beharrak, erronkak, proposatutako irtenbideak eta lortutako emaitzak erakutsi dira, bide horretan behar diren irtenbide, teknologia eta zerbitzu berriak identifikatuz.

Aduruikmugikortasuna