Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Merkataritza eta ostalaritzarekiko konpromisoa berresten eskura dituzten laguntzei buruz informatuz

2025/05/16

Informazio eskuorri bat banatu du Udalak, merkatariek eta ostalariek eskura ditzaketen laguntzak azaltzeko

Laguntza jaso dezaketen ekintzen artean daude ekipamenduak berritzea, lokalak eraberritzea, edota teknologia digitalak txertatzea

Beasaingo Udalak informazio kanpaina berria jarri du abian, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreei zuzendua. Ekimen honen bidez, udal gobernuak tokiko ekonomiarekin duen konpromisoa berritzen du, sektorearen modernizazioa bultzatzea, lehiakortasuna hobetzea eta jarduera ekonomikoa indartzea helburu hartuta.

Aurreko urteetan garatutako politikekin bat eginez, Udalak informazio esku-orri bat prestatu du, merkatariek eta ostalariek eskura ditzaketen udal-laguntzak azaltzeko. Udalak ematen dituenez gain, Eusko Jaurlaritzak, Goieki eskualdeko agentziak, Foru Aldundiak, Lanbidek, Gizarte Segurantzak edo Merkataritzako Bulego Teknikoak eskaintzen dituen zerbitzuak eta dirulaguntzak zerrendatzen dira.

Udalak diruz lagun ditzakeen ekintzen artean daude ekipamenduak berritzea, lokalak erosteko edo alokatzeko laguntzak, edo teknologia digitalak txertatzea. Bestalde, udalaz gaindiko laguntza-ildoei dagokienez, establezimenduak modernizatzearekin, ekintzailetzarekin eta lehiakortasuna hobetzearekin lotutakoak daude.

Ekimen hau Beasaingo Merkataritza Suspertzeko Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da: “Merkataritza txikia eta ostalaritza funtsezko osagaiak dira herriko eguneroko bizitzan; enplegua sortzen dute, tokiko ekonomia biziberritzen dute eta kohesio soziala sendotzen laguntzen dute.” Hori dela eta, udalak sektoreari egokitzeko eta indartzeko beharrezko tresnak eskaintzen jarraitzen du.

Azken urteotan, Beasaingo Udalak hainbat ekimen bultzatu ditu sektorea babesteko: kontsumo bonuak, digitalizazioaren inguruko prestakuntza, azoka eta kanpaina komertzialak, eta tokiko produktuen sustapena. Orain abian jarritako informazio kanpaina, babes hori berresten duen ekimen bat gehiago da.

Informazioa ahalik eta herritar gehienengana helarazteko, udalak esku-orri bat banatu du udalerriko establezimendu guztietan. Esku-orri honek deialdiaren xehetasun guztiak jasotzen ditu eta informazio kanpaina zabalago baten parte da, herritarrei laguntzak ezagutarazteko eta merkataritza eta ostalaritzaren garrantzia balioan jartzeko helburuarekin.

Interesa dutenek informazio osoa esku-orrian aurki dezakete, edo udalaren herritarrentzako informazio eta arreta bulegoan, Igunean. Baita 943 028050 telefono zenbakira deituta.