Udalak, LGTBIQ+ fobiaren aurkako egunaren inguruan kolektibo honek oraindik jasaten duen diskriminazioa salatu eta antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak
Maiatzaren 17ko LGTBIQ fobiaren aurkako nazioarteko egunaren inguruan, Beasaingo Udalak egun honen esanahiari arreta ipini nahi izan dio. Ongizatea eremu eta kolektibo guztietara zabalduz, genero aniztasunaren egungo errealitateari erreparatzea ere badelako udal gobernuaren ardura. Hori horrela LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatzearen alde egiten du.
Osasunaren Mundu Erakundearen Batzar Orokorrak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuen 1990eko maiatzaren 17an. Hala, egun maiatzaren 17a, LGTBIQ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da aipatutako lorpenagatik. Helburu orokorra, pertsona LGTBIQ+ kolektiboak sufritzen duten diskriminazioa salatzea eta haren eskubideak aldarrikatzea da.
Aldarrikapen honekin bat eginez, Beasaingo Udalak bi ekintza berezi antolatu ditu aurten. Batetik, Igartzako burdinolan martxan dagoen KUIR erakusketa eta bestetik Zinegoak-ek antolatutako laburmetraien emanaldia.
KUIR erakusketarako bisita gidatua
Berdintasun Sailak antolatutako KUIR erakusketak, LGTBI+ errealitateari ikusgarritasuna ematea eta aniztasunarekiko errespetua sustatzea du helburu, artea eta memoria historikoa uztartuz.
Erakusketak artearen historiaren zeharreko ibilbide bat proposatzen du, sexualitatea eta identitate anitzak erdigunean jarriz. Horren bidez, bisitariek iraganetik gaur egunera arteko begirada bat jaso ahal izango dute, aniztasunaren aldeko ikuspegitik.
Sara Zozaya, Jon Sierra eta Liam Manley dira erakusketaren komisarioak. Artelanak, berriz, Teresa Castro, Rubén B. Caballero eta Xanti Garcia artistek sortu dituzte, euren begirada eta sentsibilitate propioa ekarrita. Erakusketa zabalik dago Igartzako burdinolan maiatzaren 25era arte. Hala ere bisita gidatua antolatu da maiatzaren 17an arratsaldeko 18:00etan. Interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute ondorengo estekan
Sexu aniztasunaren inguruko laburmetraiak
Bestetik, maiatzaren 20an Zinegoakek antolatutako laburmetraiak izango dira ikusgai Usurbe Antzokian arratsaldeko 18.30ean. Zinegoak 2004an sortu zen kulturaren, zinemaren eta arte eszenikoen bidez sexu aniztasunaren inguruan sentsibilizazioa lantzeko asmoz, eta 20 urteko ibilbidean zehar, Zinegoak erreferentzia bihurtu da LGTBIQ+ gaiko ekitaldi zinematografiko eta eszenikoen artean, eta edizio bakoitzean bere publikoa handitu da.
Beasaingo Udalak bi ekitaldi hauetara etortzeko gonbidapena luzatzen du.