Kontsumo egoerak ez ezik, jaietan ohikoak diren beste zenbait arloei buruzko gomendioak eman dizkiete ikasleei Beasaingo udaltzaingoak eta Ertzaintzak
Agente tutorearen figura balioan jarriz iazko memorian, egindako lana positiboki baloratu zuen ikasleen gehiengoak eta hobekuntzak proposatu zituzten
Herritarren eta bereziki gazteen ongizatea eta bizikidetza ona sustatzearen alde, Beasaingo udaltzaingoak agente tutorearen bidez eta Ertzaintzako agenteak DBHko 3. mailako ikasleei jaietan gerta litezken egoera ezberdinei buruzko gomendioak eta jarraibideak emango dituzte maiatzaren 14, 15 eta 16an. Hitzaldiak La Salle, Andramendi ikastola eta Txindoki institutuan izango dira jaien testuinguruan ohikoak diren egoera arriskutsuei buruzuko kontzientziatze lanarekin jarraituz. Helburua, egoera horietan nola jokatu azaltzea da, eta bide batez egoera hauen aurrean prebentzioa sustatzea.
Hitzaldien edukia
Alkohola eta drogen inguruko kontsumoa ez da lantzen den gai bakarra. Kontsumoak sortzen dituen egoera ezberdinak, kontsumo mota ezberdinak, edari energetikoak, nahasketak, graduazioak, eroslekuak, zigorrak, azalduko dituzte. Dokumentazioaren (NAN) kopia eramatearen garrantzia ere aipatuko da. Borrokak probokatuak izaten direla eta lapurretatik babesteko nola jokatu behar den ere beste gaietako bat izango da. Egun "arma txuriak" ohiko bihurtzen ari dira eta horretaz ere ohartarazi behar zaie gazteei. Sumisio kimikoa ere aztergai izaten da.
Adin hauetan, taldearen eta lagunen babesaren garrantzia azpimarratu behar zaie ikasleei, alegia elkar zaindu eta bakarrik inor ez uztea. Aurten ere udaltzaingoak “etxera itzulera zaintza” delakoa burutuko du. Etxera itzultzen diren gazteei eta batez ere emakumeei segurtasun gehiago eskainiz. Beste gaien artean, gazteek erabiltzen dituzten ibilgailuei buruz (MPI Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak), patinete elektrikoaren erabilera eta trafiko legearen berritzeak ibilgailu honen inguruan ekarri dituen betebeharrak azalduko dira. Gazteak ere ibilgailu hauen gidariak direla azalduko zaie, patinete elektrikoa iada trafiko zuzendaritzak ibilgailu bezala izendatu duelako.
Amaitzeko bizikidetzaz jardungo dira agenteak. Soinua edo musika zaratatsuari buruz, pixa edonon ez egitea eta sortzen duten zaborra behar den tokian jaso behar dela adieraziko zaie. Gizalegez eta jokabide zuzenak guztion mesedetan elkarbizitza ona eraikitzeko beharrezkoak direla. Halaber, puntu morearen kokapena eta ordutegiaren berri ere emango zaie.
Agente tutorearen lana
Beasaingo Udaltzaingoaren barruan 2023an sortu zen Agente Tutorearen figura. Gazteen segurtasuna, ongizatea eta hezkuntza sustatzeko lan egiten du, prebentzioan eta bitartekaritzan zentratuta. Helburu nagusia, gazteak arrisku sozialetatik babestea, heztea eta haien parte-hartzea sustatzea da, komunitateko bizikidetza ona bultzatuz.
Iaz, bere funtzio eta eginkizun nagusiak, honako hauek izan ziren:
Hezkuntza eta Prebentzio Ekintzei lotuta, hitzaldiak eta tailerrak eskaini zituen eskolatan, hala nola, ziberjazarpena, jazarpena (bullying), eta sare sozialen erabilera seguruari buruz (DBH 1-2). Jaien aurreko prebentzioari buruz, alkohola, drogen kontsumoa, sumisio kimikoa, eta legezko ondorioak (DBH 3). Bide-segurtasunaren inguruan, patinete elektrikoen eta bizikleten erabilera zuzena landu zuten (La Salle, Txindoki) eta dinamika interaktiboei dagokionez, "Elkar zaindu" jolasak edo "aulkien jokua" egin zituzten parte-hartzea sustatzeko.
Bitartekaritza eta ongizatearen arloan, eskola-liskarren kudeaketan ikasleen arteko gatazketan bitartekari lanak egitea azaldu zuten (adibidez, berdinen arteko liskarrak).
Adin txikikoen babesarekin lotura duten eginkizunak hauek izan ziren: kalean egindako kalteen kalte-ordainak edo droga-kontsumo kasuak Fiskaltzara edo Ongizate Zerbitzura bideratzea. Etxeko indarkeria kasuetan Foru Aldundiaren laguntza-sareekin koordinatzen da eta gazte eta familien artean gatazken konponbidean laguntzen du.
Komunitatearekin Elkarlanean, Ertzaintzarekin lankidetza estua du, jaien inguruko operatiboetan (adibidez, Lazkaoko eta Beasaingo ikastetxeetan prebentzio saioak). Gurasoen eta irakasleen sostengua ere badu, informazio-saioak eskaintzea gazteekin lotutako arriskuen berri emateko.
Formakuntza eta balorazio positiboa
Eginkizun guzti hauek berme osoz eraman ahal izateko, agenteak prestakuntza espezifikoa jaso du, hala nola, Nerabeak eta TRICS (Tecnologías de la Relación, la Información y la Comunicación) nerabeen portaerari buruzko ikastaroa, Tenerifen. Prebentzio tailerrak A.T. formazio aurreratua (Alcobendas). Agente Tutoreen Kongresuan ere parte hartu zuen Sevillan.
Ikasleen feedbacka aztertzean, 2024ko inkestetan %95ak hitzaldiak positiboki baloratu zituen. Halere, ikasle batzuk zenbait hobekuntza proposatu zituzten, dinamika gehiago gehitzea DBH2n eta DBH 1ean konkretuki, eta saioen iraupena luzeagoa izatea eskatu zuten.