Udalak eraginkortasun energetikoa, eta ondare historikoaren balioztatzea uztartu ditu Europar Batasunak Next Generation funtsen bidez finantzatutako inbertsio honetan
Diseinu eta konfigurazio aukeren bitartez, azpiegitura gai da ekitaldiaren araberako argiteri mota bat eskaintzeko, bertan antolatuko diren jarduerei moldatu eta balio erantsia emateko
Puntako LED teknologiari esker, argindar kontsumoa %40 gutxitu da eta ingurunearekiko argi-kutsadura murriztu, protagonismoa monumentu multzoko eraikin eta ibilbideei emanez
Beasaingo Udalak Igartza Monumentu Multzoko barruko zein kanpoko argiteria azpiegitura osoa berriztatu du. Udalerriko erreferente historiko eta kultural nagusiaren xarma nabarmentzeko eta azpiegitura energetiko gaurkotua lortzeko xedez egin du Udalak inbertsio hau. Eginiko lanei esker, azken belaunaldiko LED teknologia ezarri da jauregian, zubian, errotan nahiz inguruko eremuetan, eraikinen arkitektura errespetatuz eta herritar zein bisitariei gaueko esperientzia bisual eta seguruagoa eskainiz.
Ondarearen babesa eta jasangarritasuna, esku-hartzearen oinarri
Berritze honek erantzuna ematen dio orain arteko sistemaren zaharkitzeari eta horrek sortzen zituen mantentze-kostu nahiz kontsumo altuei. Proiektuaren bidez lau ardatz nagusi lotu ditu Udalak:
- Ondarearen balioztatzea: Argiaren intentsitatea eta kolore-tenperatura epelak berariaz aukeratu dira, Igartzako harrizko zein egurrezko egitura historikoak eta arkitektura-xehetasunak era orekatuan azpimarratzeko.
- Erabilpen aniztasuna eta praktikotasuna: Barne argiteriaren diseinu eta konfigurazio aukerei esker, jarduera desberdinek behar dituzten argiztapen beharrei erantzuteko gai da. Argiteri monumental batetik abiatuta, kontzertu, erakusketa, hitzaldi eta beste hainbat ekitaldiei erantzuteko gai delarik, momentuko beharren arabera.
- Eraginkortasun energetikoa eta aurrezpena: Teknologia berriarekin urteko argindar-kontsumoan %40eko aurrezpen garbia lortu da eta 28.765,70 kWh gutxiago kontsumituko dira urtean. Ondorioz, teknologia berriarekin 8,141 tona CO₂ gutxiago isuriko dira, Udalaren kudeaketa jasangarriaren eta trantsizio ekologikoaren bidean mugarri bat ezarriz.
- Ingurunearen zaintza: Kanpoko argiteria berriak argia behar den lekuetara soilik bideratzen du. Modu honetan, argi-kutsadura saihestu da eta Oria ibaiko ekosistema zein bertako fauna babestu dira.
Altzairu gortenezko farola berriak eta sentsore adimendunak
Kanpoko bideetako argiterian arreta berezia jarri da. Jarritako farola berriek altzairu gortenezko akabera dute, Igartzako historian hain garrantzitsua izan den burdinari eta erdoilari keinu eginez. Gainera, farolek presentzia-sentsore adimendunak dituzte: norbait hurbiltzen denean argi-maila automatikoki igotzen da, bidea eroso eta seguru argituz, eta norberarik ez dagoenean kontsumoa gutxituz.
Barrualdeko argiak ere berritu dira, eraikinen egurra eta harria babestuz. Argien jatorria ezkutatu egin da ikusleari eragozpenik ez sortzeko, eraikinei beren protagonismoa emanez. Horrez gain, sistema berriak argi-konfigurazio desberdinak ahalbidetzen ditu. Horrela, unean uneko beharren arabera molda daiteke argia; dela arte-erakusketa baterako, hitzaldi baterako, kontzertu baterako edo bilera baterako.
Kudeaketa arduratsua eta aukera berriak herritarrentzat
Inbertsio publiko honek Beasaingo erakargarritasun turistiko eta kulturala indartzen du. Argiteria berriak eta argiaren kalitate hobetuak bidea irekitzen diote eremua gehiago bizi eta gozatzeko aukera berriei; hala nola, gaueko bisita gidatuei eta udazken zein neguko arratsaldetan antolatuko diren kultur ekitaldiei. Igartza, historiaren lekuko izateaz gain, etorkizun jasangarri baten eredu ere bilakatu da Beasainen. Horrela, Igartzak bere ondare-balioa eta jasangarritasunarekiko konpromisoa berresten ditu.
Proiektu honek 555.550,76 euroko inbertsio osoa izan du. Lanak bideratu ahal izateko, Beasaingo Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bideari atxikitako Igartzako Monumentu Multzoa mantentzeko eta birgaitzeko. Proiektua Europar Batasunak finantzatu du osorik, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruko Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez.






