LAIA REKONDO APALATEGI
PERRETXIKO MAGIKOA ETA LAGUNTASUNAREN INDARRA
Ez zen eguna beste egunak bezala hasi Itsasorentzat, izan ere, haizeak barre egin zion kaletik korrika zihoala. Bere lagunak, Ilargi, Lorea eta Lea atzetik joan zitzaizkion, euren urratsak eta irribarreak airean zabalduz. Bat-batean, mamu bat agertu zen. Lorearengana joan, eskutik heldu eta kalean zehar eramaten hasi zen. Itsaso kezkatuta geratu zen eta mamuari aurre egiten saiatu zen.
–Utzi Lorea, askatu! –oihukatu zuen Itsasok.
–Ez horixe –erantzun zion mamuak, irrifartsu.
Itsaso, Ilargi eta Lea mamuaren atzetik korrika abiatu ziren, baina denbora batez jarraitu ondoren, ezin izan zuten laguna askatu. Mamuak baso beldurgarri batera eraman zuen Lorea, eta basoan zegoen etxe misteriotsu batean ezkutatu zuen.
Lagunek ez zekiten zer egin, hala ere, garbi zuten Lorea bilatu behar zutela.
–Baina non egongo da? –galdetu zuen Leak.
–Herri guztian begiratuko dugu –erantzun zion Ilargik.
–Bai, goazen! –esan zuten hirurok elkarrekin.
Herrian bueltaka zebiltzala, lurrean pista bat aurkitu zuten. Honela zioen:
“Kaixo, zuen laguna den Lorea harrapatu dut. Salbatu nahi baduzue, basoan dagoen perretxiko magiko bat aurkitu beharko duzue”.
–Goazen Ilargi! Goazen Lea! Lorea salbatu behar dugu! –esan zuen Itsaso ausartak.
Basora iritsi zirenean, izaki arraroak eta mamuak ikusten hasi ziren. Hirukotea beldurtuta zegoen, baina Itsasok lagunak lasaitzeko honakoa esan zuen:
–Goazen neskak! Perretxikuaren bila joan behar dugu.
Bat-batean mamuz inguratuta zeuden eta beldurtuta korrika hasi ziren. Orduan konturatu ziren haietako bat Lorea bahitu zuen mamua zela. Mamuak esan zien:
–Lorea basoan ezkutatuta dago!
Eta bat-batean ezkutatu egin ziren.
–Basoan? Askatu egin behar dugu, baina horretarako perretxiko magikoa aurkitu behar dugu –esan zuen Leak.
Ordu asko ibili ondoren, Ilargik zuhaitz baten ondoan zerbait ikusi zuen.
–Begira! Perretxiko bat dago!
–Geurea da–esan zuen Itsasok pozez. –Zer egingo dugu orain? Suntsitu?
–Ez. Agian mamuak osorik nahi du –erantzun zion Leak.
Bidean, Itsasok adar batekin estropesu egin eta perretxikoa lurrera erori zen. Perretxikoa, milaka zatitan apurtu zen.
–Ai ene, zer egingo dugu orain? –esan zuen Leak negarrez.
–Begira! Giltza bat dago barruan, etxe baten itxura dauka, eta mapa bat ere bai. Agian Lorea han egongo da –esan zuen Ilargik.
Mapa jarraituz, basoan galduta orduak pasa ondoren, etxe zahar eta misteriotsu bat aurkitu zuten armiarma sarez inguratua. Itsaso ausartak bidea ireki zuen eta hiru lagunak barrura sartu ziren. Gora eta behera ibili ondoren, soinu bat entzun zuten.
–Lorea, hemen zaude? –oihukatu zuten.
–Bai! Atera hemendik mesedez! –erantzun zuen Loreak.
Ahotsa kutxa handi baten barrutik zetorren.
–Lasai Lorea, hemen gaude. Giltza sartuko dut –esan zuen Itsasok.
Giltza sartu eta kutxa zabaldu zen. Pozik zeuden, baina bat-batean mamua agertu eta barre egin zuen:
–Azkenean!
Itsasok, ausart, gordeta zituen perretxiko magikoaren zatitxo batzuk atera eta etxean zehar jaurti zituen. Armiarma sareak urrezko hari bihurtu ziren, eta mamua estu lotuta geratu zen.
–Ezinezkoa! –oihukatu zuen. Eta haize bihurtuta desagertu zen.
Lau lagunek barre egin eta etxetik atera ziren. Basoa berriz leku lasaia bihurtu zen, eta perretxiko zatiak lore more txiki bilakatu ziren.
Esaten dute lore horiek egun honela xuxurlatzen dutela: “Lagunak elkarrekin badaude, ez dago beldurrik”.


