Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

JARE SALABERRIA ZURUTUZA

F Maila Prosa aipamen saria
Kaixo, laguna: Jare Salaberria nauzue, beasaindarra. 2016ko ekainaren 20an jaioa. Txiki-txikitatik Beasaingo Alkartasuna Lizeoan ikasten dut eta 4. mailan nago. Zaletasun ugari ditut: musika, dantza, kirola… ez naiz gelditzen baina etxean lasai nagoenean irakurtzeko edo idazteko tarteak aprobetxatzen ditut. Irakurri duzuena aurkeztu dudan bigarren ipuina izan da. Zuen gustukoa izatea espero dut.
JARE SALABERRIA ZURUTUZA

EGUZKI-LORE MOREA

Bazen behin Leire izeneko neskatila bat, Txindoki azpiko baserri handi batean bizi zena, animaliaz inguratuta. Lan asko egiten zuen. Behiak jetzi eta ardiei ilea mozteaz kokoteraino eginda zegoen. Iruditzen zitzaion bere bizi modua aldatu behar zuela.

Bazkal oste batean mendira joan eta lasai eseri zen belardi batean. Bapatean distira more bat ikusi zuen eta jakinmin handia sortu zitzaion. Beldur piska bat ere ematen zion, baina poliki-poliki gerturatzen joan zen eta iritsi zenean, eguzki-lore more eder bat ikusi zuen. Leireri asko gustatu zitzaionez etxera eraman nahi zuen. Hartzera makurtu zenean zerbait ikaragarria gertatu zitzaion. Eguzki-loreak hitz egiten zuen. Ama!, Leire guztiz harrituta zegoen, eta gauzak galdetzen hasi zitzaionean alde guztietara begira hasi zen, baina bakarrik zegoen. Beno bakarrik ez, eguzki-lorea zuen aurrean. Honela hasi zitzaion: “Zergatik iruditzen zaizu zure bizi modua aspergarria dela? Zuk zorte handia duzu, beste batzuk egun guztia telebistari begira pasatzen dute, eguna alferrik galtzen.” Pentsakor geratu zen, eta baserrira bueltatu beharrean herrira jaistea erabaki zuen.

Herrian dena oso atsegina eta zoragarria iruditzen zitzaion.  Dendak, parkeak, eraikuntzak... Han geratzeko irrika piztu zitzaion. Eguna pasa ala, Leire deseroso sentitzen hasi zen. Arratsaldea aurrera zihoan eta gaua han pasa beharko zuela pentsatzen hasi zen. Jada, ez zion etxera egunez iristeko denborarik ematen. Ez zeukan non lorik egin. Zorroan zeraman Eguzki-loreak zera esan zion: “Ikusten duzu? Kasu egin behar zenidan”, eta hauts hori bat zabaldu zen inguruan.  Leireren ondoan, kanpin- denda bat eta zaku bat agertu ziren orduan. Herriko plazan zegoen parkeko zelaira joan eta bertan montatu zuen. Denbora batera, eguzki-loreak berriro honela esan zion: ”Kontuz ibili, hona, herriko txakur guztiak etortzen dira eginbeharrak egitera. Leirek ez zion kasu zipitzik egin eta  lo hartu zuen. Halako batean, esnatu egin zen soinu arraroak entzuten zituelako eta pixa egiteko gogoa piztu zitzaionez, bazter batera joan zen, beno, zuhaitz baten ondora. Berriro soinu arraroak. Ikustera joan zen. Itzal batzuk ikusi zituen eta beldurtu egin zen. Bere dendara joan zen, baina oso ikaratuta zegoenez dendatik atera eta korrika hasi zen baserri aldera. Eguzki-lorearen ahotsa entzuten zuen atzean. Bere laguntza behar zuela konturatu zen eta bila bueltatu zen. Bi itzalak atzetik zituen baina Leire jada nekatuta zegoen eta logura handia zuen. Eguzki-lorea zorro barruan dirdiraka hasi zen honela esanez: “Badakit laguntza behar duzula, baina lehenengo tratu bat egin behar dugu.” Leirek onartu egin zuen.

“Azkar, gainean ditugu!” -eguzki-loreak berriro hauts horia bota eta baserrian agertu ziren. Ohean sartzeko esan zion, gurasoak izugarri poztuko zirela esnatutakoan eta. Kasu egin eta ohean sartu zen. Hurrengo egunean gosaltzera jaitsi zenean, gurasoak sekulako poza besarkada eman zioten. Leirek esan zien: “Ez dago baserrian bizitzea baino hobeagorik. Gauza bat erakutsi nahi dizuet”.  Zorrotik eguzki-lorea atera eta aurkeztu egin zien. “Eguzki-loreari esker iritsi nintzen gauean etxera”. Leireren gurasoek, eguzki-lorea eskuetan hartu eta honela esan zuten: “Eguzki-lore hau zaindu egin behar dugu, eguzki-loreak arriskuan daude eta baita baserritarrak ere. Elkar zaindu behar dugu”. Eguzki-lore morea eta Leire betirako adiskide egin ziren, eta aholkua behar zuen bakoitzean berarekin hitz egiten zuen.