Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

LEXURI BASTIDA AIESTARAN

E Maila Prosa aipamen saria
Ni Lexuri Bastida naiz. 2014ko otsailaren 14an jaio nintzen, eta Altzagan bizi naizen arren, Beasaingo Andramendi Ikastolan ikasten dut. 6.mailan nago eta 12 urte ditut. Marraztea, musika, saskibaloia, dantza, bertsolaritza... dira nire zaletasunak. Eskolaz kanpo saskibaloian, bertsolaritzan eta Zirkuolan ibiltzen naiz. Etorkizunean kazetaria izan nahi dut.
LEXURI BASTIDA AIESTARAN

KONDAIRETAKO MAGIA

Kaixo, ni Olaia naiz. Beasaingoa naiz eta 14 urte dauzkat. Ile beltz eta azal zuriko neska bat naiz. Askok oso hiztuna naizela esan ohi didate, ez naizela ur azpian ere isiltzen, gehienbat mitologiaz hitz egiten hasten naizenean. Egia esan, ikaragarri gustatzen zait mitologia mundua. Milioika liburu eta kondaira irakurri ditut honezkero: Lamienak, Jentilenak, Sorginenak… Eta eskerrak asko irakurri dudan! Izan ere, jakituria horrek guztiak asko lagundu dit. Begira zer gertatu zitzaidan duela aste batzuk:

 

Ostirala zen. Eguna normal hasi zen. Goiz hartan, Murumendira egin behar genuen txangorako motxila prestatzen ari nintzen. Hainbat gauza sartu nituen motxilan: ura, hamaiketakoa, jolas batzuk… eta, noski, argazki kamera, Murumendira joan behar baikinen, Mariren bizilekua zen lekura! Mari pertsonaia mitologikorik famatuena da. Sugar da bere senarra, eta bi seme ditu: Mikelats eta Atarrabi, “ongia eta gaizkia”. Beraiek ere, Mariren antzera, jainkoak dira. Horien bizilekua, ordea, ez daki inork.     

 

Motxila prest nuenean etxetik atera eta geltokirantz abiatu nintzen, han gelditu baikinen denok elkarrekin Murumendira joateko. Iritsi nintzenean, han zeuden nire lagun gehienak nire zain. Minutu batzuez geratu ginen falta zirenei itxaroten, eta heldu  zirenean, bikoteka jarri eta Murumendirantz abiatu ginen. Bidaia osoa hitz eta pitz aritu ginen, nahiz eta bakarrizketa zirudien nire solasak. Izan ere, nik lagunei Mariri buruz kondairak kontatzen nizkien bitartean, beraiek beste gauza batzuez hitz egiten zuten, eta ez zidaten kasurik egiten. Beraien ustez Mitologia eta kondairak ipuin txatxu batzuk besterik ez ziren. Baina nik banekien benetakoak zirela eta Mari  benetakoa zela.  

 

Konturatzerako Murumendira iritsi ginen. Hamaiketakoa jan eta kobazuloa barrutik ikustera joatea erabaki genuen. Benetan harrigarria zen! Sekulako sentsazioa ematen zuen sartzerakoan. Kobazuloaren ingurua zuzi argi batzuek apaintzen zuten, eta lur osoa hareaz eta arrokez beteta zegoen. Nire lagunak ez bezala, oso ilusionatuta nengoen, ikusgarria zen begien aurrean genuena! Denbora dezente pasatu genuen kobazuloko barnealdea ikusten, asko gozatzen ari nintzen, baina konturatzerako, joateko ordua iritsi zen. Denok ilaran jarri ginen eta irakasleak denok geundela ziurtatu zuenean, Beasainerako bidea hartu genuen. Orduantxe konturatu nintzen jertsea ahaztu nuela kobazuloan. Irakasleari esan eta korrika batean jertsearen bila itzuli nintzen. Bertara sartu eta jertsearen bila hasi nintzen. Alde guztietan begiratu nuen arren, ez nuen aurkitzerik izan. 

Besteengana bueltatzeko zorian nengoenean, ordea, izkin batean zerbaitek diz-diz egiten zuela iruditu zitzaidan. Gerturatu nintzenean, liburuxka txiki bat ikusi nuen; eta ondoan, nire jertsea. Bazirudien norbaitek, edo zerbaitek, agian, liburuxka hori nik aurkitzea nahi zuela. Auskalo. Baina ez neukan ikertzeko denborarik, irakasleak eta lagunak deika nituen eta. Jakinminari ezin eutsita, liburua motxilan gordetzea erabaki nuen. 

 

Bueltako bidea luzeagoa egin zitzaidan, bide osoan hitz egiten eta jolasten aritu ginen arren, ezin izan bainuen liburuxkaren kontua burutik kendu. Zer egongo ote zen idatzita? Norena izango ote zen? Zergatik zegoen kobazuloan? Nire pentsamenduetan murgilduta nengoela, Beasaina iritsi ginela konturatu nintzen. Geltokira iritsi eta berehala etxerako bidea hartu nuen, liburuxkaren sekretu guztiak jakiteko irrikitan. Etxera heldu nintzenean, dutxa bat hartu, eta nire gelara joan nintzen, aurkitu nuen altxorra aldean nuela, noski. Liburua mahai gainean jarri eta azala aztertzen hasi nintzen. Liburuak berak gris dizdiratsu baten antzeko kolorea zuen, nahiz eta ingurua urrezko bordatu batez apainduta zeukan. Marrazki bitxi batzuk ere ageri ziren. Ez nuen haien esanahia ulertzea lortu, baina benetan zirraragarria iruditu zitzaidan. Orduan liburuxka ireki eta lehenengo orrialdeak irakurtzen hasi nintzen. Ez duzue sinetsiko zer aurkitu nuen barruan… 




Aspaldi honetan giroa arraro sumatu dut, ez dakit zehazki zergatik, baina ama urduri dagoela dirudi. Anaia, aldiz, harritzen ez nauen arren, beti bezain lasai dago, ezer gertatuko ez balitz bezala. Baina ez da lasai egoteko unea. Izan ere, Etsairengana joateko zorian gaude. Etsai munduko deabrurik ahaltsuena da, eta gu haren ikasleak izateko puntuan gaude. Harekin trikimailu eta teknika desberdin ugari ikasiko ditugu. Baina zeren truk? Hori galdetzen diot neure buruari aspaldi honetan, baina ez dut erantzunik topatzen. Beste izaki batzuen aditzera, kobazulora sartu den inor ez da muxutruk ateratzen. 



Ezin nuen sinestu irakurritakoa! Nork pentsatuko zuen kobazulo hartan horrelako liburuxka bat aurkituko nuela? Momentu batez liburua norena zen galdetu nion neure buruari. Baina segituan konturatu nintzen liburua Atarrabirena zela, Mari jainkosaren semearena. Batez ere azalaren izkina batean haren izena ageri zelako. 

 

Atarrabik kontatzen zuena ikaragarria zen. Gainera Etsai aipatzen zuen, munduko deabrurik ahaltsuena! Gehiago jakiteko gogoz, irakurtzen jarraitu nuen: 

 

3 urte daramatzagu hemen. 

 

Gogoan dut kobazulora iristea lortu genuenean ez zela ageri ez Etsairen, ezta bizilekua norena izango zen adierazten zuen inongo arrastorik. Bat-batean izaki sendo baten itzala agertu zen gure aurrean, poliki eta lasai sartu zen. Batez ere haren tamainak harritu ninduen, ikaragarri handia zen. Argi zegoen etsai zela itzal haren jabea. 

 

Urte hauetan haren ikasleak izan gara, nahiz eta oso gogorra izan den eta esfortzu handia eskaini diogun, hainbat teknika eta estrategia ezberdin ikasi ditugu harekin, eta egoera zail bati aurre egiteko jakin behar dena ere bai. Beraz, hemendik ateratzeko prest gaude.

 

Etsaik, baina, halaxe esan digu:

 

-Joateko ordua iritsi zaizue. Baina baldintza batekin. Biotako bat nirekin geratu beharko da, betirako! 

Zorteak Mikelats hautatu duen arren, haren ordez neu geratzea erabaki dut, eta halaxe egin dugu. Egun mordoa pasatu ditut Etsairi nola izkin egin pentsatzen, ideia batek nire burua argitu duen arte. Bere eguneroko lokuluxka egiten ari denean, orduantxe aprobetxatuko dut Etsaik soinean daraman giltza lapurtuz ihes egiteko. Aurreikusi bezala, Etsaik lo hartu, eta giltza lapurtu diot Murumendira ihes egiteko… 



Nahiz eta hamar bider irakurri ezin nuen sinetsi! Liburuan Atarrabik Etsairengandik nola ihes egin zuen ageri zen. Kondaira askotan ageri da ihes egin zuela, baina inon ez nola. Zirraragarria izateaz gain, baliotsua ere bada informazio hori. 

 

Gustatuko zitzaidan arren, ezin nuen liburuxka hura niretzat gorde. Beraz, Murumendira itzultzea erabaki nuen Mariri eramateko. Baina nola lortuko nuen berarekin elkartzea? Hori zen benetako galdera. Orduan Mariri buruzko aspaldi irakurri nuen liburu baten bukaeraz gogoratu nintzen: 

 

“Irrintzi egin eta ikusiko duzue elkar Murumendin”. 

 

Esaldi hori gogoan nuela Murumendirantz abiatu nintzen zalantzati. Izan ere, zer lotsa mendi erdian irrintzia egiten hastea! Gainera, ni ez naiz oso trebea… Baina, bestalde, proba egiteagatik ez nuen ezer galtzen. Murumendira iritsi nintzenean, liburuxka aurkitu nuen kobazulo parean jarri, arnasa sakon hartu eta nire bizitzako irrintzia bota nuen. Ingurura begiratu nuenean, ordea, ez zen inor ageri. Berriro probatu nuen ea zorterik nuen, baina alferrik. Etsita eta herrirantz abiatzeko zorian nengoenean, ahots lasai eta sendo bat entzun nuen nire atzean:

 

-Entzun dut niretzako zerbait duzula. Ezta ala?

 

Buelta erdia eman nuenean hitzik esan gabe geratu nintzen, Atarrabi zen! Mariren semea. Egia esan Mari bera agertzea espero nuen, bera baita Murumendiko jainkosa, baina ez nuen desengainurik hartu. Atarrabi ikusi bezain laster, liburuxka berari eman nion. Baina oraindik galdera bat nerabilen buruan. Zergatik aurkitu nuen nik liburuxka? Atarrabiri galdetu eta halaxe erantzun zidan:

 

-Beti sinestu izan duzulako mitologian eta pertsonaia mitologikoetan. Batez ere etengabe transmititu dituzulako aintzinako istorio eta kondaira zaharrak. Zuri esker jarraitzen dugu bizirik jendeen aho eta bihotzetan. Horregatik aurkitu duzu zeuk liburuxka, benetan eta bihotz-bihotzez gugan sinisten jarraitzen duzulako. 

 

Hitz horiek indarra eman zidaten transmititzen jarraitzeko. Egia da inork kasurik egiten ez dizunean zaila dela istorioak eta kondairak kontatzen jarraitzea, baina egun hartan ondo ikasi nuen istorioak transmititzeak eta kondaira zaharrak kontatzen jarraitzeak zer nolako garrantzia duen. 

 

Beraz...

 

Gezurra ala egia, ez dadila eten kondairetako magia.