LOHITZUNE IGLESIAS ANUNZIBAI
ELUR MALUTAK EZ DIRA BETIRAKO DESAGERTZEN
Aurtengo gabonak ezberdinak izan dira Maialenentzat. Ezberdinak, amona ez delako
beraiekin egon, mingarriak betirako joan delako. Eta hori benetan gogorra da. Baina
modu berean, gabon hauek ere ekarri diote sorpresa polit bat Maialeni. Eta sorpresa
honekin, urtarrilaren 5ean, azken bi hilabeteetan baina gertuago sentitu du amona.
Goiz hartan, Maialen lo zegoela, aita goxo-goxo gerturatu eta hauxe esan zion
esnatzen zuen bitartean:
- Elurra egin du Maialen! Jaiki ikustera.
Ziztu bizian jauzi egin zuen Maialenek ohetik. Esan genezake ilusio eta poz handia
sentitu zituela eta gosaldu ere egin gabe, jantzi eta kalera joan zela.
Ordu bete pasa ondoren, Maialen etxera bueltatu zen busti-bustita, lagunekin ederki
ibili zela esanez eta asteburuan mendira joan nahi zuela esanez, lerarekin maldan
behera ibiltzeko.
Arropak erantzi, etxeko arropak jantzi eta gosaria mahai gainean prest zeukala esan
zion amak. Eta bapo jan ondoren, goxo-goxo dutxa epela hartu zuen. Goiz osoan
zehar ez zuen elur gehiago egin, baina, hala ere, oso pozik sentitzen zen, ez baitzuen
horrelakorik espero.
Arratsalde hartan, etxean geratu ziren lasai-lasai eta halako batean, berriz ere elur
malutak goitik behera erortzen hasi ziren. Maialen eta bere ama egongelako leihotik
begira eta begira zeudela, amak esan zuen:
- A ze oparia bidali digun gaur amonak.
- Ama, amonari asko gustatzen zitzaion elurra, ezta? - galdetu zion orduan
Maialenek.
- Bai asko, negua bere osotasunean gustuko zuen. - erantzun zion amak.
- Ama, noizbait kontatu al zizun amonak elur maluten istorioa?
Amak orduan irribarre egin zuen eta Maialen berehala konturatu zen istorioa ondo
ezagutzen zuela amak ere.
- Noiz kontatzen zizun ama? - jakin nahi izan zuen Maialenek.
Eta horrela hasi zen Maialenen ama, arratsalde hotz hartan, elur maluten istorioa
Maialeni kontatzen:
11 urte inguru izango nituen izeba gaixorik zegoela jakin genuenean. Geroztik, gaua
iristen zen bakoitzean, beldurra etortzen zen nire logelara eta gauero egoera berdina
errepikatzen zen eta buruan bueltaka galdera berdina:
- Izeba gaixorik dago eta agian betiko joango da.
Bobyrekin, nire panpin kuttunarekin, lasaitzen saiatzen nintzen. Boby nirekin etortzen
zen gauero lotara, ez zen egia esan horrelakoetan konpainia hoberena, baina tira!
- Baina ama, ez al zizun lotsa ematen 11 urterekin panpin batekin lo egitea? -
galdetu zion Maialenek harrituta.
Amak ez zion galdera horri jaramonik egin eta istorioa kontatzen jarraitu zuen.
Kontua da Bobyk ez zidala erantzuten, agian gaueko ordu horietan lo seko gelditzen
zelako argia itzaltzen nuen une berean.
Eta alde batera eta beste aldera lo hartu ezinik:
- Ama! - deitzen nion argitxo txikia pizten nuen bitartean.
- Zer duzu? - galdetzen zidan amak nire ondoan esertzen zen bitartean.
- Ama, beldur naiz. Izeba betiko joaten bada?
Nik uste dut amak ez zekiela zer gehiago esan, edo nola kontsolatu, baina egun
horretan kontatu zidan istorioa benetan lasaigarria iruditu zitzaidan.
- Irrikaz nago ama zuri entzuteko - esan zion Maialenek orduan.
Elur maluta bat bazetorren zerutik behera, hasieran pozez kantuan, bere inguruko elur
malutekin batera. Hotza egiten zuen hor goian eta dena zuri-zuri zegoen inguruan.
Baina, elur maluta beherago iristen ari zela, konturatu zen lurrera eroritako elur
malutak, desagertu egiten zirela betirako. Hori ikusirik, besoak astintzen hasi zen, elur
malutak gorantz eramateko asmoz. Eta astindu eta astindu arren, ez zuen lortzen
malutak gora eramatea. Besoak nekatzen zitzaizkion.
Eta, halako batean, beste elur maluta bat oihuka hasi zitzaion galdezka:
- Baina, zertan ari zara?
- Jo, ba beldur naiz! Lurrean elur malutak betirako desagertzen dira. Eta ez dut
lurrera iritsi nahi.
- Benetan hori horrela dela uste al duzu? Eta isilune baten ostean jarraitu zuen.
- Elur malutak ez gara desagertzen, formaz aldatzen gara bakarrik.
- Benetan?
- Lurrera iristen garenean, ur bilakatzen gara eta modu batera edo bestera
errekara iristen gara. Ondoren, errekatik itsasora iristen gara, baina iritsi
bitartean ederki pasatzen dugu igerian. Batez ere eguzkia dagoenean.
- Hara! Ez didate inoiz horrelakorik kontatu.
- Bai, eta behin itsasora iristen garenean, itsasoa bare badago, erabat lasaitzen
gara eta bertako arrainekin jolasean ibiltzen gara. Baina, aldiz, itsaso zakarra
dagoenean surf pixka bat ere egiten dugu.
- Benetan? Ze dibertigarria! Eta itsasotik? Nora joaten gara?
- Lurrunaren bitartez, berriro ere hodeietara. Bertan, badakizu! salto eta brinko
ibiltzen gara.
- Baina ze dibertigarria dirudien kontatzen ari zaren guztiak!
- Ba tira! Orduan, zeren beldur zara? Orain hegan zaude eta laster ur bilakatuko
zara. Ez zara betirako desagertuko, formaz aldatuko zara.
Maialenek bazekien zein zen istorio horrekin amonak erakutsi nahi ziona, eta egun
horretan, ez lehen bezala, baina modu batera edo bestera amonaren presentzia oso
gertu sentitu zuen.


