LEIRE PÉREZ PELÁEZ
GIZONA ETA AMETSAK
Bazen behin, gizon bat herri txiki batean bizi zena. Gizona triste zegoen, ametsik ez zeukalako. Egunero, leihotik ikusten zituen herriko umeak jolasten poz-pozik eta pentsatzen zuen, haien poza ametsak edukitzeagatik etortzen zela.
Egun batean, ideia bat eduki zuen: bere herriko umeei ametsak lapurtuko zizkion eta horrela bera pozik biziko zen. Lehenengo, neska batekin hasi zen. Gau batean, gizonak kapa beltz bat jantzita poltsa bat hartu zuen eta iluntasuna aprobetxatuz, neskaren etxean sartu zen soinurik egin gabe. Neska lo zegoen eta gizona neskaren buru gainean hodei antzeko zerbait ikusten zuen. Bertan, neskaren irudi bat jolasten ikusten zuen. Gizonak, bere eskua luzatuz, hodeia harrapatu zuen eta poltsan sartu zuen. Handik atera eta hurrengo etxera joan zen.
Bigarren etxea, mutil batena zen. Bertan sartzeko teilatuko tximinia aprobetxatu zuen. Tximinitik behera jaitsi zen Olentzero izango balitz bezala eta mutilaren logelara sartu zen. Mutilak bere buruaren gainean neskak zuen bezalako hodei bat zeukan eta bertan bere burua futbolean jolasten ikusten zen. Lehenago egin zuen bezala, hodeia poltsara sartu eta tximinitik gora etxetik atera zen.
Horrela etxez-etxe gau guztia pasatu zuen eta herriko neska-mutil guztien ametsak lapurtu zituen. Gizon eta emakumeen ametsak ez zituen lapurtu, umeen ametsak alaiagoak zirela pentsatzen zuelako. Poltsa beteta zuela bere etxera bueltatu zen oso pozik. Hurrengo gauean ametsak edukiko zituela pentsatzen zuelako.
Eguna iritsi zenean, leihotik begiratu zuen eta herriko umeak ikusi zituen bere etxeetatik irtetzen. Denak triste ziruditen eta egia zen. Umeak triste zeuden, gau horretan ametsik ez zutelako eduki.
Eskolako irakasleek ez zuten ulertzen zergatik zeuden umeak hain triste, beraiek gau hartan amets normalak eduki zituzten eta. Badaezpada, umeei eskatu zieten hurrengo gauean denak bere gurasoekin lo egiteko. Beharbada, horrela umeei ametsak berriro bueltatuko zitzaizkien.
Horrela, egin zuten. Gau hartan, ume guztiak bere gurasoen ohean sartu ziren lo egiteko. Gizona ere, bere etxean zegoen gaua iristeko desioan. Gau hartan, amets egingo zuela pentsatzen zuelako eta bere poza bueltatuko zelako. Gutxi afaldu zuen, hobeto lo egiteko. Hortzak ondo garbitu zituen eta pijamarik beroena jantzi zuen gaua hotza zegoelako.
Ametsez betetako poltsa ohearen alde batean jarri zuen eta lotzen zuen soka askatu zuen. Hodei ametsak poltsatik ateratzen hasi ziren eta ohearen inguruan flotatzen geratu ziren. Batzuk sabaiaren kontra igo ziren eta beste batzuk lurrean gelditu ziren. Gizonak espero zuen lo egiterakoan bere buruan sartuko zirela eta amets haiek berarenak bihurtuko zirela.
Baina, inork ez zuen lortu espero zuena. Gizonak berriro ametsik gabe pasatu zuen gaua eta herriko umeak ere ez zuten ametsik egin, bere gurasoen ohean lo egin arren. Inork ez zuen ametsik egin. Gizona, goizean berriro leihotik begiratzen pasatu zuen denbora eta umeen tristura ikusten zuen eskolara joaterakoan. Horrek, gainera, gizonaren tristura hantzien zuen. Horregatik ametsak bueltatzea erabaki zuen.
Gau hartan, berriro etxez-etxe joan zen ume bakoitzaren buruaren gainean bere ametsak uzten. Jolasten zuen neska eta futbolean aritzen zen mutila, bakoitzak bere ametsa bueltan zeuzkaten. Gau guztia pasatu zuen herritik bueltaka poltsa hustu arte eta bere etxera bueltatu zen. Gauean, gizona ohera sartu zen zer eginik ez zegoela pentsatuz eta hurrengo egunean berriro leihotik begiratzerakoan, umeak alai zeudela konturatu zen.
Gizonak eguna pasatu zuen pentsatzen gutxienez umeek alaitasuna berreskuratu zutela eta horrela behintzat lasai gelditu zen. Gau hartan lasaitasun horrekin joan zen ohera eta umeen alaitasuna herrian zehar banatu zenez, gizonari zerbait iritsi zitzaion. Alaitasuna gizonaren lasaitasunarekin nahastu zen eta bere buruan lehengo ametsa agertu zen. Amets horretan umeak jolasten eta barrezka zeuden.
Handik aurrera, gizonak gauero ume alaiekin amets egin zuen eta herri guztian alaitasuna betirako gelditu zen.


