AIORA HERNANDEZ ORTHOUS
OLIBONDOKO GUTUNAK
OLIBONDOKO GUTUNAK
Zeru gorriarekin batera iritsi ginen. Ane loak harturik nire gainean etzan zen. Urrunera ekilorez beteriko belardi zabal eta lehorrak besterik ez ziren ikusten eta albo batean, amak hainbeste maite zuen herri txiki hura. Aitak autoa etxeko ate nagusiaren aurrean utzi zuen eta isiltasuna egin zen.
Ez ditut ahaztuko amaren negar malkoak.
Etxera sartu aurretik, amak hasperen egin zuen atea zabalduz.
Familia argazki handi batek eman zigun ongi etorria.
Sarreratik ikusten ziren amona Juanaren lore eta olibondoa, patioa nagusituz. Amonak egunero ureztatzen zituen landareak maitasunez, etxeko gauzarik kuttunena izanik.
Ama olibondoaren azpian negarrez hasi zen bere oroitzapenak gogoratzen. Ane amarengana hurbildu zen, malkoak lehortuz eta besarkada handi bat emanez.
Amonaren etxea zaharra eta urte asko zituen, milaka istorio, anekdota eta bitxikeriaz betetako etxebizitza zen. Udako gau luzeetan bizilagunak eta auzokoak bertan elkartzen ziren istorioak kontatzera. Harrizko pareta horiek bizipen zoriontsuak eta tristuraz beteak gordetzen zituzten. Egurrezko eskailerak igotzean herriko etxeetako teilatuak ikusten ziren leiho handi batetik.
Eguzkia ateratzen hasi zen. Denon artean etxea txukuntzen hasi ginen: Gurasoak logelak garbitzen eta txukunak jartzen gauerako, Ane amonak zituen panpinekin jolasten hasi zen, ni amonaren loreak ureztatzera joan nintzen amonarekin egiten nuen bezala, momentu onak eta barregarriak gogoratzen. Amonak landare asko eta ederrak zituen: liliak, bitxiloreak, geranioak, arrosak⦠Beti maitasunez eta edertasunez zaintzen zituen.
Herriko jende guztia ogiaren bila joaten zen plazara goizeko hamaiketan. Gurasoak eta Ane ogiaren bila joan ziren bitartean, egurrezko eskailerak igo eta amona eta aitonaren logelara sartu nintzen bera gertu sentitu nahian.
Logelara sartzean bere lurrunaren usaina nabari zen airean, usain gozo eta eztitsua. Amona Juana ikusten nuen leiho ondoko aulkian eserita. Komodaren gainean bere bitxiak zeuden, bordatutako zapiak, aitona Joxerekin ateratako argazki txuri-beltza eta ezkutuan banatzen zituen mentazko goxokiak.
Komodako lehenengo kajoia irekitzean, egurrezko kaxa bat aurkitu nuen.
Tapa altxatu eta kuriotsitateak jota eskua sartu nuen, urteetan horitutako eskutitz bilduma bat ikusi nuen, lazo gorri batekin lotuta. Amonaren kulunkarian eseri nintzen, udako haize leunak aurpegian jotzen zidan bitartean.
Juana maitea:
Bidaia luzea izaten ari da, bakarrik sentitzen naiz tren hotz honetan, faltan botatzen zaitut. Nahiago nuke olibondoaren azpian elkarrekin egotea, baina etorkizun bat eraikitzeko beharragatik nago zugandik urrun.
Zure lorategian ureztatzen ikusten zaitut nire ametsetan.
Zure besarkada bat beharko nuke bakardade honetan.
Laster arte.
Joxe, 1961
Gutuna irakurri eta gero pentsakor gelditu nintzen.
Bat batean ama agertu zen logelako atean.
- Eider zertan ari zara amonaren gauzak ikutzen!? - Galdetu zidan amak.
- Amonaren komodan gutun batzuk aurkitu ditut.
- Ama, zuk ba al dakizu aitona-amonak zergatik banandu ziren?- Galdetu nion intrigaz.
- Bai, noski!! - Esan zidan gogo biziz.
- Kontatuko didazu mesedez?- Pozik galdetu nion.
Ama ohearen ertzean eseri zen niri begira, adi-adi egon nintzen maitasun istorioa entzuteko prest. Hitz goxoekin kontatu zidan, gazteetan banandu zirela lanarengatik, aitona Joxek herria utzi zuen aukera berriak lortzeko. Elkarri idazten aritu ziren denboraldi batean eta amona Juana prest zegoenean berarekin joan zen.
Amak kopetan muxu bat eman zidan maitasunez,
- Eider, irakurtzen jarrai dezakezu baina kontuan hartu behar duzu aitona-amonen amodiozko gutunak direla eta urte asko dituztela.- Gogoratu zidan amak.
- Ama, lasai ondo zainduko ditut, olibondo azpira noa!-
Irrikaz alde egin nuen.
Olibondo azpian eseri nintzen, aspaldian ez nituela amonaren loreak gertutik usaintzen.
Juana maitea:
Zu gabe egun gogorrak izaten ari dira, harrizko etxe batean bizi naiz lau gizonekin batera. Lantegian beti zugan pentsatzen ari naiz.
Faltan botatzen zaitut. Zure lore koloretsuak, lurrunaren usaina eta zure janari goxoak dastatzea faltan botatzen ditut.
Laster arte, maite zaitut.
Joxe, 1961
Gutuna berriz kaxan sartu nuen. Lehen uda zen amona gabe herrira joan ginela, urtea gogorra izan zen, zaila izan zen amona Juanari agur esatea. Arraroa zen amonaren toki kuttuneetan, amona ez egotea, bere hutsunea nabari zen.
Tristura ahazteko herriko txoko desberdinetara joatea erabaki nuen.
Kale estuetatik plazara iritsi nintzen, hortik iturrira ur freskoa hartu eta aitona Joxek zuen baratzeraino abiatu nintzen.
Bidean zegoen eserleku batean eseri nintzen, gutun bat atera eta irakurtzen hasi nintzen.
Juana maitea:
Ze poztasuna zu segituan ikusiko zaitudalako. Itxaropentsu nago, ezagutu ditudan leku desberdinak zuri erakusteko.
Trenetik jaisten zarenean maitasunez betetako besarkada bat emango dizut. Elkarrekin etorkizuna idazten jarraituko dugu.
Gutun honekin batera doan egurrezko kaxa bihotzez bidali dizut, barruan dauden bonboiak zure gustokoak izatea espero dut, lotzen duen lazo gorria zure patioko geranioak gogorarazi dit.
Egunak kontatzen egongo naiz zu etorri arte.
Betiko elkarrekin.
Joxe, 1962
Nire alboan nuen egurrezko kaxa laztandu, zinta gorriarekin lotutako gutunak eskuetan hartu eta bihotzera gerturatu nituen.
Hotzikara batek zirrara egin zidan gorputzean, aitona Joxe eta amona Juana ondoan nituela sentiaraziz.
Ilunabarra iritsi artean geratu nintzen pentsakor. Betirako batera daudela imajinatuz.
Tutu


