Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

NIKOLAS DOS ANJOS ESNAOLA

E Maila Prosa 2. saria
Kaixo, ni Nicolas naiz, 11 urteko beasaindarra. La Sallen ikasten dut eta nire zaletasun nagusiak futbolean jolastea eta margotzea dira. Bideo jokuetan jolastea ere asko gustatzen zait baina gehiago lagunekin egotea. Ez nuen espero sari hau jasotzea, poz haundia eman dit.
NIKOLAS DOS ANJOS ESNAOLA

HARRI ORRI HAR ESKOLAN

Bazen behin eskolara joan nahi ez zuen guraize txiki bat. Ez zeukan lagunik, orduak eta orduak pasatzen zituen bere logelan eskulan desberdinak egiten, ikaragarri gustatzen zitzaion. Baina eskolara joateko garaia iristen zenean izugarrizko tristura sentitzen zuen, asko kostatzen zitzaion etxetik irtetzea eta eskolarako bidea hartzea. Eskolan oso gaizki pasatzen zuen, bakarrik sentitzen zen, lagunik gabe.  Egunero eskolara ez zuela joan nahi esaten zion amari, etxean gelditu nahi zuela. Baina amak, bere eguneroko erreguari eskolara joan behar zuela esanez erantzuten zion. Etsi-etsi eginda, egunero, burumakur joaten zen guraize txikia eskolara, oraindik eta txikiagoa zirudien.

Goiz batean, beti bezala, etxetik ateratzeko inongo gogorik gabe, eskolarako bidea hartu zuen. Aldapa jaitsi, eskubiko kalera biratu, zebrabidetik beste espaloira gurutzatu eta aldapa igotzen hasi zenean, bapatean, harri talde bat bere atzean jarri zen. Bultzaka eta irainka hasi ziren, guraizea beldurtuta korrika batean alde egiten saiatu zen baina harrien taldeak ez zuen bakean utzi, bere atzetik joan ziren. Eskolako sarrerara iritsi zirenean paper bat gerturatu zen, guraizea bakean uzteko bestela arazoak edukiko zituztela oihukatuz. Eskolako txirrinak jo zuenean harriek ziztu bizian alde egin zuten. Guraizeak, mila aldiz eskerrak eman zizkion paperari eta une hartatik aurrera lagunminak egin ziren.

Papera eta guraizea, egunero, zebrabidean geratzen ziren elkarrekin eskolara joateko, baina gela berdinean ez zeudenez jolas orduan bata bestearen zain egoten ziren atarian biak batera jolasteko. Egun batean,  atari ordua iritsi zenean guraizea papera itxaroten egon zen, beti bezala, baina bost minutu pasa ziren eta papera ez zen agertu, oso arraroa zen. Urduritzen hasi zen eta zerbait gaizki zegoenaren susmoa gero eta handiagoa zen. Bere ikasgelara joan zen ea han zegoen baina ez zegoen inor,  guraizeak beste ikasgelak eta txokoak arakatu zituen baina ezer ez, ez zuen aurkitu. Betiko tristura sentitu zuen, ez zekien zer egin eta komunerako bidea hartu zuen, askotan bere babeslekua izaten zen komuna. Komunera iritsi zenean paper talde bat bere lagunarekin, paperarekin, sartzen ari zen, guraizea gogoratu zen  paperak lagundu zionean, zerbait egin behar zuen, orain bere laguntza behar zuen. Guraizea paper taldearen aurrean jarri zen eta bere indar guztiarekin papera bakean uzteko, zuzendariarekin hitz egin zuela eta bidean zela beste irakasleekin esan zien. Hori entzun ondoren paper taldeak alde egin zuen. Paperak eskerrak eman zion guraizeari eta jolastera joan ziren. Eskola bukatu zenean guraizea eta papera elkarrekin joan ziren etxera. Etxera bidean lehengo paper taldea harri batekin sartzen ari zen baina papera eta guraizea ez ziren ausartzen aurre egitera. Udaltzain bat gerturatzen zitzaiela ikusi zutenean lasaitu ziren.

Paperak, etxean lanak egiten ari zela, bere garajetik zetorren soinu arraro bat entzun zuen. Garajera jaitsi zen entzuten zuen soinua zer zen jakiteko eta han, txoko batean, harria ikusi zuen, beldurtuta, dardarka. - Mesedez ez jo!! esan zion. Paperak lasaitu zuen, berak jotzeko asmorik ez zuela adierazi zion, papera izan arren ez zela berari mina egin ziotenak bezalakoa. Harria lasaitu zenean papera eta biak gelara igo ziren. Paperak guraizeari deitu zion gertatutakoaren berri emateko eta bere etxera joateko esanez. Guraizea etorri zen eta arratsalde ederra pasa zuten hirurek, eskulanak egiten, mahai jolasetan, istorioak kontatzen…

Hurrengo egunetik aurrera harria, papera eta guraizea banaezinak bihurtu ziren. Dena elkarrekin egiten zuten, jolasak asmatzea asko gustatzen zitzaien eta horietako bat gaur egun ezagutzen dugun “harri orri har” jolasa da.