JARE GARAI AIZPURU
AMA
Nire besoetan dago. Min guztien ondoren, nire besoetan dago. Beldur askoren ondoren, nire besoetan dago. Urduritasun guztien ondoren, nire besoetan dago. Nire ametsik handienaren ondoren, nire besoetan dago. Eta beti izango du beso horietan egoteko aukera.
Ez nuen uste ume bat izateak horrenbesteko poza eragingo zidanik. Beti esan ohi den poza ez da honen berdina. Txikitan lagunekin jolas-parkean jolasean sentitutako zoriontasuna, edota gabonetako opariak irekitzean sentitzen duzun zirrara, ez da bizitzara gizaki bat ekartzearen poz berbera. Hau benetako poza da. Sentitu dezakezun poztasun sakonena.
Kimak, abuztuaren 9tik, irribarre berdinarekin zoriontsu jartzen nau. Haren begiak nirearen barrena ikusten ditut dirdira egiten duten bitartean, esku txiki-txikiak nire behatz bat zeharkatuz jolasten du, eta negar egiten duenean nire besoetan hartzen dut.
Beti nire besoetan dago. Hori asko gustatzen zait, baina batzuetan nekatuta sentitzen naiz, izan ere, ez da berdina nire aurreko bizitza eta oraingoa. Ez dut esaten okertu egin denik, aldatu egin dela baizik.
Handitzen doa. Lehenengo pausuak ematen handitzen doa. Ama eta aita esanez handitzen doa. Ikastolako lehenengo eguneko ilusioekin batera, handitzen doa.
Hamabi hilabete ditu nire alaba maiteak. Aitatxo eta amatxo hari muxu bana ematera joaten gara gauero, urtean dauden 365 gauetan. Baina ez dugu inoiz ahaztuko gau horietako batean “ama, aita” esan zuen unea. Ezpainak musu ematera joatetik irribarre batera aldatu zitzaizkigun.
Herriko jolas-parke batean ibiltzen hasi zen momentuan ere sentsazio berdinak zeharkatu gintuen barrualdea, maitasunak, hain zuzen ere.
Sarritan pentsatzen dut denbora guztian Kimaren gainean nagoela, eta oharkabean ni naizena atzean uzten ari naizela, bera dena nik aukeratzeko asmoarekin. Agian nik soilik aukera egokiak erakusten dituen mapa bat eman beharko diot, eta berak aukeratu beharko du zein norabidetan jarraitu. Hala ere, erortzen denean, eskua emango diot altxatzen laguntzeko.
Aldatuz doa. Izaera aldatuz doa. Bera aldatuz doa. Bere lehen erabakiak hartu beharko ditu eta horiek ere aldatuz doaz. Aldatuz doa, eta ez dauka txikitako antz askorik, baina berdinak dira.
15 urte bete ditu duela pare bat egun, eta orain, lehen ez bezala, gehiago egoten da lagunekin familiarekin baino. Lehen, kalean, aitatxoren eta nire eskuak bilatzera joaten zen, baina, orain, laztan huts batekin masailak gorritu egiten zaizkio. Txikitan, denbora guztian, “amatxo”, “amatxo etorri” eta tankerako hitzekin egiten zituen esaldiak. 15 urterekin jada, ni ez naiz bere bizitzaren pelikula ederrean parte hartzen duen protagonista nagusia, bigarren mailako pertsonaia baizik. Orain arte gurekin etortzen zen leku guztietara. Aldiz, handitzen joan den heinean, gurekin egoteko gogoa galtzen ari da.
Nik atentzioa ematen diodanean berak haren barruko mounstroa ateratzen du. Batzuetan, haren etsai izango banintza bezala kontsideratzen nauela sentitzen dut, gustuko ez dituen mugak jartzeagatik soilik. Eta, gainera, egun osoa pantailari begira dago, ezingo balu begiradaren norabidea aldatu.
Beldurra daukat, urruntzearen beldurra. Agian dagoeneko beranduegi da hori aldatzeko eta, horregatik, gauean izaren azpian sartzen naizenean beldur hori da nire pentsamendu nagusia. Denbora guztian nire buruari honako galdera hauek egiten ari natzaizkio: Nik hezi dut gaizki?, zer pentsatuko du Kimak nitaz?, ama txarra naizela eta, era berean, denbora guztian errieta egitea gustuko dudala pentsatuko ote du?
Malkoek nire aurpegian behera egiten dute irrist, egun euritsuetan urak leihoaren kontra talka egiten duten tantanek bezalaxe.
Asetasuna ematen gaituzte haurrek, baina tristura eta beldurra ere. Ez dut nahi bere bizitzako segundu bakoitza nik nahi dudan bezala igarotzea, baina nik jada pasa ditut lagunen arteko liskarren, ikasketen edota parranden etapak, eta, beraz, badakit zer duen oraindik bizitzeko.
Lehenengo esperientzia asko bizitzen ari da. Unibetsitatera joaten lehenengo esperientzia bizitzen ari da. Etxetik kanpora joaten denbora luzeagoz, lehenengo esperientzia bizitzen ari da.
Psikologia ikastera joan da Bilboko unibertsitatera. Astebururo etxera etortzen da. Asko laguntzen gaitu, eta oso atsegina da. Gainera, biok oso harro gaude egiten ari den guztiagatik. Askotan laguntza eske etortzen zait ikasketengatik, eta horrek poztu egiten nau. Harro sentitzen naiz nire ondoan esertzen denean hitz egiteko, berriro ere txikitako konexio berdinarekin jarraitzea. Pentsatu nuen jada ez zuela nigana joko zerbait behar zuenean, baina orain konturatu naiz beti izan dudala zatitxo bat bere bihotzean niretzako gordeta.
Zerbait kontatu behar digula esan du. Lan postu bat lortu du, eta orain inoiz baino alaiago ikusten dut, inoiz baino umoretsuago, alabaren begiak inoiz baino distiratsuago. Nahiz eta urteak betetzen joan eta geure bizitzak pixkanaka-pixkanaka urruntzen joan, beti izan ditu nire besoak bera eusteko… bera maitatzeko!
32 urte gehiago ditu, eta berak ere bizitza bat ekarri du mundura. Ane dauka izena eta berriro ere lehen ikusten nituen eskutxoak ikusten ditut, lehen ikusten nituen begiak, lehen ikusten nuen berdina. Asko poztu nau Ane eta Kimari besarkada sakon bat emateak, eta berriro ere nire besoetan daude.


