Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

MAIA MERCERO IMAZ

D Maila Prosa aipamen saria
Maia Mercero Imaz da nire izena. Eta 2012ko urtarrilaren 30ean jaio nintzen, Zaldibian. 6.mailara arte Zaldibian ikasi nuen, baina orain Ordiziako Oianguren institutuan DBH ko 2. maila egiten ari naiz. Oraindik ez ditut oso garbi nire zaletasunak, alabaina badakit nire lagunekin eta familiarekin egotea oso gogoko dudala, eta tarteka idaztea ere gustatzen zait. Idazten dudanean, neure baitan sortutako istorioei zentzu bat ematen diet, eta “Kanada” horietako bat da. Nire inspirazioa, inguruan ikusi eta entzuten ditudan esperientzietatik ateratzen dut. Espero dut nire istorioa gustatzea. Eta orain, lerro arteko hegazkin hau irakurtzen hasi eta murgildu gaitezen Kanadan!
MAIA  MERCERO IMAZ

KANADA

Kanada

Udako azken egunak ziren, eguzki izpien azken uztarrak. Etxera ohikoetan baina lehenago joatea erabaki genuen, etxea antolatuta edukitzeko eskola hasi aurretik. Eskolan hasteko hiru egun geratzen ziren, eta pixka bat urduri nengoen, ipurdantzari. Bizi nintzen herria txiki samarra zen. Txikia bai, baina eskasa ez. Ni hiri batetik nentorrenez, ordura arte ez nuen inoiz mendirik ikusi, beste irin bateko opilak bezalakoa nintzen erliebe haietan. Handiak eta ederrak ziren, etxea beteko. Ikusgarriak! Halakorik haizearen orraziak ere ezin zuen apaindu.  

Harri eta zur gelditu nintzen. Amak lan berri bat lortu zuen eta jakinarazi zidan aitarekin bizitzera joan beharko nintzela. Kanadara! Lipar horretan odolak burua hartu zidan, baina beranduago konturatu nintzen nire onerako zela, aurrera egin beharko nuela. Ezin nuen amarekin joan. Ama argazkilaria zen eta Safari batean aldizkari baterako argazkiak ateratzeko kontratatu zuten. Aita berriz, liburuzaina zen.

Nik bost urte nituenean banandu ziren. Elkar asko maite zutela ohartarazi zidaten, baina nire aitaren ametsa herri txiki batean lan egitea zen. Urruneko eltzea zen hori niretzat. Eta nire amak New Yorken bizi nahi zuen bere lanarengatik. Ni nire amarekin bizi izan naiz baina orain gogoa dut nire aitarekin bizitzeko. Hortzez eta haginez nahi nuen ezagutu, erroak harekin hartuta hazi. Uda batean ala bestean egon nintzen nire aitarekin, alabaina ez nuen ongi ezagutzen eta gutxiago bera bizi zen herria. 

Ikusi nuenean, besarkada handi bat eman zidan eta nola ez, bueltatu egin nion. “Oso pozik nago zu hemen egoteaz” esan zidan. Agurtu ondoren nire logela erakutsi zidan. Handia zen, atetik sartu eta lehenengo ispilu bat ikusten zen. Ezkerretara joanda ohe bat zegoen erdian eta ohearen ondoan leiho bat. Paretak Izpiliku kolore argia zuten eta ohearen gainean argi zintzilikario batzuk ageri ziren.

 Etxea ikusi ondoren, kaxak husten hasi nintzen; puxeta joz, etxea garbituz. Bukatutakoan afaltzera jaitsi nintzen. Nire aita zain neukan, alabaina ez zegoen ezer prest. Galdetu nion zer afalduko genuen eta kanpoan afalduko genuela adierazi zidan. 

Herri hasieran zegoen pizzeria batera joan ginen. Barrura sartutakoan lagun talde bat ikusi nuen. Gehienak mutilak ziren, baina beraien artean bazeuden pare bat neska. Beraien txamarretan jartzen zuenez, futbol Amerikarreko taldean ibiltzen ziren. Nire aita eta ni atzeko aldean jarri ginen. 

Eseri ginen momentuan ikusi nuen. Begi berdeak, bizkar sendoa eta irribarre liluragarria zituen. Begiari atsegina emanez begira gelditu nintzen. Nire aitak atera ninduen nire pentsamenduetatik “zer eskatuko dugu?” galdetuz. Begiak aldendu behar izan nituen. Ez bazen nire aitarengatik izango, egun osoa bere begiei begira pasatuko nukeen.

Mutil hark ere nabaritu zuen begira nengoela, eta guregana etorri zen. “Kaixo, Crish naiz. Berria zara? Nahi baduzu nire lagunak eta ni horko mahai horretan gaude, etorri eta denak ezagutuko dituzu.” Nire aitari galdetu nion eta baietz esan zidan, joateko lasai berak etxean itxarongo zidala. Orduan Crishekin joan nintzen “kaixo denoi, Gabriela naiz” aurkeztu nuen neure burua, “kaixooooo!” erantzun zidaten denek. Ondoren Crishek denak aurkeztu zizkidan eta eseri egin nintzen.

 Gau ederra pasatu genuen denok batera eta denak ongi ezagutu nituen, ezteietara baino gogotsuago nengoen. Berandu egin zenean, Crishek etxera lagundu zidan. Bidetik nire familiaz eta New Yorkeko bizitzaz hitz egin nion. Bera beti herri txiki berean bizi izan dela kontatu zidan. Guztiz arraroa egin zitzaion nire bizitza. Hala ere, berak bizi interesgarriagoa nahiko lukeela aitortu zidan. Berarena ez bezalakoa. Nirearen antzekoa. 

Etxe atarira iritsi ginenean, elkar agurtu genuen eta bere etxera joan zen. Sarrerako eskailerak igotzen ari nintzenean, Crish korrika etorri zen eta esan zidan “ahaztu egin zait esatea bihar nire lagunak eta ni mendi tartean dagoen laku batera goaz. Nahi duzu gurekin etorri?”. Asko pentsatu gabe ahoan legarrik gabe baietz erantzun nion.

Biharamun goizean nire aitak gosaria prest zuen ni esnatzerako, eskua zuen horretarako. Azkar gosaldu eta nire etxe ondoan zegoen banku batean itxaron nuen, Crishek adierazi bezala. Minutu bat baina gutxiago itxaron behar izan nuen. 

Nire parera iritsitakoan, Chishek burua autoko leihotik atera eta zera esan zidan “a ze puntuala zaren, tira igo autora besteak lakuan zain daude eta”. Korrika autora sartu eta biak abiatu ginen. Bidean geure buruhausteen hizpideari heldu genion, musika entzuten genuen bitartean. Lakua herritik 15 minututara zegoen, eta bidetik Crishez maiteminduta nengoela. Kuleroak gaseosa eginda jartzen zitzaizkidan bitartean, baba dariola ari begira nola geratzen nintzen ikusi beharrik ez zegoen. 

Ez nuen ongi ezagutzen, baina nire bihotzak hartu zuen bere erabakia. Bihotzeko odolaren jarioan murgildu nintzen, taupaden zirarran. Lakura iritsitakoan konturatu nintzen zeren ederra zen Kanada, eta zortea nuela hor egoteagatik. Inguruak erakutsi zizkidaten eta lagun berriak egin nituela sentitu nuen. Denak ziren atseginak nirekin, eta batez ere, neska baten lagun mina egin nintzen. Kiara izena zuen, hilak pizteko modukoa zen eta denetan atseginena bera zen; Crish kenduta nola ez. 

Goiz itzela igaro genuen eta arratsaldea are hobeagoa. Gauerako denak pizzeriara zihoazen. Neuk ordea, nire aitarenera joatea hautatu nuen. Azken finean, hara joateko abantailetako bat bera hobeto ezagutzea zen… eta ez genuen minutu bat baino gehiago igaro batera. Denek ulertu zuten eta esan zidaten bihar Taylor, nesketako bat, mendira joango zela, eta nahi banuen joateko ederki pasatuko genuela. Baietz ihardetsi nion eta Crishek etxera gerturatu ninduen. 

Nire aitarekin afaldu nuen eta lotara joan nintzenean, pijama jantzi eta gau osoa berarengan pentsatzen pasatu nuen, Crishengan. Bere irribarrean, bere ahotsean, ilean... gau osoa, harik eta lozorro epelean irristatu nintzen arte. Hurrengo goizean, gauza bera egin nuen eta bankuan Crishen zain nengoen bitartean, nire buruari galdetu nion nik berarengan pentsatzen nuen bezala pentsatzen ote zuen berak nigan. 

Taylorren mendiko etxean geundela ohartu ginen hurrengo egunean izango zela oporretako azkeneko eguna eta aprobetxatu egin beharko genukeela. Itsumustuan, nire aitarekin eskolako gauzak erosteko geldituta nengoela konturatu nintzen. Crish tematu egin zitzaidan, baina ezezkoa eman behar izan nion. 

Hurrengo eguna aspergarria izan zen, amuarraina ere loarazteko modukoa. Behar nituen gauza guztiak erosi nituen.

Azkenean, eskolako lehenengo eguna iritsi zen. Hasieran urduri nengoen, alabaina Crish eta Kiara niregana etortzen ikusi nituen momentuan lasaitu nintzen.

- Kaixo, zer moduz hasi duzu zure lehenengo eguna? -galdetu zidan Kiarak.

- Ongi pixka bat urduri - erantzun nion.

- Lasai gu zurekin gaude - baretu ninduen Crishek.

Goiza klasez klase igaro genuen eta jabetzerako bazkalordua iritsi zitzaidan. Gure ordutegia honako hau zen: Goizean 08:00etatik 14:30etara; gero. jangelan bazkaldu eta ondoren, arratsaldeko ekintzak. Jangelan Crish eta beste lagunekin eseri nintzen gehienak ezagutzen nituen aurreko egunetatik, baina berri batzuk ere bazeuden.

Asteak haizea bezain azkar pasatu ziren eta geroz eta maiteminduago nengoen. Konturatzerako gabonetako oporretan geunden. Ez nekien nola aitortu Crisheri beraz maiteminduta nengoela. Geroz eta zailagoa egiten zitzaidan berarekin bakarrik geratzea, eta ez dakit zenbat aldiz imajinatu nuen bere gainera salto egin eta musuz betetzen nuela, itzalgaizka. Egun batean zeharka galdetu nion ea Kiara eta beraren artean zer zegoen eta aitortu zidan lagunak besterik ez zirela, txikitatik horrela izan zela eta horrela jarraituko zuela. Ondoren, aditzera eman zidanak asko harritu ninduen, orain artekoak apurtu zizkidan.

-Gainera, ez da posible Kiara eta ni batera egotea, biei neskak gustatzen zaizkigu eta - 

Zur eta lur nengoen. Nire harridura antzeman zuenean, ea zer ez nekien itaundu zidan. 

-Nola jakingo dut inork ez badit esan? - galdetu nuen, zer arraio!

-Egia da, ezinezkoa zen jakitea…barkatu -erantzun zidan, isilpekoak esanda.

Momentu horretan ezin izan nion neure buruari eutsi eta musua eman nion. Bere begi berde polit horiek harriduraz begiratu zidaten, hilak pizteko moduan.

-Barkatu ez dut neska-lagun bat nahi orain… baina lagunak izaten jarraituko dugu ala?- esan zidan

Baietz egin nion buruarekin eta korrika alde egin nuen. Gutxienez hamar aldiz deitu zidan ondorengo bi egunetan. Burutik pasa zitzaidan kontu hori guztia pasako zela, nire etxean ate joka azaldu zen arte. Egun horretan nire aita ondoko herrira joanda zegoen lagun bat bisitatzera, horregatik etxean bakarrik nengoen. Telesail batekin itsututa nengoenez, arratsalde guztia sofan etzanda pasatu nuen. Txirrina entzun nuenean, begiak zabalik, harritu egin nintzen eta are gehiago zein zen so egindakoan. Atea ireki nion eta segituan hasi zen mintzatzen.

-Kaixo, askotan deitu dizut eta ez didazu telefonoa hartu. Ulerkortzekoa da, halere,  mesedez eman bi minutu dena uler dezazun. Oso liraina zara eta jatorra. Amonak aitortuko luken moduan: “Etxerako modukoa!”. Kontua da, ez nagoela prest bikotea edukitzeko. Zu etorri aurretik bikotea izan nuen. Urte bat iraun genuen eta unibertsitateko mutil batengatik utzi ninduen. Oso gaizki pasatu nuen, egunero upela bete negar egiten nuen. Oraindik ez nago erabat osatuta. Arrazoi horregatik bota nizuen ezetz.- Hunkituta utzi ninduen. Etxera sartzeko azaleratu nion eta biok elkarrekin bukatu genuen telesaila. 

 

Beraz, zerbait sentitzen zuen, pozik nengoen lagunak izaten jarraitzen genuelako. Oso garbi dago ez zela ezer gertatuko, hala ere, aurrerago… Nork daki! Bitartean, Kiara ere ez zegoen hain gaizki… Kanada eta ukituak. Kanada eta musuak. Kanada, bere osotasunean. Sorgindu egin ninduen Kanadak, aztoratu, gaztaroa usaindu, dastatu, umeldu. Kiararekin erratz gainean joango al nintzen izarretara, hau jaurtiz gero: “Ene kuttun, sorgindu naun lehen ukittun”. Nork daki…