Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

MAIALEN NGOC MONTERO TRAN

D Maila Prosa 1. saria
Maialen Ngoc Montero Tran naiz, 2012an jaio nintzen eta 13 urte dauzkat. Ordizian bizi naiz eta Jakintza Ikastolan ikasten dut. Ez dut inoiz lehiaketa honetan parte hartu. Aitzitik, nire ahizpak bai, eta ez hori bakarrik, irabazleetako bat izan zen, 3. postua lortuz. Kirola egitea biziki maite dut, batez ere igeri egitea eta eskalatzea. Horrez gain, idaztea eta sukaldatzea atsegin dut. Ekintza horiek guztiak nire barrukoa askatzen eta gozatzen laguntzen didate.
MAIALEN NGOC  MONTERO TRAN

FALTAN DUT AMONA

— Amona, zu zara!— aipatu diot harriturik etxera heltzean. 

— Ezagutzen zaitut?— erantzun dit berak ezer gertatuko ez balitz bezala. 

— Ez zara serio ari, ezta!?— nik berriz ere. 

— Ba bai, ez dakit nor zaren. 

— Zure biloba naiz, Maialen. 

Galduta begiratu nau,  nor den neskato hau eta zer esaten ari den pentsatzen egongo balitz bezala. 

Txundituta geratu naiz, ez dit denborarik eman gertatzen ari dena barneratzeko. 

Azken galdera egitea erabaki dut, egoera ulertzeko asmoz: 

— Maialen naiz, gogoratzen zara?

— Ez— erantzun dit berriz ere. Erantzun erabakigarria izan da, nire amonak ez nau ezagutzen.

Nire gelara pentsakor eta tristuraz beteta joan naiz. Une batez gogoetatsu egon ostean,  itsulapikoa apurtzea erabaki dut. Bertan dauden txanpon guztiak bildu eta etxe azpiko liburu-dendara abiatu naiz. Dendara heltzerakoan, koadernoei buruz galdetu dut, eta, berehala, dendariak pare bat erakutsi dizkit. 

— Baten bat gustatzea espero dut— esan dit. 

Lore, hosto, txori… eta antzerakoak dituen batek maitemindu nau. Prezioaz galdetu eta dendako garestiena dela aitortu dit; halere, bi aldiz pentsatu gabe, hori erostea erabaki dut. Pena apur bat ematen dit nire aurrezkiak horretan xahutzeak, baina, ez du axola, liburuxka hori  eskuartean izatea garrantzitsuagoa da. 

Koadernoa hartu eta korrika irten naiz etxerantz. Burua galderaz beteta daukat: Zergatik ez nau gogoratzen amonak?, zerbait gertatu zaio?, zergatik dago etxean?... Hainbeste galderarekin, burua lehertzeko zorian geratu zait. Eskerrak etxera heldu naizen. 

Korrika batean igo eskailerak, ziztu bizian nire gelara sartu eta idazmahaian eseri naiz. Arkatz bat hartu dut izenburu erakargarri bat pentsatzen nuen bitartean, eta orduantxe bururatu zait honako hau: “Amonaren oroitzapenak berpiztuz”. Lehen orria hartu eta hori jarri dut. 

Ondoren, “1. urratsa” jarri eta amona nitaz gogoratzeko egingo dudana pentsatzeaz batera, idazteari ekin diot: gaur, amonaren gauza esanguratsu bat apurtzea pentsatu dut, duela urte pare bat berdina egin eta kristonarena hasarratu zelako. Agian, hori zatarregia da nire aldetik, baina probatzea besterik ez dut. Zer apurtuko dut? Bere lorontzia, Jesus Jainkoaren portzelanazko irudia ala argazkien albuma? Lorontzia da garrantzi gutxiena duena, beraz, hori apurtuko dut.

Amonarengana joan naiz, bere loreontzia eskuetan dudala. Bota behar dudala ikusi duenean ”ezta okurritu ere!” egin dit oihu. Pena apur bat eman dit, baina buelta gehiago eman gabe lurrera bota dut, indar handiz. Zati txikietan apurtu da, eta biak aho zabalik geratu gara. Damutzen hasita nengoen, eta amonaren begietan su hori ikustean erabat izutu naiz. 

Bat-batean, ”Maialen Montero Arrugaeta!” garrasi egin dit. Hitz horiek entzun bezain pronto, ni poz-pozik jarri naiz. Nire izen osoa esan du! 

— Beraz, gogoratu zara?—galdetu diot.

— Ez! Utzi bakean! — erantzun dit munduko haserre guztiarekin.

Oso gogorra izan da hitz horiek nire amonaren ahotik irteten entzutea. Korrika batean gelara joan eta nire ohean sartu naiz, maindira guztiekin estaliz. Oso gaizki sentitzen naiz, erabat minduta. Orduan, ate-joka entzun dut norbait. Hasieran kosta arren, ”sartu! ”erantzun diot. Nire amona da, eta nahiko arduratuta dator.    

— Ondo zaude?— galdetu dit triste xamar.

Nik baiezkoa egin diot buruarekin eta ohe aldamenean eseri da. Hasieran isiltasun une luze bat egon da, baina, orduan, oharkabean, bera hasi da hitz egiten. 

— Ez zaitut ezagutzen; halere, ez zait iruditzen nire jokabidea egokia izan denik. Ez zintudan izutu nahi, ezta mindu ere. Zuk ezagutzen didazula esaten baduzu, agian hala izango da. Hala ere, nahiz eta ahaleginak egin nor zaren jakiteko, ez naiz gai, eta horrek tristura eragiten nau. Aitzitik, zure jokabidea txarra iruditu zait, gauzak beste modu batera egin daitezke. Nire loreontzi kuttunena apurtu didazu, eta horrek iraganeko oroitzapen handiak ekartzen zizkidan. 

— Une horretan ezin izan dut nire jokabidea kontrolatu, sentitzen dut! — onartu diot.  

— Nik ere barkamen eskari bat zor dizut!— erantzun dit berak poztuta.

Orduan, gure arteko liskarra alde batera utzi eta elkarri barkamena eskatuz dena konpondu dugu. 

Gelatik irten denean, koadernoa ireki eta “2. urratsa” jarri dut. Ez naiz eskuak gurutzaturik geratu behar. Hau da, amonak behar nau, hobeto esanda, nik behar dut bera.

Hortaz, idazteari ekin diot: nire amonak eta nik elkarrekin egiten genuen zerbait egitea proposatuko diot. Ea horrela bizitako momenturen bat gogorarazteko aukera  duen. 

— Hori da, gure errezeta kuttunena egingo dugu, hau da, euskal pastela! — esan dut poz-pozik.

Berehala joan naiz nire amonaren albora. Proposamena kontatu eta baietz erantzun dit. Jarraian, osagai bila joateko prestatzen hasi da.

Behin material guztia prest genuela, errezeta egiten hasi gara. Osagaiak nahastu, labea piztu… Momentu zoragarri bat bizi izan dugu gozo hori egiten, eta, gainera, elkarrekin bizi izan ditugun gauzak gogora ekarri ditut. Baina ez dakit berak berdina egin duen. Beraz, bere pentsamenduetan murgiltzea erabaki dut. 

Nola sentitu den galdetu eta berak hau erantzun dit:

— Oso eroso sentitu naiz, eta betidanik ezagutzen zaitudala pentsatu dut. Halere, buruan argazki bat dudala sumatzen dut, baina lausoa dagoela esango nuke. Alegia, ez naiz zutaz ondo oroitzen. Halere, horrek ez du ezer txarrik, gure artean kimika nabaritzen jarraitzen dut eta. 

Nire amonaren hitz horiek entzunda argi izpi bat piztu da nire barrenean.

— Ez dut amore emango; horregatik, zure memoria nola berreskuratu pentsatzera noa! Mila esker, amona, maite zaitut!— erantzun diot ilusioz, eta nire gelara igo naiz.

Bertan 3. urratsari eman diot hasiera, nire koadernoan “3. urratsa” ipiniz. Handik gutxira, bururatutako ideia guztietatik honekin geratu naiz: gure argazki bilduma erakutsiko diot, eta, agian, irudi eta momentu horiek ikusiz, ni gogoratzea lortuko du.

Etxean ditugun albumen artean, amona eta nirea den bat topatu dut, eta une hartan abitu naiz bere bila. 

Elkarrekin argazki guztiak aztertu ditugu, banan-banan. Eta, bat-batean, bere aurpegian islatu da poztasuna.

— Gogoratu zara?— galdetu diot ilusioz betea.

— Bai, maitea— erantzun dit berak amona baten goxotasun horrekin.

— Ados, hau izan da nire azken urratsa. iupiiiiii!

Nire lan honek guztiak zerbaitetarako balio izan duela pentsatu dut eta, ondorioz, sentsazio zoragarri bat bizi dut nire barruan.

Denbora askoz itxaron ondoren, galdera hau egitera ausartu naiz:

— Orain, dena argi dagoela, besarkada bat ematen utziko zenidake?

— Noski, maitea, nola ez. Baina azkar egin beharko duzu!

Esandakoa bi aldiz pentsatzeko astirik hartu gabe,  nire iratzargailuko alarmak jo du.

— Pipipipipiiii, pipipipipiiiii!

Zer? Benetan? Orain izan behar zuen? Nire amona besarkatzeko segundu batera geratu naiz. 

Une hontan, nire bihotza zati txikietan apurtu dela nabaritu dut. Ez dut nire amona besarkatzerik izan eta lehenago ez egiteaz erabat damutu naiz.

Zirrara desberdinez beteriko amets zoragarri eta, aldi berean, penagarria izan da, zeren eta duela urte pare bat hil zen bera. 

Triste sentitzen naiz faltan sumatzen dudalako, baina opari paregabea iruditu zait berarekin amesteko aukera izatea.

Lepoa jokatuko nuke jende asko nirekin identifikatuta sentitu dela, hau da, zuen aitona-amonak besarkatu nahi izatea, baina ezin. Askok ez dakizue zer den maite duzun pertsona bat urruntzen ikustea, ezta itzaltzen ikustea ere. Horregatik, ezin diogu jaramonik egin gerta daitekeenari; izan ere, gertatzen denean, negar besterik ez dakigu egiten, eta egin ez dugunaz damutzen gara. Beraz, zuk maite duzun pertsona hori alboan izateko aukera baduzu, aprobetxatu berandu izan baino lehen.