KAIA ZUBIZARRETA ETXANIZ
TXORIA TXORI
TXORIA TXORI
“Hegoak ebaki banizkio
Neria izango zen
Ez zuen aldegingo
Bainan, honela
Ez zen gehiago txoria izango
Eta nik
Txoria nuen maite”
(Mikel Laboa)
Tailandiak askatasuna esan nahi omen du. Hori dela eta turista asko inguratzen da paraje hauetara askatasun ilusio horren bila. Hori entzun nion gure nagusiari. Eta berak asko daki askatasunaz, saltzaile guztiek bere salgaiez asko dakiten bezala. Nire iritziz Tailandiak askatasuna esan nahi duela eta horrelako lelokeriak turistei eskutatik dirua kentzeko besterik ez dute balio.
Hiriburuko ibaiaren ertzean dauka bere postua gure nagusiak, jende ugari igarotzen da bertatik, izan ere oso kale ezagunean dago kokatuta. Denak begira gelditzen dira. Batzuk argazkiak ateratzen dizkigute, beste batzuk ilusio handiz begiratzen digute, baina aurrera jarraitzen dute. Gu bertan egoten gara kaiola distiratsuetan. Nagusia zintzoa da gurekin eta alpiste ugari ematen digu luma distiratsuak izan ditzagun. Ni esaterako okil berde bat naiz, eta justu nire aldamenean zegoen uso zuria oraintxe atera dute kaiolatik. Orain aske da.
Izan ere gure askatasuna erosten dute turistek. Dolar mordo bat sartzen ditu poltsikora gure nagusiak eta ordainetan turistak gu hartu eta airera botatzen gaituzte.
Askatasuna izeneko hiri batean askatzaile sentitzen dira. Gu aske, turistak harro eta gure nagusia aberats.
Jende asko dabil gaurkoan hirian. Ez dut zorte handirik izan nik baina... Hara! Niri begira dago neskato ile hori hori. Behatzarekin seinalatu nau eta haurraren aitak ordaindu egin du. Urduri sentitzen naiz baina baita gogotsu ere, ez bainaiz egunero kaiolatik irteten. Kaiola zabaldu dute. Esku hotz eta txiki batek hartu nau. Neskatoak kaiolatik atera nau eta bi eskuez hartu eta airera bota nau. Freedom!!!! garrasi egin du aitari eskutik helduz. Aitaren txaloak eta umearen irriak entzun ditut hegaldia hastera nindoanean.
Libre naiz; libre, libre, libre???
Gaua iristear da eta beraz, nagusiaren ganbarara itzuli beharko dut egunero bezala.
Gaurkoan ere alpiste mordoa izango dut ordainsaritzat.


