Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

LEA ESTENSORO ARRESE

D Maila Prosa 3. saria
Kaixo, ni Lea Estersoro Arrese naiz. 13 urteko beasaindarra. La Salle ikastetxean ikasten dut, eta nire zaletasun handiena futbolean jolastea da. Bidaiatzea oso gustuko dut, eta leku berriak ezagutzea asko gustatzen zait. Familia eta lagunekin egotea ere oso garrantzitsua da niretzat.
LEA ESTENSORO ARRESE

ITSUAREN MADARIKAIZIOA

Bazen behin Mari izeneko neskatxa ilehori, ausart eta bizkor bat. Murumendi magaleko baserri batean bizi zen eta gauak oso ilunak izan arren herrigunetik aparte zegoelako baserria, berak ez zuen inongo beldurrik amak gauero suaren ondoan kontatzen zizkion istorioei esker. Sorginak Tonto-plaza pagadiko zelaigunean dantzan aritzen zirenekoa; lamiak ur azpian bizi eta artzaiak liluratzen zituztenekoa; eguzki-lorearen babes indarraren botereaz baliatzen zirenena… Beti harritu izan zuten istorio haiek. Herritarrek bere amak esandakoaren justu kontrakoa pentsatu eta sinesten zuten: sorginak erre egin behar zirela gizakioi minik ez egiteko, akelarreetan deabruarekin harremanetan jartzen zirela edo eta eguzki-lorea lore huts polit bat besterik ez zela.

Txikia zenetik sinestarazi zioten bere ama sorgin gaizto bat zela eta bera ere bide beretik zihoala. Baina, berak jakin nahi zuen gauza bakarra egi borobila zen: sorginak gaiztoak al ziren? Eta akelarreak existitzen ziren? Ba al zuen inongo botererik eguzki-loreak? Marik ez zekien ea egunen batean egia ezagutu ahal izango zuen, baina berak aurrera jarraitzea besterik ez zuen buruan. Une hartan gogoratu zen bere amonak behin eta berriz errepikatzen zuenaz: “jendeak jakin gabe hitz egiten du, egia da ezagutu beharreko bakarra”. Esaldiak barnean zuen esanahiaz jabetu zenean hasi zen guztia: bere atearen gainean zegoen eguzki-lorea eskuan hartu eta egiaren bila abiatu zen.

Lehenik eta behin, Beasain aldera jaisten hasi zen. Bidean oztopoak izan zituen herritarrek sorgin gaiztotzat zutelako eta mehatxuka ibiltzen zirelako, baina bera gauza soil baten bila zihoan eta ez-entzunarena egin zuen. Beasainen bazegoen borda txiki batean bizi zen emakume zuhur eta jakintsu bat. Herriko inork ez zekien bertan bizi zenik emakume hura, bere familiakoek bakarrik zekiten. Herritarrek amorru aurpegiekin begiratzen zioten baina berari bost axola.

Iritsi zen egurrezko bordara eta inongo beldurrik gabe atea jo zuen:

- Kaixo! Ba al da norbait hemen? - Denbora luze bat igaro zuen ate joka, eta inork ez zuenez aterik irekitzen, amore emanda, alde egitera zihoala, bat-batean atea zabaldu eta amona xahar bat ikusi zuen makulu bat eskuetan zuela.

- Egun on neskatxa, zer dela eta zauden hemen ate joka?

- Ba…zera…Murugoena baserriko alaba naiz eta…

- Bai, txiki-txikitatik ezagutzen haut. Lasai egon hadi…ez dinat minik egingo hik hala usteta ere: usteak erdiak ustel, badakin...

- Ongi da, ba… egia ezagutzeko nago hemen- erantzun nion erregu ahotsez presaka egongo banintz bezala.

- Zeren egia?

- Sutondoan belaunaldiz belaunaldi jaso ditudan kontakizunena. 

- Ados. Patxadaz… azkar eta ondo usoak bakarrik egiten din eta hegan ! Nik ezin dinat egi guztia kontatu ez baitinat ezagutzen baina hori aurkitzeko bidea erakutsi bai. Ezagutzen al dun Murumendiko borda?

- Bai noski! Igande goizetan Murumendira igo eta amonak istorioak kontatzen zizkidan bertan txikiagoa nintzenean.

- Ados! Orduan joan hadi hara eta hantxe aurkituko dun bila ari haizen egia hori. Eskuan dakarren eguzki-lore horrek lagunduko din bidea topatzen.  

- Ederki, mila esker, amalurrak ordainduko ahal dizu!

 

Amona zendu zenetik bordara inoiz joan gabe zegoen eta eguzki loreak gidatuko zuela jakin arren, etzekien bidea aurkitzeko gai izango oten zen. Berehala konturatu zen hala ere, irudi haiek garuneko txoko batean hiltzatuta zituela tximinia gainean zituzten argazkien antzera, eta bideaz gogoratzen zela. 

Ilunabarrean, eguzkia sartzen ari zela topo egin zuen bordarekin! Ez zen gogoratzen zuen bezain misteriotsua, artzaiek udaberrian erabiltzen zituzten ohiko borda bat zirudien.  Soinu arraroak entzuten ziren atzekaldean, beraz,  jakin-minez, borda inguratu zuen. 

Zur eta lur gelditu zen begi aurrean zuen ikuskizunarekin: Sorginak dantzan, akerrak inguruan… Baina, zerbaiten falta sumatzen zuen Marik… Bertako izaki guztiak berari begira geratu ziren, eta bere amonaren antza zuen sorgin itxurako bat gerturatu zitzaion.

- Mari? Zu zara? 

- Amona! Bai, neu naiz. Baina… ez al zeunden hilda? San Juan gauean lurperatu zintugun eta…

- Bai, bene-benetako antzerkia izan zen hura… Herritar guztiek sinetsi zuten! - esan zion begi-keinua egiteaz bat. - Ukenduak egitea izan da nire egitekoa bizitza honetan eta bizilagunak gaizki pentsatzen hasita zeuden… Gainera, uste nuen oroituko zenuela txiki-txikitatik esandakoaz: ezohiko zerbait gertatzen dela irudituz gero azaldu Murumendiko bordara.

- Arrazoia duzu! Sentitzen dut… Nire errua da

- Ez esan erokeriarik! Ez da zure errua, Mari. Hitzek ezkutatzen duten mezua ulertzea ez da beti erreza. 

- Baina orduan, benetako sorgina al zara?- erantzun zion sinistu ezinik.

- Ez, ez…hori ez da horrela. Gizakiok gizaki garenetik gaur egunera arte naturako indarren mende bizi izan gara. Euskaldunok oso ongi ulertu, errespetatu eta baliatu izan ditugu eguzkiaren beroa, lainoetatik erortzen den ura nahiz haizeak dakarrena baina…

- Zer amona? Segi kontatzen…

- Handinahiak eta bekoizkeriak gizonen bihotzak bereganatuta ditu aspaldian eta inguruari so egiteari utzita dago. Gure familiaren egitekoa izan da ama-lurrarekin, betidanik, izan dugun harremana zaindu eta elikatzea. 

- Bai zaila…- ahozabalik zegoen guztia entzuten. 

Guzti hark zekarkion erantzukizunaz ohartzen hasita zegoen eta beraz beldurtuta. Gauza izango ote zen? Amonak zerbait antzeman zion aurpegian berehala besarkada bat eman batzion. Maiz faltan botatako berotasuna sentitu zuen bihotzean, berriz. 

- Lasai egon…eguzki-lorea zurekin dago eta baita gu guztion gogoak ere. Berezkoa duzun hori egiteko zailtasunik ez duzu izango. Baina kontuz! Itsuak itsuari bidea erakutsi ohi dio ikusten duen guztia sinistuz, horri aurre egitea izango da zure erronkarik handiena.

Deabruaren-soinu alaia entzuten zen orain txalapartaren deiarekin batera, a ze festa zeukaten! Izu-ikarak alde batera utzi eta dantzan hasi ziren amona-bilobak.