Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

IRATI ARRONIZ RODRIGUEZ

D Maila Prosa 2. saria
Kaixo, Irati Arroniz naiz, 13 urteko beasaindarra. La Sallen ikasten dut eta nire saletasunak marraztea, margotzea eta irakurtzea dira. Familiarekin egotea ere asko gustatzen zait. Betidanik maite dut irakurtzea eta asko gozatzen dut liburutegitik liburuak hartzea. Sari hau jasotzeak poz handia eman dit. Nire ipuinarekin gozatzea espero dut.
IRATI  ARRONIZ RODRIGUEZ

EZ ZAITZATELA ENGAINATU!

Ez da bidezkoa! Ez dut ulertzen zergatik ez didaten sinisten!

Ulertzen dizut… errua zuri leporatzea ez da zilegi iritzirik galdetu ez badizute. Baina ulertu behar duzu beraiek beldur direnean ez dutela argi pentsatzen. Berriro kontatuidazu nola gertatu zen guztia, mesedez.

Nire artaldearekin mendian nengoela hasi zen dena. Bazkal ondorenetik laino beltz batzuk ageri ziren zeruan eta banekien euria gertu nuela. Ez nuen espero hala ere, hain bizkor hasterik eta ardiak bustitzerik ez nuenez nahi baso ondoko bordara gerturatu nintzen babes bila. Atetik sartzean, hura sustoa nirea! Ez zitzaidan inoiz gertatu…zer ikusiko eta bi gizaki gaztetxo apaletan gordeta nuen janaria jaten. Hori gutxi ez eta gainera lurra apurrez beteta zegoen, beraz, bazeramaten denboratxo bat bertan ni iritsi nintzenerako. Ikaratu egin ziren ni ikustean eta beraiekin hitz egiten saiatu nintzen arren, bordako armairuan ezkutatu ziren. 

Orduan, Basajaunek umetan jarri zidan urrezko eraztun madarikatua hitz egiten hasi zitzaidan: “Jan itzak gure etsaiak dituk eta!”, “ Jan itzak gure etsaiak dituk eta!”... Amalurra gizakiengandik babestu behar nuela gogorarazteko jarritako eraztunak arazoak besterik ez zizkidan ekarri txikitatik. Eta eraztunaren botereari ezin zitzaion aurre egin: soinean zeramanaren kontzientziaz jabetu eta nahi zuena lortzen zuen. 

Gizakietako bat jan nuen nik nahi gabe! Hor etzen baina kontua amaitu. Eraztunak nahi zuena lortutakoan logura sortzeko ahalmena ere bazuen, eta beraz, lo gelditu nintzen. Izugarrizko min batek esnatu ninduen: Burdinezko barra bat neukan begian sartuta!  Eraztuna hitz egiten hasi zitzaidan berriz: “Jan ezak gure etsaia duk eta!”, “Jan ezak gure etsaia duk eta!”...Segituan eskuan sentitu nuen ikaragarrizko mina: eraztundun atzamarra moztu zidan gizakiak! Hura mina! Ezin nion garraisi eta negar egiteari utzi!

Eraztuna ez izatea liberazio bat izan zitekeela pentsatu nuen momentu batez, baina Basajaunen haserrea okerragoa izango zelakoan gizakiaren atzetik korrika atera nintzen.  “Jan ezak gure etsaia duk eta!”, “Jan ezak gure etsaia duk eta!”...entzunda errekaraino gerturatu eta harri batean tupust eginda ur-jauzian behera erori nintzen.  Badakizu igeri egiten ez dakidala. Momentu hartan Sugaar edo lamia bat izan nahi izan nuen beraiek bezala igeri egiteko. Kostata, baina lortu nuen bizirik ateratzea: eskerrak ur-jauzi barreneko putzua ez den oso sakona…

Bordara bueltatzea erabaki nuen, zauriak sendatu behar nituen nola edo hala. Zorionez, eskerrak bidean zurekin topo egin nuena, Mari. Zeinen ongi zaintzen gaituzun, begi zein atzamar sendatu zenizkidan zure kobazuloan. Zeinen goxoa zegoen gainera eskaini zenidan belar-infusio lasaigarria ere! 

Ardiez kezkatuta nengoen eta bordara abiatu nintzen berehalakoan. Bordako atea parez pare irekita zegoen eta ardi bat bera ere ez zen gelditzen. Aste oso bat behar izan nuen denak aurkitu eta zaurituta zeudenak sendatzen: gaixoak, izuaren izuaz korrika ibiliak ziren alde batetik bestera eta batek baino gehiagok hanka hautsita zuten. 

Konturatzen zara, bi gizaki hauegatik, badirudi bi anaia zirela,  gertatutako gaizki-ulertuengatik mundu guztiak bihotz gabea naizela pentsatzen duela? Geroztik ezkutuan bizi beharra daukat, eskerrak neguan bakean eta lasai ibili naitekeela gizakiak mendira ez baitira gerturatzen. 

Afera honek ez dauka irtenbide errazik Tartalo. Gure gisakoek ulertzen zaituzte eta beraz gure babesa baduzu. Gizakiei hau guztia kontatzea beste kontu bat da: beraiengandik oso desberdinak gara bai izaeran zein izanean. Ezagutzen ez dutenari beldur handia diote eta guk galtzeko guztiak ditugu. Baina tira, familia handia gara eta denon artean elkar zaintzen jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala.  

Mila esker Mari. Zer egingo nuke nik zu gabe?