Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

BEÑAT BARRIOLA SÁEZ

B Maila Prosa 3. saria
Beñat naiz, 2011n jaioa, eta Ordiziakoa naiz. Txikitatik asko gustatu izan zait irakurtzea eta idaztea, nire istorioak sortzea zan nire denborapasa bat. Denborarekin, gero eta gehiago garatu dut nire irudimena, eta horrek lagundu dit ipuin desberdinak asmatzen. Niretzat idazte espresatzeko modu berezi bat da, ez ditudalako arauik. Esklabuaren zorigaitza idazteko, egia esanda, asko inspiratu naiz gustuko dudan telesail batean, eta hortik hartu ditut ideia batzuk eta gero moldatu dut. Etorkizun hurbil batean, idazten jarraitu nahi dut neure kabuz, dudan irudimena lantzeko.
BEÑAT BARRIOLA SÁEZ

ESKLABOAREN ZORIGAITZA

Libre izateko haiz jaioa.

(Su Ta Gar)

Tristea, gogorra, depresiboa, beltza. Horrelakoa zen nire bizia, esklabo baten bizia, dena argia izan ezik.

 

Egunak zimelduta ziruditen, amaigabeak egiten zitzaizkidan. Goizeko seietan altxatu eta hamarretan joaten ginen lotara, ni eta beste gixajo guztiak. Oihuak, negarrak eta zazt! Zigorraren hotsak besterik ez ziren entzuten egunean zehar. 

 

-Nork eman dizu esertzeko baimena? Zazt! Segi lanean ala tiro egingo dizut alferra, lan-zuri halakoa!

 

Hura Francoais zen. Herodesen antzekoa zirudien, maltzurra goitik beheraino. Francoaisek gu haren “jabetzakoak” ginela errepikatzen zuen behin eta berriz. Hala ere, ni neuk adierazten nuen bezala, inor ez da inorena. Gauero hilzorian zegoela besterik ez nuen amesten. 

 

-Zertan ari zara pentsatzen Djene?

 

-Ezertan ere ez Khalifa, libre izateaz bakarrik. Beti bezala, gauero bezala. - erantzun nion triste, hasperen eginez. Umea nintzenetik amesten nuen gauza bakarra zen. Askatasuna, autonomia, burujabetza. 

 

-Aberatsa tranpa hutsa, pobrea amets hutsa mutiko. - esapidea marmartu zuen gizon batek gelako beste puntatik.

 

Gaua zen nire unerik gustukoena, orokorrean hemen geunden deabru denok. Guardiak lo hartzen zuenean, hizketan eta solasean jarduten genuen gure artean. Batzuek Senegalera itzultzeaz amesten zuten, beste askok infernu handik hanka egiteaz, baina nik eta Khalifak libre izan nahi genuen. Libre. Txorien antzera, guk nahi genuena egiteko. Khalifa zen nire bizitzeko arrazoia, egunero esnatzeko behar nuen indarra; une oro bizitzan aurrera egiteko ematen zidan zain doblea. Bera hemen egon ez balitz, segur aski nire buruaz beste egingo nukeen jada. Maiteminduta nengoen, begiz jota nuen. Bere begiek, bere irribarreak, distira egiten zidaten, baina ez nekien nola adierazi. 

 

-Joan zaitez lotara Djene, goiz iratzarri beharra dugu eta!

 

-Ondo lo egin.

 

Lotan ere dena beltza zen. Kikirikikiiiiiiiiiiii!

 

-Denak gora, gosaria prest dago. Altxa zaitezte!

 

Egunero berdina gosaltzen genuen, arraina, berdura parea eta ogi pusketa gogorra. Nazkagarria zen eta gorroto nuen. Begi bakarraz begiratzen nien elikagai haiei. Egunero gogoratzen nuen nire amak egiten zidan janariaz, hura bai zegoela ona, goxoa, samurra. Hura bai, plazera! 

 

Azukre kanabera landatzen genuen frantziar burges baten lurretan urtearen 365 egunetan, hil arte, hezurrak utzi arte, satorraren herrira eraman arte. Nire gurasoak Aljerian harrapatu zituzten eta orduz gerotik gara esklabo. Guk egunean 14 orduz lan egin arren, ez genuen lira ziztrin bat ikusten. Francoais aldiz, Surinameko birraitonaren kolono aberatsena bilakatu zen gure erruz.

 

Nire egunak monotonia beldurgarriak ziren. Esnatu, jan, lan eta lo. Eta berriro astea hastera. Gauetan Khalifaren edertasunarekin liluratzen nintzen, baina nire ausardia aurkitzen saiatuagatik ere, ezinezkoa zitzaidan sentitzen nuena berari aitortzea; barea bezala bere atzetik arrastoa utziz nenbilela azaleratzea. 

 

Egun hauetako batean, Sudafrikatik iritsi berri ziren bi esklabo gazteak ihes egiten saiatu ziren. Akatsa. Guardiek tiro egin zieten, eta Francoaisek gorpuak lo egiten genuen etxearen aurrean utzi zituen abisu gisa, sekulako kiratsa ateraz. Hala eta guztiz ere, balentriak pentsatzeko abagunea eman zidan.

 

-Khalifa, infernu honetatik hanka egin behar dut bi egun barru. - esan nion konbentzituta.

 

-Zer!!! Txoratu egin zara? Tiro egingo dizute beste bi tontolapikoei bezala. - ihardetsi zidan harrituta.

 

-Badakit, baina nazkatuta nago dagoeneko. Nahiago dut hilda egon, beste egun batez deabru horren menpean egon baino.

 

-Nora joango zinateke lortuko bazenu?

 

-Pentsatuta dukat, Brasilera alde egingo dut. Esan didate han baso erraldoi bat dagoela, frantsesek ni urteetan inoiz aurkitzeko adina tamainako baso bat da.

 

-Ados, baina zu bazoaz, neu ere joango naiz. Ez dut nahi leku honetan bakarrik bizi.

 

-Ongi da, bihar zerbait pentsatuko dugu, orain lotara.

 

Aspaldian galdua nuen zerbaitekin joan nintzen lotara, ilusioa, gogoa, irrika, grina. Aspaldian galdua nuen zerbaitekin joan nintzen lotara, buruko bonbilla piztu eta poztu zitzaidan. 

 

Esnatu bezain laster hasi ginen lanean. Egun hartan indarberrituta sentitzen nintzen, ihesaldiaren nerbioengatik. 

 

-Djene, Djene! Begira ze lapurtu dudan! - etorri zen Khalifa korrika niregana objektu distiratsu batekin eskuetan.

 

-Giltzak lapurtu dizkiot Djene. Goazenen hemendik ziztu bizian! Goazen gizona! - jakinarazi zidan aurpegian sekulako irribarre zuelarik. Hura bai zela lagun ona!

 

Dena ondo aterako zela pentsatu nuen momentuan…

 

-Begira, begira, begira. Uste nuen nik katu ziztrin batek kendu zizkidala giltzak, baina ez nuen uste zu izango zinenik. Kar, kar, kar! 

 

Buelta eman eta han zegoen infernuko Patxi, Francoais, irri maltzur batekin bere eskopeta kargatzen. Momentu hartan ez nuen ezer onik espero.

 

-Ba, barkatu jauna, nik ez nuen nahi, aurkitu egin ditut lurrean eta… barkatu, mesedez ez iezadazu ezer egin, sentitzen dut. - erregutu zuen Khalifak Francoasi ziria sartu nahian, alabaina ez zuen amua irentsi.

 

Bat-batean, arma apuntatu eta…

 

Pun!

 

Tiro zehatz bakar batekin, Khalifa lurrera erori zen odolez blai. Bihotza zulatuta utzi zion.

 

-Ez, ez!!! - negar batean hasi nintzen, pasatu zena oraindik onartu gabe.

 

Bala bakar batekin, bala ziztrin batekin, bihotza armarik gabe ebaki zidan.

 

-Kar, kar, kar, kar!!! Ikusi duzue denok ala? Hau da gertatzen dena zuen jaun eta jabeari jaramon zipitzik ez egiteagatik zabor halakoak!

 

Orduan sentitu nuen, zerbaiten nahia, desira, gogoa, beharra. Mendekuaren beharra sumatu nuen. Odola irakinik nuen. Lurretik jauzi eta oihukatu egin nuen.

 

-Inor ez da inorena!!!

 

Orain dela urte batzuk egindako harri eta zurezko labana bat atera, deabruarengana salto batez hurbildu eta bihotz-bihotzean sartu nion arma, barruan gordeta neuzkan Newtoneko indar eta haserre mendi guztiekin. Gizon horren gorpua lurrera amiltzen ikusi nuenean, sentimendu bat etorri zitzaidan burura: poza. Alaitasunez kopeta argitu zitzaidan. Senper gaiztoak ikusten, hainbeste sufrimendu eragin zidan gizona hilda zegoen honezkero, eta zorionez, ez zen inoiz itzuliko.

 

Francoais lurrera jaustean, bere soldaduek pistolekin apuntatu zidaten, baina ez nuen beldurrik, ez nuen izu laborririk, gogobeteko poza baizik.

 

Azkenean, libre izatea lortu nuen eta heriotzaren aurrean, beldurtuta agertu baino, algaraka eta pozarren jardun nuen. Alai. Iji eta aja.

 

Hura da libre izatearen sentimendua, pozarena. Alaitasunarena. Iji eta ajarena. Libre izateko jaioak gara!