Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

ELENE URBIZU ERREZOLA

B Maila Prosa aipamen saria
Elene Urbizu naiz, 2011ko irailaren 11n jaioa. Orain arte Ordiziako Jakintza Ikastolan ikasi dut beti, eta bertan jende bikaina ezagutu dut. Neska alaia, jatorra eta arduratsua naiz, eta beti saiatzen naiz gauzak ondo egiten. Kirolzalea ere banaiz, eta saskibaloia dut gustukoen; taldean jolastea eta partida bakoitzean ahalik eta ondoen aritzea asko gustatzen zait. Lagunekin egotea eta kalera ateratzea ere gustatzen zait, haiekin barre egin eta momentu politak partekatzea oso berezia baita niretzat. Hala ere, etxean familiarekin telesailak eta pelikulak ikusten ere asko gozatzen dut. Gehienetan, pertsona irekia eta gogotsua naiz, eta beti prest nago esperientzia berriak bizitzeko.

BIGARREN AUKERAK

Elena Aretxaga ospitaleko korridore luze eta zuri haietan barrena zihoan, burua makurtuta eta pentsamenduetan galduta. Urte asko zeramatzan leku berean lanean.  Gurutzetako ospitalean transplanteen koordinazioan, eta denborarekin korridore haiek ia etxeko pasabide bihurtu zitzaizkion. Gainera, unibertsitatean ere irakasten zuen, erizaintzako ikasleei transplanteen inguruko oinarrizko kontzeptuak azaltzen zizkien, eta lehen ilusio handiz egiten zuen hori guztia. Azken urteetan, ordea, nekea eta tristura sumatzen zituen barruan. Banantzeak min handia utzi zion, eta min horrek bere alaba Garazirengan izan zuen eraginak min gehiago ematen zion beste ezerk baino.

 Garazi ez zen lehen bezalakoa. Lehen irribarretsua zen, lagunekin ateratzen zen, ikasketetan saiatua eta etorkizunari begira ilusioz betea. Gurasoak banandu zirenetik, ordea, pixkanaka itzaltzen joan zen. Bere gelan orduak pasatzen  zituen, pertsianak erdi itxita, mugikorra eskuan edo paretari begira. Ikasketak alde batera utzi zituen eta lagunekin harremanak hozten joan ziren. Elenak ezin zuen bere burua errudun sentitzeari utzi. Askotan pentsatzen zuen agian berak huts egin zuela nonbait, agian ezin izan zuela familiaren zatiketa modu egokian kudeatu. Hala ere, lanean jarraitzen zuen,betiko moduan, pazienteen aurrean irribarre egiten, nahiz eta barruan tristuraz beteta zegoen.

Bestalde, egunero edo ia egunero ospitalera iristen zen beste gazte bat zegoen: Nerea Gaztañaga. Autobusez egiten zuen ibilbidea. Leiho ondoko eserlekuan esertzen zen normalean eta kale berdinak ikusten zituen beti, denda berdinak, semaforo berdinak, eta bere buruari esaten zion agian hurrengo astean gauzak aldatuko zirela. Nereak giltzurrun arazo larria zuen eta dialisi saioetara joan behar izaten zuen maiz. Hasieran gogorra egin zitzaion, baina denborarekin errutina bihurtu zen, nahiz eta gorputzak neke pilatua sumatzen zuen. Bere ama Izaskun supermerkatu handi bateko arduraduna zen eta ahal zuen guztia egiten zuen alabari eusteko, ekonomikoki behintzat ez zuten behar handirik, baina osasun arazoek ez zuten diruarekin konponbiderik. 

Nereak ez zuen inoiz nahi izan inor hiltzea bera salbatzeko. Pentsamendu horrek deseroso sentiarazten zuen. Emaile bizi baten ideia gustatzen zitzaion gehiago, nahiz eta bazekien ez zela ohikoa. Hala ere, itxaropena ez zuen galtzen. Batzuetan nekatuta eta ahul sentitzen zen, baina bere barruan bazegoen indar txiki bat esaten ziona borrokan jarraitu behar zuela.

Unibertsitatean, berriz, Sara Leunda erizaintza ikasten ari zen. Bere bizitzan ere giltzurrunek markatutako historia bat zegoen. Bere ama urte luzez gaixo egon zen eta azkenean ezin izan zuen gaixotasuna gainditu. Sarak oso gertutik bizi izan zuen dialisia, ospitaleko itxaronaldi luzeak eta itxaropenaren eta etsipenaren arteko joan-etorriak. Amaren heriotzak hutsune handia utzi zion, baina aldi berean bultzada bat ere eman zion: osasun arloan lan egin nahi zuen eta, ahal bazuen, beste norbaiti lagundu.

Aita Tomas behin-behineko lanetan ibiltzen zen, ahal zuen tokian, eta diru-sarrerak ez ziren egonkorrak. Hala ere, etxean beti saiatu ziren elkarren arteko babesa mantentzen. Sarak askotan pentsatzen zuen bere amak emaile bat izan balu agian istorioa bestelakoa izango zela. Pentsamendu horrek bueltaka ibili zion buruan hilabeteetan zehar, harik eta erabaki bat hartu zuen arte: bera izan zitekeen beste norbaitentzat aukera hori.

Egun batean, ausardia pixka bat bildu eta Elenaren bulegora joan zen. Atea jo, eta barrura sartu zenean urduri zegoen, baina begietan segurtasuna nabaritzen zitzaion. Emaile izan nahi zuela esan zion. Elenak adi entzun zion eta, hasieran harrituta geratu bazen ere, berehala konturatu zen ez zela kapritxo bat edo momentuko ideia hutsa. Sarak informazioa bilatu zuen, arriskuak ezagutzen zituen eta erabakia nahiko ondo pentsatua zuen. Hala ere, Elenak azaldu zion prozesua luzea izango zela, azterketa medikoak eta ebaluazio psikologikoa pasa beharko zituela, eta azken erabakia ez zela berea bakarrik izango, bateragarritasunaren araberakoa baizik.

Proba guztiak egiten hasi ziren, eta bitarte horretan Sara askotan joaten zen ospitalera. Horrela ezagutu zuen Garazi. Haasieran topaketa arruntak izan ziren. Ama zain zegoen bitartean pasilloan  gurutzatutako begiradak edo kafe-makinaren ondoan trukatutako hitz laburrak. Pixkanaka, ordea, konbertsazio luzeagoak sortu ziren. Sara eta Garazi oso ongi eramaten hasi ziren, harreman sendoa eraiki zuten, Garazik Sara miresten zuen. Aspaldian sentitzen ez zuen zerbait piztu zitzaion barruan, agian inspirazioa edo agian besterik gabe ulertua izatearen sentsazioa.

Garazi berriro kalera ateratzen hasi zen,Sararekin paseoak ematen, kafe bat hartzen unibertsitateaz hitz egiten. Elenak urrutitik begiratzen zituen biak, eta barruan tristura sentitzen zuen, nahiz eta Sarari inoiz zuzenean ez esan. Bere alaba berriro mugitzen, berriro barre egiten ikusteak indarra ematen zion.

Medikuak azterketa aurrera jarraitu zuten eta azkenean albistea iritsi zen: Sara bateragarria zen.Eta hartzailea? Nerea Gaztañaga. Momentu hura berezia izan zen. Emaitzak baieztatu zirenean, hirurak—Sara, Nerea eta Garazi—ospitaleko gela batean elkartu ziren.  Urduritasuna airean nabari zen. Emaitzak onak zirela jakitean,besarkada luze eta isila eman zuten. Nerearen begietan malkoak agertu ziren, baina oraingoan ez ziren nekea edo tristura adierazten zuten malkoak, itxaropenarenak baizik.

Ebakuntzako eguna iritsi aurreko asteak emozioz beteak izan ziren. Beldurra ere bazegoen, noski. Nahiz eta arriskuak txikiak izan, kirurgia beti da kirurgia.Sarak une batez lasaitasuna sentitu  zuen gau batean, baina amaren irudia etorri zizaion burura eta lasaitasun guztia uxatu zen. Izaskunek alabaren eskua estutzen zuen maiz eta eskerrak ematen zizkion isilean Sarari.

Ebakuntza eguna iritsi zen azkenean. Orduak oso poliki igaro ziren itxaron gelan. Elena profesional moduan aritu zen, baina barruan emozio handia zuen. Ebakuntza ondo atera zela jakinarazi zutenean, arnasa sakon hartu zuten guztiek. Sararen errekuperazioa ona izan zen eta Nerearen gorputzak ondo hartu zuen giltzurrun berria.

Asteak pasa ahala, Nerea indarra berreskuratzen joan zen. Kolorea itzuli zitzaion aurpegira eta dialisira joan behar ez izateak askatasun sentsazio berria eman zion. Sara ere pixkanaka bere egunerokora itzuli zen, orbain txiki batekin baina harro.

Izaskunek ezin zuen barruko iskanbila isilarazi. Bazekien Sarak ez zuela ezer espero trukean, baina hala ere zerbait egin nahi zuen trukean. Sararen aita lan  bila zebilela jakinda, elkarrizketa bat eskaini zion bere supermerkatuan. Tomas urduri joan zen, baina lanerako aukera eman zioten eta, azkenean, kontratua sinatu zuen. Etxean lasaitu egin zen berriro.

Denborarekin, pertsona guztien bizitzak nolabait lotuta geratu ziren. Garazi berrio hasi zen ikasketeta eta unibertsitateko matrikula berritu zuen. Sarak eta Nereak adiskidetasun  sendoa sortu zuten, bizitzako momentu garrantzitsua partekatu zutelako. Elenak ikasi zuen batzuetan ezin direla gauz guztiak kontrolatu, baina bai ateak ireki eta konfiantza izan. Izaskunek eta Tomasek bigarren aukera baten balioa ezagutu zuten.