MADDI AZURMENDI MENDIZABAL
ARRISKUZKO GORDELEKUA
Kaixo, lagun:
Gelara sartzen ikusi zaitut, eta behingoz zuri zuzendutako hitz batzuk idaztera animatu naiz.
Duela urtebete igerileku kanpoaldean ezagutu nuen neska hura dut buruan; burua tente eta irribarre ederrarekin ibiltzen zinen lagunekin aurrera eta atzera: lehenengo uretara, gero igerileku ertzeko belardira eta berriro ere uretara. Oraingo neskatilak, ordea, ez du buruan iltzatuta geratu zitzaidan haren antza handirik…
Ez dakit lerro hauek irakurriko dituzun, ez baitakit bidaltzen ere ausartuko naizen, baina ikusten ditudan kontu batzuk ez dira nire gustukoak eta horregatik jarri naiz ordenagailu aurrean.
Kaixo berriro ere:
Egun gogorra izan da gaurkoa. Jolastokiko orduan, egunero moduan, ertz batean ikusi zaitut, bakarrik, eskuetan izaten duzun azenarioari zupadak ezkutuan ematen. Baina gaurkoa ezberdina izan da. Mutilak futbolean jokatzen ari zirela, baloia zu zeunden tokirantz jaurti dute eta zuk, baloia berriro itzuli nahian, ostikada eman nahi izan diozu, baina indarrik gabe geratu zara itxuraz, eta lurrera erori. Barre algaraka hasi dira mutilak eta “a zer nolako ostikada”, “odola falta zaizu” eta halako hitzak entzun ditut. Lotsagorrituta ikusi zaitut, baina, gaur ere koldarra izan naiz eta ez natzaizu gerturatu.
Arratsalde on:
Atzo ikasgeletako pasiloan ikusi zintudan, bakar-bakarrik, buru makur. Neska talde bat hurbildu zitzaizun zera esanez: “a zer nolako inbidia, oso gorputz polita duzu! Nik ere nahiko nuke zu bezala egon!”. Zuk irribarre txiki batekin erantzun zenien. Asko pozten naiz norbaitekin hitz egiten ikusi zaitudanean. Beno, afaltzera joan beharra dut, hurrengora arte.
Aupa:
Gaur goizean, ikastolaren sarreran ikusi zaitut, bolatxo bat eginda zeunden. Oso arropa zabalekin, goraino tapatuta. Uda denez, mundu guztia galtza motzak eta tirantedun kamisetarekin zegoen. Eguardian enteratu naiz matematikan hamarrekoa atera duzula; zorionak! Ikas-makina bat zara! Jende askok dio zure antza izan nahi duela. Niri zure notek ematen didate inbidia!
Zer moduz?
Gaur pena sentitu dut zuregatik. Izan ere, ikasgelan motxila bota dizutenean ezin izan duzu altxa. Ematen zuen elefante bat zeneramala barruan. Gero mutilak joan dira eta barruko guztia hustu dizute, baina agenda bakarrik zegoen bertan. Gela guztia barrez egon da zure kontura. Esan nahi nizun gelakide guztiak kakati eta handiusteko batzuk direla. Baina ni ere koldarra naizenez, kuadrillakoekin batera egon naiz zutaz barrez. Ez nuen zutaz barre egin nahi, baina denak algaraz lehertu beharrean zeudenez, nik ere barrez jardun dut. Eta orain oso gaizki sentitzen naiz. Sentitzen dut.
Hey!
Gaur jangelan bazkaldu duzu. Nik egunero bazkaltzen dut bertan eta lehenengo aldia izan da bertan ikusi zaitudana. Bazkari osoan zuri zelatan ibili naiz, eta ohartu naiz lehenengo platera, purea, erdia jan duzula. Ondoren, oilaskoa patatekin zegoen eta zaintzaileari eskatu diozu gutxi ipintzeko; orduan, oilasko zati txiki bat jan bezain laster, beste guztia paperzapi azpian ezkutatu duzu, eta patatak ondoan zenuen mutilari eman dizkiozu. Jogurta ere ireki duzu, baina ez duzu ukitu ere egin. Sukaldaria joan zaizu jateko esatera eta zuk esan diozu oso beteta zeundela. Gero komunera joan zarenean, jarraitu egin zaitut zerbait esateko asmoz. Baina, beste behin, ez naiz ausartu. Komunean itxi zara eta botaka egiten ari zinela ohartu naiz. Denbora luzez egongo zinen han barruan; izan ere, 10 minutu egon naiz atean zure zain, baina ez zarenez atera, jolastokira alde egin dut azkenean. Amorratzen nago ea noiz hitz egingo dugun.
Egun on:
Atzo arratsean etxera bidean zindoazela, zure atzean nengoenez, mugikorrean zer ikusten ari zinen kuxkuxeatu nuen. Momentu horretan, Instagrameko bideoak jaten ari zinela jabetu nintzen: neskak bikinian eta gorputz “perfektuak” bakarrik azaltzen ziren zure mugikorrean, eta haiei like-ak ematen ari zinen. Horren ondoren, errepidea semaforo gorrian pasatu zenuen korrika eta, zu konturatu gabe, motxilatik argazki bat erori zitzaizun. Udan ateratako argazkia dirudi eta bikinian ateratzen zara. Zer polita zauden! Gaur, zure mahaiaren azpian utziko dizut, ikastolan. Eta horrekin batera, ohartxo bat ere utziko dizut, zera esanez: “ez zaude bakarrik”.
Gero arte!
Kaixo:
Gaur, asteazkena denez, gorputz hezkuntza eduki dugu, soinketa, alegia. Atletismo pistara jaitsi gara eta erresistentziako proba tokatu zaigu: 30 minutuko proba. 5 aldiz pasatu zaitut; zu oinez zindoazen, baina aurretik sekulako lasterketa egin izan bazenu bezala, arnas estuka sumatu zaitut. 10 minutu falta zirenean proba amaitzeko, bat-batean lurrera erori zara zorabiatuta. Konortea itzultzeko 15 minutu luze itxaron behar izan ditu irakasleak. Gero etxera joan zara. Espero dut hobeto egotea.
Gabon:
Goizean beti bezala zure betiko txokoan ikusi zaitut. Normalean baino lehenago iritsi naiz eta han zeunden gaur ere, leiho azpiko zure gordelekuan. Baina gaur beste begirada bat zenuela jabetu naiz; izan ere, orain arte leihotik kalera begira egoten zinela uste nuen, baina gaur jabetu naiz begirada galduarekin egoten zarela, kristalean zure islari begira. Beti pentsatzen egoten naiz zein lagun onak izan gintezkeen… Baina noizbait espero dut ausardia hartzea zurekin hitz egiteko.
Gaur ostirala:
Egun osoan galdera bat eduki dut buruan. Zer gertatu da zuzendariaren bulegoan? Zure gurasoak ikusi ditut ikastolako eskaileretan gora aurpegi kezkatuarekin. Zu, berriz, euskarako klasean geundela deitu zaitu zuzendariak bere bulegora joan zaitezen. Pentsatzen dut aurreko eguneko soinketa orduko zorabioarekin lotuta egon daitekeela. Baina ez dakit. Handik bi ordutara irten zara zure gurasoekin. Beraiek aurpegi larritua zeramaten eta zu komunera joan zara ziztu bizian. Denbora asko egon zara barruan, negar zotinka entzun zaitut. Zerbait gaizki doala iruditzen zait, baina ez dut ideiarik. Ea astelehenean nola ikusten zaitudan. Asteburu ona pasa!
Azkenean, iritsi da astelehena!
Asteburu osoan buruan bueltaka izan dut ostiralean gertatu zitzaizuna. Lagundu nahian nabil, baina ez dakit nola. Beti bakarrik ikusten zaitut eta pentsatzen dut ez duzula izango lagunik barnea husteko. Gaur, ordea, inoiz baino gehiago egon natzaizu begira. Ohartu naiz ur piloa edaten duzula eta hamaiketakoa motxilan uzten duzula usteltzen. Hori beharrean, azenario bat ateratzen duzu egunero paper zati batetik. Baina gaur ere ez naiz zuregana gerturatzera animatu.
Irakasleak esan digu asteazkenean txangoa egingo dugula Donostiako Txuri-Urdinera! Joateko irrikitan gaude denok.
Kaixo, lagun:
Gaur lehen aldiz ausartu naiz zuri hitz egitera! Egia da pixka bat dezepzionatuta geratu naizela, uste nuen askoz ere alaiagoa zinela. Oso sentsazio garratzarekin geratu naiz. “Bihar Txuri-Urdinera joango garenez… pentsatu dut autobusean elkarrekin joan gintezkeela, ez dakit nahi duzun…” galdetu dizut. “Ondo da...” erantzun didazu ahots oso leunez. Ia zer esan didazun entzun ere ez dut egin! Baina biharko eguna iristeko irrikitan nago, ea autobusean zertaz hitz egiten dugun. Hitz egiteko gaien zerrenda bat prestatzen hasia naiz. Espero dut bidaia horrek elkartzen lagunduko digula. Seguru nago lagun bikainak izango ginatekeela!
Gaurko eguna…
Autobusean gindoazenean, nik bakarrik hitz egiten nizun. Eta ni hizketan ari nintzen bitartean, zu leihotik kanpora egon zara begirada galduarekin, ikastolan bezalaxe. Gero Txuri-Urdinera joan gara eta hasieran entzun zaitut tutoreari esaten ez zenuela patinatu nahi hilerokoarekin zinelako. Baina tutoreak behartu egin zaitu behintzat probatzera. Bueltaka ibii gara eta ni zure ondoan joan naiz tarte batzuetan. Tarte horietako batean, erori zarenean, eskumuturretik heldu dizut altxatzen laguntzeko asmoz. Momentu horretan, jende guztia barrez ari zen ipurdiz erori zarelako; ni, berriz, zur eta lur geratu naiz zure eskumuturreko hezurrak oso nabarmen zeudela konturatu naizenean. Zuk azkar-azkar eskua kendu didazu eta berehala kanpora irten zara, minduta. Bueltako bidean ez zaitut ikusi eta irakasleak esan dit ospitalera joan zarela. Kezkatuta nauzu.
Ondo zaude?
Gaur ez zara ikastolara etorri eta zuzendariak esan digu hanka puskatu zenuela atzo eta, seguru asko, denbora luzez egongo zarela ikastola zapaldu gabe. Oso kezkatuta nago. Zure eskumuturraren irudia ere ezin dut burutik kendu. Espero dut azkar bueltatuko zarela ikasgelara.
Bueltatu zara!
Gaur lehen orduan ikusi zaitut gurpildun aulkian irakasleak bultzaka ekarri zaituenean. Ikaskide guztiak zuri begira geratu gara eta zu beti bezain burumakur sartu zara ikasgelara. Gurpildun aulkian eraman zaitut zure mahaian utzi arte. Atsedeneko orduan, komunera lagundu dizut eta eskuak garbitzerakoan, jertsearen mahukak igo dituzu, eta hor ikusi ditut zure besoko lotailua eta ospitaleko eskumurrekoa. Zer den gertatu zaizun galdetu nahiko nizuke, baina ez naiz ausartu.
Non zaude?
Badira bi aste ikastolara ez zarela etorri, zutaz galdezka ibili naiz, baina ez daki inork ezer.
Kaixo:
Aste honetan zabaldu da beste ikastetxe batera joan zarela dioen zurrumurrua. Itxuraz, zure gurasoek behartuta joan zara. Baina ez dakigu besterik. Urduri nago.
Zure falta dut:
Badakit ez dugula inoiz lagun izateko aukerarik izan, baina zu korridorean eta zure gordelekuan ikusteak lasaitu egiten ninduen nolabait. Gelan ere zure mahaia hutsik dago. Nire barnealdean ere hutsunea sortu didazu, nahiz eta ia ez zaitudan ezagutzen.
6 aste igaro dira zure berririk ez dudanetik.
Hau irakurtzen ohartu naiz ni naizela emailetakoa. Laguntza behar nuen, baina ez nintzen jabetzen. Orain lau pareta hauen artetik idazten dizkizut lerro hauek, berriz ere bakarrik.
Ikastolako gordelekuan burumakur ikusten nuen neska lotsati hark nire antza handiegia du; izan ere, ni neu naiz. Ez dut inor eduki nire ondoan eta bakarrik amonak oparitutako koadernoa eta aitonak oparitutako boligrafoa izan ditut ondoan. Ez dakit zenbatetan egin dudan amets lagun on bat izatearekin. Baina hori beharrean, hemen nago ospitaleko nire logelan, ohearen alde banatan eskuak lotuta, medikuen hitzetan “neure buruari min gehiago ez egiteko”. Ikastolatik deia jaso arte, familiak begiratu ere ez zidan egiten, eta orain, berriz, hemendik ez dira atera ere egiten. Besoetan hodi fin batzuk ditut jarrita eta janaria sartzen omen didate horietatik. Psikiatra etortzen hasi zenean, ez nuen ulertzen zergatik nengoen bertan, baina egunen poderioz begiak irekitzen lagundu dit. Orain nire istorioa idaztera ausartu naiz, pixka bat psikiatrak behartuta. Berak dio nire kontakizuna beste neska eta mutil askorentzat lagungarria izan daitekeela. Baina nik zalantzak ditut, oraindik ere bide luzea baitut aurrean sendatu arte. Izan ere, konortea galdu nuen egun hartan, ospitalera joan eta medikuek “anorexia” hitza aipatu zidaten lehen aldiz. Ez nien kasurik egin, baina ikastolako psikologoak ere argi utzi zidan egoera larritu baino ez zela egingo. Horrexegatik nago hemen. Oso momentu latza izan zen gurasoek txostenean “elikadura jokabidearen asaldura” irakurri zuten hura. Hortxe esan zidaten nire bizitza arriskuan jarri nuela Interneteko neska horien gorputza lortzeko. Badakit bidea ez dela erraza izango. Beste pertsona baten lekuan jarrita ere ez naiz konturatu zer gertatzen ari zitzaidan. Eta badakit: nire gordeleku “seguruak” ia hilkutxara eraman nauela, baina suntsitzea lortuko dut.


