AIERT ARSUAGA LANDETA
GERATZEN DENA EZ DA INOIZ GALDUKO
Txikitatik pixka bat ezberdina izan naiz eskolan. Ez zen gauza nabarmen bat, ez behintzat begi-bistakoa. Ez nuen arropa arrarorik eramaten, ezta portaera berezirik ere. Baina lehen hitza esaten nuen unean, zerbait apurtzen zen giroan. Euskaraz ari nintzen, bai, hitzak zuzenak ziren, aditzak ondo erabiliak, baina nire ahoskerak ez zuen bat egiten besteekin. Bazegoen zerbait zentzugabea, sotila, baina nahikoa galdera bera behin eta berriz entzuteko. “Zuk zergatik mintzatzen duzu horrela?” “Ez al da apur bat arraroa?”
Galdera horiek ez ziren soilik kuriositate hutsa, haien burlen arrazoi nagusia ziren, horrek nire ama-hizkuntza, euskara, beste batzuen beldur eta ezjakintasunaren aurrean oztopo bihurtzen baitzuen.
Hasieran ez nion garrantzi handirik eman. Umeek askotan esaten dituzten gauzak zirela pentsaturik, baina denborarekin, ahoskera hura zama bihurtu zen, nire bizitzaren zati bat bezala, ezabatu ezin zena. Ez nintzen deseroso sentitzen, baina erabat eroso ere ez. Nire ahotsa ez zen guztiz hemengoa, eta horrek sortzen zizkidan deserosotasunak ez ziren soilik sozialak, emozionalak ziren, barnekoak. Eskolan, oro har, nire lagunek barre egiten zidaten, eta horrek astiro-astiro nire barnealdean hausturak sortzen zituen, baina baita indarra ere. Ohartu nintzen nire ahoskera ez zela akats bat, baizik eta nire familiaren jatorria, belaunaldiz belaunaldi transmititutako memoria bat. Nik orduan ez nekien ahotsak ere memoria duela, eta horrek nire identitatea eraikitzen zuen, ez ziren soilik hitzak, nire bizia ziren.
Garai hartan, ez nuen informazio asko jaso nire familiaren inguruan, datu solteak bakarrik nituen buruan. Nire aitona Hego Ameriketan jaioa zen, eta hori beti jakin izan dut, baina urte askotan datu hutsa besterik ez zen izan niretzat. Gaztea zela, lan bila etorri zen Euskal Herriko herri txiki batera, non paisaiak eta jendeak ez ziren ezagunak berarentzat. Garai haietan, ez zen ohikoa euskara entzutea lantokietan, ezta auzo askotan ere. Bizitza aurrera ateratzeko, moldatu egin behar izan zen, eta aitonak hori oso azkar ikasi zuen. Erdara zen lanean erabiltzen zuen hizkuntza, biziraupenarena, baina baita komunikazioarena ere, non hitzak ez ziren soilik emozioak adierazteko, baizik eta eguneroko beharrak asetzeko. Euskara, berriz, inguruan aurkitzen zen zerbait zen, baina ez beharrezkoa, eta horrek aitonari izua sortzen zion, ez zen jakintasunaren beldurra, aldaketaren beldurra zen. Horregatik ez zuen inoiz ikasi. Edo behintzat, ez zen inoiz ikasten saiatu. Ez zegoen horretarako tokirik, ez denborarik, ezta ausardiarik ere.
Bere gaztaroan, hizkuntza nagusia erdara zuen, eta horrek bere pentsamendua moldatu zuen, euskara ez zen aukera bat. Herri hartan ezagutu zuen nire amona, haren emaztea, eta hori ez zen kasualitatea, maitasunak bi mundu elkartu zituen. Euskara zen bere hizkuntza nagusia, etxetik zekarrena, eta berarentzat ez zen aldarrikapen bat, ez gauza urrun bat, eguneroko bizitza zen. Bi mundu horiek lotu zirenean, etxe berean bizi izan ziren, baina ez berdintasunean. Erdara nagusitu zen, erosotasunarekin, inertziaz, eta horrek zuen desoreka, ez zen bakarrik hizkuntza aldekoa, emozionala ere bai, amonak bere hizkuntza isildu behar izaten baitzuen batzuetan.
Nire aita bi hizkuntzetan hazi eta hezi zuten, teorian, behintzat. Praktikan, erdara zen nagusi, aitonari errazena egiten zitzaiolako, familiako elkarrizketak hizkuntza horretan egiten ziren. Euskarak bazuen lekua, bai, baina bigarren mailakoa, eta horrek aitari frustazioa sortzen zion, ezjakintasunaren frustrazioa, aukera galduaren frustrazioa. Urteak joan ahala, historia berriz ere errepikatu zen. Nire aitak lanean hasi behar izan zuenean, aitonak lana galdu zuen, eta berriro bere jatorrizko herrialdera joatea tokatu zitzaien. Beste behin, maletak, agurrak, hizkuntza berriak, eta horrek ez zuen soilik lekualdatze bat islatzen, emozioak baizik, urte askotan zehar beraien lurraldea edota gordelekua izan zelako. Urte asko eman zituzten han; nik ez nuen garai hura zuzenean bizi izan, baina etxean beti sumatu izan ditut lekualdatze horren arrastoak: ez hemen ez han egotearen sentsazioa, poliki-poliki nire familian hausturak sortzen zituena.
Urte askoren ondoren, berriro Euskal Herrira itzuli ziren. Ordurako, aitona zahartzen hasia zen, eta denbora beste modu batean igarotzen zen berarentzat, polikiago, oroitzapenak pilatzen zituena. Amonak, aldiz, arnasa hartu zuen berriro. Bere hizkuntza kalean entzuteak lasaitasuna ematen zion, eta horrek bera berpizten zuen. Aitonak askotan esaten zuen euskara hizkuntza ederra iruditzen zitzaiola, melodikoa, berezia. Baina beti gauza bera gehitzen zuen gero, irribarre erdi triste batekin: “Beranduegi da orain”. Nik uste dut hori ez zela guztiz egia. Berandu baino gehiago, beldurra zen, hizkuntza berri bat ikasteak norbera biluztea eskatzen duelako. Akatsak egitea. Haur baten moduan hitz egitea. Eta hori ez da erraza bizitza osoa beste modu batean bizi izan duenarentzat.
Ni hazi nintzen heinean, euskara gero eta gehiago nire bihurtu zen. Eskolan, lagunartean, pentsamenduetan, eta horrek nire ahoskera indartzen zuen. Eskolan, lagun batzuek nire ahotsa imitatzen zuten barre egiteko, baina beste batzuk interesatzen ziren, eta horrek nire konfiantza handitzen zuen.
Egun batean, ausartu egin nintzen. Aitonari proposatu nion hitz batzuk erakustea. Ez klase moduan. Ez libururik, ez araurik. Hitzak besterik ez. Egunerokoak. Bizitzakoak. Hasieran barre egiten zuen, eta horrek nire bihotza estutzen zuen. “Hori ez da niretzat,” esaten zuen, baina pixkanaka, hitzak geratzen hasi zitzaizkion. Esaldi laburrak. Akats askorekin, bai, baina gero eta segurtasun handiagoarekin. Nik ez nuen zuzendu. Entzun egiten nuen, eta horrek berak beldurra arindu zion. Denbora pasatzen zen, eta egunero tarte txikiak hartzen genituen. Goizeko eguzki izpiak nire logelara sartzen ziren, eta sukaldeko mahaiaren inguruan hitz egiten genuen. Hitz bakoitza zenbatua, errepikatua, barre txiki batekin, akatsak onartuz. Aitonak nire begirada baten bidez ikasten zuen, baina baita nire ahotsa sentituz ere. Hitz bakoitzak emozio bat zeraman, eta horrek prozesua aberasten zuen.
Hala eta guztiz ere, beti ez zen dena guztiz erraza. Behin, aitona frustrazioa sentitzen zuen egun batean, non hitzak ez ziren irteten, eta horrek bere barnea suntsitzen zuen. “Zergatik ezin dut?” galdetzen zuen eta nik lasaitu egin nuen. Horrek ideia berri bat eman zidan: aitona bere gaztaroaren oroitzapenak kontatzen hasi zen, haren familia eta etxearen inguruan. Zerua euriarengatik estalita zegoen egun arrunt batean, amona ere sartu zen prozesuan, eta horrek familia osoa elkartzen zuen. Amonak bere esperientziak partekatzen zituen, eta horrek aitonari indarra ematen zion, ez jakitearen beldurra gaindituz.
Egunero, atsedenik gabe, mantso-mantso, hizkuntza bereganatzen zuen. Ez zen prozesu azkarra, ezta betirakoa ere. Baina zahartzen den heinean, euskarak leku handiagoa aurkitu zuen bere bizitzan. Paisaiak, egunsentiak, eta gure etxeko soinuek bat egiten zuten hitzekin; ahotsek, oroitzapenek eta akatsek denborarekin sinfonia bat osatzen zuten. Nire aitonaren barruko oroitzapenak islatzen zituen, eta nik laguntzen nion hori askatzen. Egunetik egunera, euskara bereganatzen joan zen, zahartzen den heinean ere, beti nire alboan, nire eskutik ikasten.
Gero eta esaldi luzeagoak egiten zituen. Hasieran “Kaixo” edo “Barkatu” bezalakoak ziren, geroago “Nola zaude?” edo “Gaur eguna ederra da” bezalako esaldiak, eta azkenean, bere emozioak guztiz adierazten zituen. Azken urteetan, aitonak euskaraz egiten zuen guztia. Ez bikain. Ez beti zuzen. Baina gogotsu. Batzuetan esaldiak nahasten zituen, beste batzuetan hitzak asmatu. Eta horrek ez zuen axola, niretzat aberastasuna zelako.
Behin, oso ahul zegoela, eskua hartu eta esan zidan: “Asko eskertzen dut niregatik egin duzun guztia, orain badakit nire ahotsa non zegoen.” Orduan ulertu nuen nire ahotsa ez zela zama bat, ez zen akats bat. Belaunaldiz belaunaldi bidaiatu duen zerbait zen. Nire aitonaren isiltasunak, nire aitaren erdibideak eta nire ikaskuntzak osatutako ahotsa. Aitonak bere ametsa bete zuen zahartzaroan, eta azken egunetan, ahoan betiko pozaren usaina zuen. Nire eskutik ikasi zuen, nire pazientzia eta soinuaren bitartez, eta nik badakit horrela amaitu dela bere istorioa. Nik, orain, nire ahotsa daramat, ez lotsaz, baizik eta memoriaren pisuarekin; nire hizkuntza ez delako hutsetik sortu, bizitzatik baizik, eta horrek etorkizuna ere eraikitzen du, non identitatea ez den finkoa, baizik eta etengabe aldatzen dena.


