AIORA URTEAGA JAUREGI
NIRE BIZITZAKO LASTERKETA
Urduritasuna nabaritzen hasi naiz, nire gorputzeko gihar bakoitzean sentitzen dut azkenaldi honetan gainetik kendu ezin izan dudan tentsioa.
“taup,
taup,
taup,
taup…”
Bihotza bularretik atera behar zaidala iruditzen zait, baina hala ere, kezkak uxatzen saiatzen naiz, badakit eta bestela ez naizela helmugara garaile iritsiko. Urduritasunak lasaitu nahian nire buruari xuxurlaka hasi naiz.
“Prest nago,
instant honen zain daramazkit hilabeteak,
beste edozer gauza baina gehiago desio duzu hau,
nire momentua da...”
Nire bihotzaren taupadak lausotzea lortzen dudanean, ingurura begiratzen dut, besteak ere ni bezalaxe daude. Ezin dituzte ezkutatu euren urduritasunak, euren begietan garbi ikusten dira. Nekez beteriko taupadak entzun daitezke euren bularrtatik.
“taup,
taup,
taup,
taup…”
Besteen bihotz taupadetatik eta begi beldurtuetatik, eskumuturrera eramaten dut nire begirada. Ordua begiratzen dut, berehala hasi beharko litzateke lasterketa. Erlojuko orratzen mugimenduan kontzentratzen naiz. Erlojuko orratzek ere ezin dituzte ezkutatu euren ezinegonak, etengabe mugitzen dira. Arreta jarriz gero erraz entzuten da euren mugimendua.
“tik-tak,
tik-tak,
tik-tak,
tik-tak”
Lurrera begira jartzen naiz, edozein momentutan hasiko da. Nire gorputzari kolpe batzuk jotzen dizkiot, laister irteera seinalea emango dute eta adi egon behar dut. Nire beso eta hanketan golpetxoak eman ostean, jauzi txiki batzuk egiten ditut, beroan sartzeko. Lasterketa hau hasteko gogoz nago, nire bizitzako lasterketa izango da.
“taup-taup,
taup-taup,
taup-taup,
taup-taup…”
Nire ingurura begiratzen dut azken aldiz, nire alboan dagoen jendea ere irteteko prest jarri da, lur gorriaren zehar ilara moduko bat sortuz. Helmugara garaile iristean gertatuko zaizkidan gauzak irudikatzen hasten naiz, nire gorputza lasaitzeko azken saiakera batean.
“Urrezko domina jasoko dut,
beso zabalik hartuko naute,
nire ahalegina zorionduko dute,
eginiko lan guztiak zentzua hartuko du…”
Irribarre bat marraztu zait aurpegian. Helmugan pentsatzeak, nire saiakera, sakrifizio eta buruhausteei zentzua ematen die. Hona iristea gehiegi kostatu zait, garaile izan beharra dut, ezin dut nire lan guztia pikutara bota.
“taup-taup,
taup-taup,
taup-taup,
taup-taup…”
Antolattzaileetako batek, lasterketa edozein momentutan hasiko dela esaten digu eta iskin batera joaten da, zorte ona opaz. Bat-batean,“PUM!” lasterketaren hasiera adierazten duen tiroa entzuten dut. Korrika hasten naiz, pausoz-pauso helmugara hurbilduz.
“bat-bi,
bat-bi,
bat-bi,
bat-bi…”
Nire zankadak zenbatzen noa, ezinean noala ez pentsatzeko. Gelditzea ez da nire aukeretako batean sartzen. Ahalik eta azkarren jarraitzen dut korrika, begiak itxiz, helmuga irudikatuz.
“taup-taup
taup-taup,
taup-taup,
taup-taup…”
Oxigenoa falta zaidala nabaritzen dut, bihotzak taupa egiten didan bakoitzean hartzen dut arnas. Helmugan pentsatzeak ez dit lagundu oraingoan. Arnasestuko noan arren, atzera ez begiratzen saiatzen naiz, orain arte egin dudan moduan.
“pum, pum,
pum, pum,
pum, pum,
pum, pum…”
Lasterketa hasi denetik gelditu gabe entzun diren tiro hotsak, geroz eta gertuago daude, baina helmuga ere geroz eta gertuago dago.
“taup-taup,
taup-taup,
taup-taup,
taup-taup…”
Nire hankak nekatuta daude baina ezin naiz gelditu, jada helmuga usaindu dezaket. Kresal usainarekin batera, olatuak entzuten ditut.
“shh, shh,
shh, shh,
shh, shh
shh, shh…”
Helmugara eramango nauen txalupara segtuan iritsiko naiz.
“taup-taup-taup,
taup-taup-taup,
taup-taup-taup,
taup-taup-taup…”
Olatuen eta nire taupaden gainetik, garrasiak entzuten ditut. Tiroek pertsonak harrapatzean lurra gorriz margotzen da, zerua oihuz bete ahala.
“ahh, ahh, ahh,
ahh, ahh, ahh,
ahh, ahh, ahh,
ahh, ahh, ahh…”
Tiro hotsak geroz eta gertuago daude, oihuak ere geroz eta gertuago daude, lurra ere geroz eta gorriagoa dago, baina kresal usaina geroz eta sakonagoa da eta olatuak ere geroz eta gehiago entzuten dira; helmuga geroz eta gertuago dago.
“taup-taup-taup,
taup-taup-taup,
taup-taup-taup,
taup-taup-taup…”
Helmugan dut nire arreta guztia, ez dut atzera begiratzen. Nire barnean, badakidalako jendea eta tiro hotsak ez direla atzean uzten ari naizen gauza bakarrak.
Nire senideak eta lagunak ere atzean uzten ari naizela dakidalako.
Nire ama-hizkuntza ere atzean uzten ari naizela dakidalako.
Nire oroitzapenak ere atzean uzten ari naizela dakidalako.
Maite eta ezagutzen dudan guztia ere atzean uzten ari naizela dakidalako.
Nire senideak, lagunartea, ama-hizkuntza, ohiturak, oroitzapenak eta ezagutzen dudan bezala nire bizia atzean utzi nahi ez dudan arren, korrika jarraitzen dut.
Hezkuntza bat jasotzea merezi dudala dakidalako.
Egunero nire bizitza arriskuan ez jartzea merezi dudala dakidalako.
Bakean bizitzea merezi dudala dakidalako.
Etorkizun bat izatea merezi dudala dakidalako.
“taup-taup,
taup-taup,
taup-taup,
taup-taup…”
Nire bihotza sutan dago, itxaropenez beteta. Begiak helburuan iltzatuta. Hondartzan nago. Txalupa pare bat metro aurrerago, jada uretan. Nire azken pausuak ematen ditut, hankak arez betetzen zaizkidan bitartean, nire lehen pausuak ematen ikusi zidan hondartzaz agurtzen naiz, ni jaio eta hezi nintzen herrialdeaz. Uretara sartzen naiz txalupara heltzeko, oinak eta masailak ur tantanez beteta. Nire oinak txaluparen barruan daude. Lortu dut. Helmugara garaile iritsi naiz.
Txalupa itsasoan beste aldera iritsi da. Oraindik uretan nago, txaluparen ondoan. Egin dut eta nire helburua bete dudan arren, beldur naiz.
“Inork ez dit urrezko dominarik eman,
ez didate beso zabalik hartu,
ez dute nire esfortzua zoriondu,
eginiko lan guztiari ez diot zentzu gehiegi bilatzen…”
Baina begiak ixten ditut, arnasa hartuz eta nire bihotzaren taupadak sentituz. Olatuek kontinente berrira bultzatzen naute, gonbidapen moduko bat eginez. Eguzkiaren printzen goxotasuna sentituz, begiak ireki eta aurrera begiratzen dut. Iada ez dut helmuga bat ikusten, itxaropena baizik, eta badakit ematen dudan urrats bakoitzak, taupada bakoitzak, etorkizun bat eraikiko dutela. Hau ez delako nire bizitzako lasterketa, nire bizitza delako.


