Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

IZADI FURUNDARENA AGIRRE

B Maila Bertsoa 1. saria
Hamasei urteko Aramarra naiz, nahiz eta azken urteak Beasainen bizitzen egon. Gure kulturaz gozatzea eta eremu desberdinetan parte hartzea gustatzen zait, musika eta dantza munduan batez ere.
IZADI FURUNDARENA AGIRRE

GORPUTZA MAITATU EZINIK

Begiratzen diot egunero

atetik sartzerakoan,

nahi nioke esan belarrira

hemen naukazu alboan,

badakit pausoa ematea

zail duela oraingoan,

burua ezezkoan duela

kontrara ezin naiz joan.

 

Denboran atzera egiten dut

egunero ametsetan,

garai bateko neskatxa hura

berriz ikusten dut bertan,

gizarteak garamatza bide

zailetatik batzuetan,

gure gorputza ezin maitatu,

ispilua gezurretan.

 

Anorexiak harrapatuta

zenbat gazte inguruan,

zerbait egiten saiatzen gara,

kontu handiz, sekretuan,

aurrez aurre hitz egiten bada

ihesi doaz ziztuan

edozein aitzakia ona da

gordetzeko ezkutuan.

 

Badakizkit bere trikimailu

eta bere sekretuak,

kafea eta sagarra ditu

bere menuan sartuak,

horrekin batera paseoan

eman ondoren orduak,

“gaur ere lortu duzu jaistea”

esango dio pisuak.

 

Gaurkoan lortu dut aurrez aurre

berari begiratzea,

guzti hau urrutiegi joan 

dela garbi esatea,

egoeraren larritasuna 

zein den berak entzutea

eta sentitzen dugun beldurraz

elkar gogor estutzea. 

 

Bide luzea jarri da martxan

baina bere mesedetan,

ospitaleko egunak luze,

gure bisitak tartetan,

baina orain esperantza badut,

ez bakarrik ametsetan,

laister izango dudala berriz

nire laguna bueltan.

 

Doinua: Ama Euskadi