Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

DUNA URTEAGA JAUREGI

A Maila Prosa 1. saria
Duna Urteaga Jauregi naiz, Beasaindarra, eta 2009. urtean jaio nintzen. Txiki-txikitatik gustatu izan zaizkit idaztea zein bertsolaritza eta urtero aurkeztu izan naiz Beasaingo Idazlan Lehiaketan.

BITAN BADAEZPADA

Begiak kliskatu, bitan badaezpada, honek ezin du egia izan, hau besteei gertatzen zaie ez norberari. Hemendik ihes egin nahi dut, errealitate honetatik, arnasa sakon hartu nahian nabil, baina ezin, azkarra da, azalekoa, zuk eginiko mina ez bezala. Ihes egiteko arnasa baina gehiago behar dut.

 

Azkarra izan da, azkarra bai baina amaigabea, azken hogeita hamar minutuetan gertatu denaz ezin dut pentsatu, ezin dut irudikatu. Aldi berean ordea, oso presente dago. Oso presente dago nire buruan, nire azalean, horma hauetan, airean. Munduak jakingo balu bezala da, baina ez daki aski, ez daki barneko oihuaz, hori ez du entzun oraindik.

 

Nola egin oihu? Nola ahotsa bera ere zikin geratu denean? Non topa dezaket indarra horretarako? Ezin dut hitzik topatu. Zu aise atera zara komunetik, ni ordea harrapatuta nago, giltzapean banengo bezala, hormek ere epaitzen naute ia, nola aterako naiz? Kanpoko epaia bortitzagoa izango da agian.

 

Gainean dut mundua; munduaren epaia, nire mundua, nire burua. Bueno, jada ez da nire, jada ez dut ezagutzen, begiak kliskatzen ditut berriro, bitan badaezpada, trakets, baina geldo, dena amets gaizto bat denaren esperoan. Ez da horrela, egia izaten jarraitzen du, orbandutako lau pareta hauen artean nago oraindik.

 

Orbanei erreparatu, barrua isilik da, kanpoan aldiz zarata da nagusi; bat, bi, hiru, lau… asko dira orbanak. Orbanek zorabiatzen naute; azken hogeita hamar minutuetan gertatutakoak zorabiatzen nau, eta hori gogorarazten didate orbanek, neroni ere orbanez josia bainago orain. Buruak mila buelta ematen dizkit, mila une oro, hormek nire epaia erabakitzen darraien bitartean. Lehen musika zena, zara da orain, ezin dut jasan, horrek ere zorabiatzen nau. Nahasgarria da, haren erritmora hasi da dena, ez du ordea erritmo xamur horren zerikusik izan. Bortizkeria izan da, hori besterik ez.

 

Pentsatzea ere nekeza da, ideiak ordena egokian kolokatu behar dira, baina nekez egiten da hori, buruak bueltaka darraien bitartean. Agian horregatik izan da dena, barrara gerturatzerako pentsatu behar nuen, hau guztia, gerta zitekeen guztia. Buruak ez dio bueltak emateri uzten ordea. Beraz, ez da erru kontua, zer da ordea, nola geldi dezaket barrua hartzen ari zaidan higuin hau? Barran egon izanak ez dio pentsamenduari laguntzen, zorabioa da nire jabe.

 

Nire galtzak oraindik ere lurrean daude, halaxe nago ni ere. Hartu egiten ditut, eta era baldarrean bada ere, janzten hasten naiz. Azalak min egiten dit galtzak igo ahala; azal guztia dut minbera, azala eta bihotza. Hala nola zeharkatu dut lehen atea, niri begira dago iturria, niri begira dago ura. Iturria ireki eta aurpegia garbitu, bitan badaezpada, osorik garbituko nintzateke orain, orban guztiak kentzeko asmoz. Xaboiaren bila botoia sakatu, eta kaka! ez da xaboirik geratzen. Beste behin ere ura pasa, jada birritan egin dut, baina oraindik ere zikin jarraitzen dut. Xaboia dut desira orain.

 

Desira dudan arren ez dago. Gauza asko ditut desira, gertatu den hori guztia ez gertatu izana, hori da nire desirarik sakonena. Pentsatze hutsarekin arnasa bizkortzen hasten zait, buruak geroz eta buelta gehiago ematen dizkit. Arnasa hartu, sakon, bitan badaezpada, buruak bueltak emateari uztea nahiko nuke, baina ezinezko zait.

 

Konketari begira nago oraindik, badakit zer dagoen konketaren gainean, baina ez daukat nahikoa indar burua altxatzeko. Zure zipriztinez zikindu duzun larruazalari erreparatu beharko nioke, eta egin nahi dudan azken gauza da, ezin dut jasa nire azalean utzi duzun marka. Gainera badirudi marka hori betiko dela, ez da begirada hutsez ikusten den horietakoa, baina sakon sentitzen da, beste edozein marka baina askoz ere sakonago.

 

Ispilu baten aurrean jarri beharko naiz noizbait, inoiz derrigortu beharko dut nire burua. Apika orain da memento egokia, dena lehenbailehen gainditzea komenigarria da, komenigarri zein lazgarria. Hiru arte kontatu eta burua altxa dut, ai ama! ez dakit nor naizen. Ile orrazkera berbera, kolore berberak, dena lehen bezalakoxea da. Hala ere, ispiluan ageri den pertsona hori ez naiz ni, ez naiz betiko ni; jada ez naiz lehen nintzena. Begiak kliskatu, bitan badaezpada; oraindik ere badut dena ametsa den esperorik. Ispilu aurrean jarraitzen dut ordea, badirudi egia dela.

 

Jada mila aldiz saiatu naiz amets gaizto honetatik esnatzen, eta ez dut lortzen, egia izango delako da segur aski ala ere zaila da onartzea; errealitatea hain gordina denean, dena amets gaizto dela pentsatzen duzun ametsean bizitzea leunagoa da. Ispiluari berriro ere begiratu, eta ezin dut malkoak isurtzea saihestu. Bata bestearen atzetik ateratzen zaizkit, aurpegia goitik behera zeharkatzen didate, suminez atera bazaizkit ere hotz sentitzen ditut masaian.

 

Zergatik? Zergatik hautatu nauzu ni? Zergatik egin didazu hori guztia? Ez naiz tabernan dagoen neska erakargarriena, ez aurpegiz, ez gorputzez. Zure jokoan erori naiz bai, ala ere ezin dut ulertu zergatik erabaki nauzun ni zure joko zikin horretarako. Ziur aski eroriko nintzela uste zenuelako da, eta arrazoi zenuen, erori naiz. Alabaina beste asko ere eroriko ziren, ia seguru nago.

 

Berriro ere negarrez hasi naiz, jada ez dira malko soil batzuk, begietatik ur jario izugarria datorkik masailetara, oraindik ere hotz dago ura. Nolatan hasi naiz horrelakoak pentsatzen? jasan dudana jasan behar izatea ez diot inori opa. 30 minutuz zure atzaparren menpe egon naiz, nahi izan duzun guztia egin duzu nirekin.

 

Nahi ez dudan arren etengabe datozkit irudiak burura. Oka egiteko gogoa jartzen zait irudi horiek buruan ditudanean, oka egiteko gogoa dut memento honetan. Gainetik kendu nahi ditudan arren, badirudi betiko atxiki direla nire burura.

 

Ohartu ere egin gabe sartu naiz berriro komuneko bigarren atearen barnera. Lehen ausardiaz egin dudan aurrerapauso txiki hori jada desegin dut. Kasik onena betiko hementxe geratzea izango da, horrela hormek soilik kritikatuko naute, hor kanpoko bortizkeriarekiko babesa eskaintzen didate horma horiexek. Aldi berean, oihu egiteko desira datorkit barne barnetik, indar handiz, kanporatzen saiatzen naiz, bitan badaezpada, baina ez naiz kanporatzeko gai, saiatzen naizen bakoitzean buruak burrunba egiten dit, burrunba jasangaitza da.

 

Ez dakit zer egin, komunean nago, lurrean eserita, belaunak bularrean ditudalarik. Bola bat banintz bezala ahalik eta espazio gutxien hartzen ahalegintzen ari naiz. Gorputz zikin batek ez du espaziorik merezi. Mugikorra hartzea erabaki dut, galtzako patrikan dago, lurrean utzi dizkidan galtzen patrikan. Norbait deitzea pentsatzen dut, nor ordea? Horrelakoak ez dakit nori kontatu behar zaizkion.

 

Bat-batean ahots bat entzuten hasi naiz, goxoa da, besteekin alderatuz hurbil entzuten da. Berriro ere inarrak hartu, eta jertsearen maukarekin malkoak lehortu ostean, atea zeharkatzea erabaki dut, berriro ere lehen ate hura. Oraingoan ere ozta-ozta jarri naiz zutunik, ozta-ozta gurutzatu dut atea. Kantaren doinuak xamurrez abesten ari zen neska bat-batean niri begira geratu da, "Ondo zaude maitea?" galdetu dit, ez gara ezagutzen, baina hala ere goxotasun osoz esan dit. "Bortxatu egin naute" erantzun diot nik.

 

Hitz horiek nire ezpainak zeharkatu dituztenean, nire barneko oihuari irteten utzi izan banio bezala izan da. Aldi berean, esaldi osatu behar izanak, min egin dit. Zuk utzitako orbanak berriro ere nabarmendu balira bezala izan da. Berak ez du hitzik esan denbora batez, besarkatu egin nau, estu. Hori zen behar nuena. Besarkada jada berriro topatuko ez nuen gune seguru bihurtu zait, kanpoan espero nuen bortizkeriaren oso bestelakoa izan da. "Lasai egin negar maitea" esan dit, eta malkoak berehala hasi dira nire masailetan behera. Orduan, begiak kliskatu ditut, bitan badaezpada, besarkada benetakoa dela ziurtatzeko.