AMAIA SARASOLA AUZMENDI
HAUTSETATIK
HAUTSETATIK
“Perfekzioa fosil bat da, hildako zerbait, bizigabea”
Karmele Jaio. Harrizko bihotza.
Dena aldatzen da,
etengabe,
etenik gabeko munduan.
Lohiz betetako orbel zapalduan
ez dira antzematen
hanka sartu ondoren
bertatik ateratzeko ahaleginen zantzuak.
Zain geratzen gara orduan
noiz ote diren hozituko
hosto idor izatera iritsiko diren kimuak,
noiz ote den birsortuko hildakoa.
Konturatu gabe
desegiten dugu egindakoa,
berregin desegindakoa,
kamustu zorroztutakoa,
zorroztu kamustutakoa,
bizitzak aurrera darraiela sinesten dugunetan.
Izoztuta geratzen gara besteetan,
izuaz hotz, estatiko,
gure esku dagoena
nola egin ez dakigula,
ahalmenak
eskuetatik ihes egin baligu bezala.
Denbora harrizko bihurtzen da
etenik gabeko munduan
ezer aldatzen ez badugu,
hamaika kezka, milaka nahi, milioika helburu
eskuetatik labainka sentitzen ez baditugu.
Harginak baikinan
harrizko moldea desegin,
bizigabea den fosila
zatitan hautsi,
eta hauskortasunez,
minari aurre egiteko beldurrik gabe,
perfekzioaren zantzuak dituzten
hauts partikula txikiekin
etorkizun hurbil baten hasiera trazatzea
ez da hutsala.
Orbel zapaldua
astinduko du berriz haizeak.
Ahaleginen zantzuak
loratuko dira
zapaldua izan zen lurrean.
Dena aldatzen baita
etengabe,
etenik gabeko munduan.


