Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

JULENE BEGIRISTAIN IRAZUSTABARRENA

A Maila Prosa aipamen saria

SAIHESTEZINA ZEN

Robet Blackwood nire laguna zen.

 

Iraileko egun arrunt bat zen eta udazkenarekin batera etorri zen lana. Robert ohetik jaiki eta bere eguneroko errutina martxan jarri zuen: dutxatu, hortzak garbitu, jantzi, etxetik atera, kafea erosi betiko kafetegian eta lamera joan. Polizien estazioan sartzean mundu guztiak agurtu zion eta egunero bezala, bere mahaian eseri zen lanean jartzeko prest. 

 

Bat batean, bere nagusiak paper sorta bat jaurti zion mahai gainera. Robertek burua altxatu zuen, ez baitzekien zer gertatzen ari zen.

 

- Zer uste duzu ari zarela egiten hemen? - galdetu zion nagusiak.

 

Robert, harrituta, ondorengoa erantzun zion: - Lana? Ez dakit zer esan nahi duzun.

 

Nagusiak orduan botatako paper sorta begiratzeko esan zion, eta kasu berria zela konturatu zen. 

 

Txostenetan jartzen zuenaren arabera biktima 22 urteko emakume gazte bat zen, bart gauean hil zuten, eta garbi zegoen ez zela suizidio bat izan.

 

Eszenara iristean Robertek bere plaka erakutsi eta egoera aztertzera joan zen. Txostena irakurri arren ez zegoen prest horren eszena gogorrarekin aurrez aurre aurkitzeko: emakume gaztearen eskumuturrak eta orkatilak moztuta zeuden. Orduan, ahots bat entzun zuen bere atzean:

 

- Bai, oso hilketa zatarra ezta? Benetan, gure lana gogorra da baina egunero harritzen nau jendeak egin ditzaken zatarkeriak.

 

Biratu zenean Jessica Moore aurkitu zuen bere atzean. Jessica lankide zuen, mediku forentse aparta, eta jada eszena analizatzen hasia zen.

 

- Ba bai, arrazoi guztia duzu. - erantzun zion Robertek - Zer gertatu da hemen?

- Suposatzen dut dagoeneko baztertuko zenuela suizidio bat izatearen aukera. - esan zuen Jessicak, egoera lasaitzeko helburuarekin; baina Roberten erantzun falta ikustean jarraitzea erabaki zuen. - Dirudienez hiltzaileak emakumea drogatu zuen, ondoren eskumuturrak eta orkatilak moztu zizkion, eta odol faltzagatik hil zen biktima. Ikusten duzunez sufrimendu handia jasan zuen neska gazte honek. Gainera hiltzaileak ona dirudi, ez baitu pistarik ez hatz-markik utzi eszenan. Benetan kasu zaila egokitu zaigu oraingo honetan.

 

Polizien estaziora itzuli ziren, lana bertan jarraitu ahal izateko. Egunean zehar hildakoaren familia eta lagunak aztertu zituzten, ea norbaitek edukiko lukeen bera horren modu krudelean hiltzeko, baina denak normala zirudien.

 

Etxera itzultzean Robert ez zegoen umore onez.

 

- Gabon! - esan zuen bere lagun eta pisukideak, Marcok - Gaur berandu xamar zatoz, zer, egun gogorra?

- Ezin duzu ezta imajinatu! - erantzun zion Robertek - Hilketa itsusi batean jarri didate lanean, gainera bide hil batean gaudela dirudi, ez dakigu norantz jo kasu honetan!

- Ba lasai, ez larritu, batzuetan horrelako gauzak saihestezinak dira, oraindik bakarrik lehen eguna da; seguru nago denbora eskaintzen badiozue amaieran hiltzailea aurkitzen bukatuko duzuela.

 

Pare bat aste pasatu ziren eta egoera ez zen hobetu. Robert bere mahaian zegoen, txostenak bete eta bete. Bat batean, nagusiak berriz deitu zion, kasu berri bat zegoela eta bera behar zutela, premiazko egoera zela.

 

Robertek ez zuen ulertzen, polizia gehiago bazeuden eta berak bazuen jada kasu bat itxi gabe, beraz, zergatik bera?

 

Oraingo honetan ez zioten txostenik eman, beraz hilketaren eszenara iristean guztiz sorpresan harrapatu zion. Orduan ulertu zuen zergatik zer beretzat kasua, hilketa aurrekoaren modu berean baitzegoen eginda: eskumuturrak eta orkatilak moztuta. Baina, biktima ez zen neska gazte bat, aitona zahar bat baizik.

 

Aurrekoan bezala, eszenan ez zuten ezer aurkitu. Honek asko amorrarazi zuen Robert, beraz, animatzeko helburuarekin, Jessicak taberna batera eraman zuen lana bukatzean. Oso ondo pasatu zuten biak eta momentu batez, egoeraz ahaztu ziren.



Poztasunak ez zuen asko iraun, handik gutxira beste gorpu bat aurkitu baitzuten, beste biak bezala hilda. Honek asko larritu zuen Robert.

 

Hilketaren eszenan zegoen Jessicarekin batera.

 

- Egoera geroz eta okerragora bihurtzen ari da. - esan zuen, eskua iletik pasatuz. - Badakit oso presazkoa dirudiela baina uste dut serieko hiltzaile baten aurrean gaudela. Hiru pertsona, modu berean asasinatuak denbora tarte motz batean, ez zaizu kointzidentzia handiegia iruditzen?

- Ba bai, arrazoi duzu. Gainera arma berdina erabili dela dirudi. Baina, biktima guzti hauen hiltzailea pertsona bera bada, zeren baitan hautatzen ditu? Esan nahi dudana da ez dagoela erlaziorik biktimen artean: ez dira ezagunak ez familiakoak, ez dute antzik, gauza ezberdinetan egiten dute lan…

- Egia da. - erantzun zuen Robertek - Zer nolako buruko mina jartzen didan honek guztiak.

 

Buelta erdian eman eta eszenatik alde egiteko prest zegoenean, Jessicak zerbait aurkitu zuen.

 

- Itxaron, txamarrako patrikan paper bat duela dirudi! Ez, hobeto esanda, txartel txiki bat da.

- Zer jartzen du? - galdetu zuen Robertek. Benetan arraroa zen, beste bi hilketetan ez zuten horrelako ezer aurkitu, biktimen patriketan ez zen ezer egoten. Honek itxaropena piztu zuen Robertengan, beraien lehen pista hau egin zuen munstroa bilatzeko.

- Alderdi bat guztiz zuria dago, bestean berriz, honako hau jartzen du: Saihestezina zen, Robert. 

 

Hori irakurtzean biak zur eta lur gelditu ziren. Zer suposatzen zen zela hori? Hiltzaileak bazekien Robert nor zen, eta barre egiten ari zitzaion. Robertek emozio asko sentitu zituen: haserrea, beldurra, tristura… Ez zekien zer egin, ezin zuen gehiago antsietatearekin, airerik gabe ari zen geratzen.

 

- Ei! Arnastu Robert, arnastu, lasaitu beharra duzu. - esan zuen Jessicak.

 

Pixkanaka-pixkanaka Robert lasaitzen joan zen eta arnasa berreskuratu zuen.

 

- Zer iruditzen zaizu gaurkoz lana uzten badugu? - galdetu zion Jessicak, kezkaz begiratuz Roberti.

 

Biak batera itzuli ziren polizia estaziora eta gauzak utzi ondoren, lanetik atera ziren.

 

- Badakit agian ez duzula gogorik, baina nola jarri zaren ikusita eta egoeraren larritasunari erreparatuz, zer iruditzen gaur nire etxera bazatoz lo egitera?

- Asko eskertzen dut zure gonbidapena Jess. - erantzun zion Robertek - Gainera gaur Marco ez dago etxean eta bakarrik egotea da gutxien nahi dudana oraintxe bertan.

 

Jessicaren autoan igo eta azkenaren etxera joan ziren biak batera. Pelikula bat ikusi zuten, pizza afaldu zuten eta ahal zuten guztia egin zuten egunean zehar gertatutakoa burutik kentzeko. Horri guztiari esker, Robert pixka bat lasaitu zen, oraindik oso kezkatuta zebilen egoera guztiarengatik baina gau hartan gutxienez ondo egin zuen lo.

 

Pare bat aste pasatu ziren, Jessica eta Roberten arteko egoera ez zen aldatu; baina beste guztia, hilketak, ugaritu egin ziren. Beste bi gorpu aurkitu zituzten, besteen erara hilda, baina hauetan serieko hiltzaileak ez zuen beste pistarik utzi, ez Robertentzat ez inorentzat.

 

Hala ere, bi hitz horiek ez ziren inoiz atera Roberten burutik, bere pentsamenduetan jarraitzen zuten esnatzen zenetik lo hartzen zuen arte, saihestezina zen. Zer esan nahi zuen hiltzaileak horrekin? Argi zegoen mezua Robertentzat zela, eta berak bazekien nonbait entzunda zuela hori, baina non?

 

Sentitzen zuen inpotentzia ez zen joan, ez zen hiltzailea harrapatzeko gai eta geroz eta okerrago sentitzen zen bere buruarekin. Horrelako egun batean, lanera itzuli zen beste gorputzik aurkitu ez zela desiratzen, baina aurkitu zuena oraindik gogorragoa izan zen. Goizero bezala Jessicaren bila hasi zen, lana batera egiteko, baina ez zuen inon aurkitzen.

 

- Kaixo, ba al dakizu non dagoen gure forentsea, Jessica Moore? - galdetu zion bere lankide bati.

- Ba egia esan ez, normalean lehenengotakoa izaten da etortzen baino gaur ez da azaldu. Agian gaixo dago.

 

Hori aukera bat zen, baina Robertek beste sentipen bat zuen, ez zela gaixotasun huts bat. Lana alde batera utzi eta Jessicaren etxerantz hasi zen gidatzen.

 

Bertara iristean atea itxita eta argi guztiak itzalita aurkitu zituen. Badaezpada txirrina jo zuen behin baino gehiagotan, baina ez zion inork ireki atea. Telefonoa patrikatik atera eta Jessicaren kontaktuaren bila hasi zen, berari deitzeko, baina erantzuna etxekoaren bera zen, guztizko isiltasuna.

 

Egun batzuk pasatu ziren eta Jessicaren desagertzea salatu zuen. Asko eragin zion Roberti, bere antsietateak okerrera egin zuen eta inoiz baino bakarrago sentitzen zen. Ez zuen beste erremediorik eta errutinarekin jarraitu zuen, hiltzailea harrapatu nahian, baina estaziora iristean, gorputz berri bat zegoela esan zioten. Behar zuen guztia hartu eta hilketaren eszenarantz abiatu zen, aurkituko zen irudiarekin pentsatzen.

 

Beti bezala iritsi eta bere plaka erakutsi zion bertan zegoenari, baina egoera ikusi bezain pronto plaka lurrera erori zitzaion. Hilda zegoena ez zen edonor, Jessica zen. Beste biktima guztiak bezala eskumuturrak eta orkatilak zituen moztuta. Eta bere begiak, Roberti sentimenduz beteta begiratzen zizkietenak, hutsik zeuden. Bere nagusiari idatzi zion, ezin zuela hau egin, ezin zuela Jessicaren gorpua hilda ikusi, eta beraz, beste norbait jartzeko kasuan, gaurkoz etxera joango zela.

 

Etxera iristean, ezin izan zion gehiago eutsi negarrari, eta Marco azaldu zenean atetik, honek larrituta begiratu zion Roberti.

 

- Ai ama, zer gertatu zaizu? Ondo zaude? - galdetu zion lagunak. - Gelditu hemen, ni sukaldera noa infusio bat prestatzea zuretzat, ea horrela lasaitzen zaren.

 

Sukaldetik azaldu zen eta sofan eseri zen Roberten ondoan, bere taza eskainiz.

 

- Jessica… - saiatu zen - Jessica hil du munstro horrek, eskumuturrak eta orkatilak moztuta zituen, begiak hilda! Nazkagarri hori harrapatzen dudanean ez du eguzkia ikusiko berriz bere bizitza osoan, kartzelan ustelduko da.

- Lasaitu zaitez, orain oso haserre zaude baina lasaitzen zarenean dena garbiago ikusiko duzu. Gainera, ez jan burua, gertatu dena saihestezina zen.

 

Bi hitz horiek bueltaka geratu ziren Roberten buruan, eta orduan puzzlearen azkeneko piezak klik egin zuen.

 

- Zu! - oihukatu zuen - Zure errua da dena, zu zara hiltzailea, nola egin dezakezu hau, ikusiko duzu! - baina bat batean bere ikusmena okerragotzen hasi zen. - Zer jarri diozu kafe honi, nazkagarri hutsa zar…

 

Esaldia bukatu aurretik seko erori zen lurrera.




Begiak berriz ireki zituenean aulki batean zituen lotuta eskuak eta hankak, ezin zen mugitu. Bere aurrean Marco ikusi zuen, labana batekin eskuetan.

 

- Zergatik egiten duzu hau? - galdetu zuen ahots ahulez. - Zergatik hil zenuen Jessica? Zergatik moztu eskumuturrak eta orkatilak jende inozenteari?

- Beraiei askatzeko egin dut. - erantzun zuen, eta orduan konturatu zen Robert, aurrean zuen hori ez zela berak ezagutzen zuen laguna. - Zergatik pasa bizitza osoa sufritzen? Esklaboak bezala, gustatzen ez zaizkigun gauzak egiten? Nik beraien kateak hautsi ditut, sufrimendura lotzen zizkien kateak, eta behingoz aske dira. Lehen neskak mutil-lagun kontrolatzailea eta toxikoa zuen; ez zion bizitza berak nahi zuen bezala disfrutatzen uzten. Aitona hura, gaixo zegoen, sufritzen, eta nik askatu nuen, ez al da hobea hiltzea sufritzen bizitzea baino? Eta nola ahaztu Jessica, zure Jessica maitea, ez zizun kontatu, ezta? Berak ez zuen forentsea izan nahi, baina familiak behartu zion berak izan ez nahi zuen zerbaitetan bihurtzea, familiaren kontrolak itota zuen Jessica.

- Eta nik zer egiten dut hemen?!

- Zu ere preso zara. Bizitzak preso zaitu, maitasunaren eta tristuraren esklabo bizi zara, baina ez larritu, nik askatuko zaitut, eskumuturretatik eta orkatiletatik lotuta dituzun kateak moztuko ditut.

 

Robert Blackwood nire laguna zen, eta orain bere hiletan nago. Bere familia eta txikitako lagun guztiak hemen daude, beraien errespetua eskaintzen Roberti, poliziako lankideak ere badaude, uste dut egunero joaten zen kafetegiko langilea ere bai. Eta ni, ni ere hemen nago. Ez dizuet esan behar nor naizen, baina gogoratu, bizitza honetan badaude gauza batzuk saihestezinak direnak.