AIORA JAUREGI PAGALDAY
TOLESAK
Enborrari hazten zaizkio
geruzak urtero
izan zena babes dezan
izango denari aurre egin diezaion.
Zure azaleko tolesen artean
duzu gorde iraganaren arrastoa
egur arrailduaren antzera
zure izurrek didate erakutsi
denboraren joanik badela
eta eskuetatik d o a k i g u l a
malkarren malkoetan amiltzen den arte.
-Gaur gara haur
bihar hauts-
Baina zuk
zer duzu gorde esku ahurren artean
urak ihesi ez badizu egiten.
Besaulkian kulunkatzen zara
eskuartean hari eta zotzez
zauriak josiz.
Oro pausatzen da zure eskuetan
(h)ura
hari.
Egunero-egunero
tantaz tanta ureztatzen dituzu liliak
tentuz
ustelduko diren beldurrez
hilkorrak baitira zinez.
Baina ohartu naiz
basamortuan oasi bat
ez izanagatik ere,
hazten direla liliak
zurrun bezain irmo
loratuz
harea pikorren artean
hazten dira liliak
zurrun
eta
irmo.
Inork inoiz inola aurki ditzan
eta esan diezaien,
tolesak tolestuz,
zirrikituetatik
jaiotzen direla benetako liliak.


