Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

ADEI ENPARANTZA AGIRRE

A Maila Prosa 2. saria
Adei Enparantza Agirre naiz eta 2009ko apirilaren 30ean jaio nintzen Beasainen. Gaur egun, Beasaingo Txindoki institutoan 1. batxilergoa egiten ari naiz. Nire zaletasunei dagokienez, denbora librean atletismoa egiten dut, bereziki jauzi hirukoitza oso gustoko dut. Besterik gabe, espero dut nire idazlana izugarri gustatzea.

KOLOREAK IKASTEN ARI NAIZ

Esaten dute uda kolorez beteta dagoela. Telebistako iragarkiek urdin elektriko batez margotzen dute itsasoa, eta irudi horietan, jendeak irribarre perfektuegiak erakusten ditu, hortz zuriegiak, zoriontasun itxuraz eta eguzkitako kremaren usainaz blaitutako postal artifizialak. Nik, ordea, uda zarata bezala sentitzen dut.

Argiak ozen egiten du. Gehiegizko bolumenean dagoen bozgorailu bat bezalakoa da abuztuko eguzkia. Horia ez da lasaitasuna; oihu bat da, buruaren barruan durundi egiten duen metalezko hots zorrotza. Eguzkia ez da epela; erretzen duen foku bat da, galdeketa gela bateko argia bezala, ihes egiten uzten ez dizuna, zure itzaletik ere babesten utziko ez balizu bezala. Kaleetako terrazetan beirazko edalontziek distira egiten dute talka egitean, umeak iturrietan korrika dabiltza garraxi artean, algara altuegiak entzuten dira leihoetatik gora... dena da gehiegizkoa, dena da saturatua. Munduak Photoshopetik pasatako argazki bat dela dirudi, baina ni negatiboan geratu naiz.

Denak dabiltza bizitzen, denak dabiltza mugitzen, eta ni, ordea, leku berean nago. Segundu batzuk atzeratuta nagoela sentitzen dut, pelikula zahar batean soinua eta irudia sinkronizatuta ez baleude bezala. Jendeak hitz egiten didanean, haien ezpainak mugitzen ikusten ditut, baina mezuak minutu bat beranduago iristen dira nire garunera, hondoan dagoen ur-geruza lodi bat zeharkatu beharko balute bezala.

Aurten pertsianak erdi itxita edukitzen ditut. Ez guztiz behera, ez guztiz gora. Erdian, zalantzaren moduan. Logelako paretan agertzen den argi-zerrenda mehe hori da nire egutegi bakarra. Goizean lurrean hasten da, zurixka-hotz, hautsa airean dantzan erakutsiz; pixkanaka igotzen da armairuraino, eguerdian zuri itsugarri bihurtuz; eta arratsaldean, apurka-apurka, sukaldeko argia pizten duten bitartean, desagertu egiten da. Egun bat gehiago. Nik ezer egin gabe igarotzen den beste egun bat. Nire existentziaren kontagailuan bat gehitzen duen zenbakia, baina nire barruan ezer aldatzen ez duena.

Ez dut esango triste nagoenik. Tristura kolore bat da, agian urdin ilun bat edo more sakon bat, baina nik ez dut kolorerik sentitzen. Ni kolore gabe sentitzen naiz. Akromatiko. Nire barruko paleta hustu egin da eta zuritasun sakon baten barruan nago preso.

Batzuetan pentsatzen dut ez nukeela ezer handirik utziko atzean. Ez hutsune dramatikorik, ez lore-sortarik ezkerreko mahaian, ez sare sozialetan jarritako esaldi sakonik. Nire falta pixkanaka lausotzen den akuarela bat bezala izango litzatekeela irudikatzen dut. Uretan diluitzen den tinta-tanta bat. Hasieran iluna da, indartsua, forma definitua duena; baina uretan zabaldu ahala, gero eta gardenagoa bihurtzen da, gero eta zurbilagoa, azkenik apenas antzematen den arrasto bat izan arte. Eta azkenean, ura berriro garbi geratzen da. Ez zegoela ezer ematen du. Inor ez zen ohartu hor norbait zegoela.

Eta galdera etortzen zait, gauero: 

- Inork ikusiko al luke desagerpena? Ez nire heriotza, baizik eta ni ez egon izana.

Ez da pentsamendu bortitza. Ez da labankada bat bezala agertu zaidan ideia bat. Pixkanaka hazten joan den zerbait da, belar txar moduan, arreta jarri ezean pasiloko bazterretan zabaltzen den ahutsa bezala. Hasieran nekea besterik ez zen. Eskolatik itzultzean ohetik altxatzeko gogorik ez izatea. Gero distantzia. Lagunen txantxak urruneko hizkuntza batean egongo balira bezala entzutea. Orain, batzuetan, aukera bat iruditzen zait: Ez egotea. Ez oztopo izatea. Oihartzunik ez uztea. Isiltasunaren parte izatea, besterik gabe.

Etxean inork ez daki zer dabilen nire barruan. Mahaian esertzen naiz, eta antzezlan bateko aktoreak bagina bezala jokatzen dugu denok. Galderak erantzuten ditut "ondo" esanez, hitz horrek duen hustasun guztiarekin. Aitak lanaz hitz egiten du, burua beherantz duela, ogiari mamia kentzen dion bitartean. Amak erosketen zerrenda irakurtzen du ozen, agian isiltasuna bera ere gehiegizkoa delako berarentzat. Telebistako albistegiko aurkezleek tonu dramatikoa jartzen dute mundu osoa apurtzen ari balitz bezala, gerrak, goseteak eta krisi aldaezinak aipatuz. Eta nik, bitartean, mahai-tresnen hotsari begiratzen diot, eta pentsatzen dut barruan nire mundua apurtzen ari dela, hiltzen ari dela, inor ohartu gabe. Batzuetan galdetzen diot neure buruari ea aktore onena naizen edo, besterik gabe, inguruan ditudanek ez didaten nahikoa gertutik begiratzen. Agian begiek ez dute ikusten gogoak onartu nahi ez duena.

Lehen ez nintzen horrelakoa. Batzuetan, ametsen artean, beste bertsio bat gogoratzen dut. Lehen gauza txikiak ikusten nituen. Amak esaten zuen "begi argiak" nituela, ez koloreagatik, begiradagatik baizik. Hodeiek lurrean uzten zuten itzalaren forma deskribatzeko gai nintzen; esaten nuen ilunabarra ez zela "gorri", baizik eta koral koloreko gorri sakon bat, ertzetan urdin elektrikoa eta urre kolorea nahasten zitzaizkiona. Munduak berezia zen. Lagun baten barrea ez zen soinu bat bakarrik, bibratu egiten zuen nire barruan.

Orain berezitasunak galdu egin dira. Denak dirudi kolore bakarreko masa bat. Ez beti grisa, batzuetan zurixka gogorra da, elur itsuaren modukoa, besteetan ilun sakona, hondo gabeko putzu bat. Baina beti laua. Bolumenik gabea.

Joan den asteazkenean, arrazoi handirik gabe, etxetik irten nintzen. Eguerdia zen, beroak airea dardarka jartzen zuen asfaltoaren gainean, eta kaleak hutsik zeuden, jendea haizegailuen babesean ezkutatuta egongo balitz bezala. Ez nion inori esan nora nindoan. Ez nuen oharrik utzi. Motxila zaharra hartu, ur botila bat sartu eta oinetako gastatuak jantzi nituen. Ateak ez zuen zaratarik egin ixtean. Hori gustatu zitzaidan. Isilik desagertzen jakitea dohain bat dela pentsatu nuen.

Herriko mendixkara abiatu nintzen, herria gainetik begiratzen duen inguru natural horretara. Txikitan ere milaka aldiz igo izan naiz, baina orduan abentura bat iruditzen zitzaidan, ezkutuko altxorren bila ibiltzea. Oraingoan ez nuen abenturarik bilatzen. Ez nuen ezer berezirik espero. Mugitzea besterik ez nuen nahi, gorputza nekatu dadila barruko pentsamenduak isilarazteko.

Hasieran pausoek astuntasuna zekarten. Ez nekatu ninduen aldapa gogorrak bakarrik, pentsamenduek astuntzen ninduten. Munduko motxilarik astunena nire barruan zen. Zertarako igo? Zertarako jarraitu? Zertarako iritsi gora, gero berriro behera jaitsi behar bada? Ziklo zentzugabea iruditzen zitzaidan: esnatu, jan, nekatu, lo egin. Berriro. Ez nuen erantzun handirik aurkitzen, eta horrek pauso bakoitza burdinazko bihurtzen zuen.

Erdi bidean, pinu zahar baten itzalean, gelditu nintzen. Harrien artean eseri, eta une batez isiltasuna entzun nuen. Ez zen erabateko isiltasuna, urrunean auto baten hots itzalia zegoen, intsekturen bat belar horien artean burrunban. Baina barruan, ia ezer ez. Haizeak belarrietan egiten zuen txistua baino ez.

Une hartan, hantxe esanda, ideia hura inoiz baino argiagoa izan zen: eta hemen amaituko balitz dena? Ez jauzi handi batean, ez ikuskizun batean. Baizik eta jarraitzeari utzita. Nire presentzia munduaren ekuaziotik kenduta, poliki, tinta tanta hura bezala. Lasaitasun handi bat sentitu nuen. Eta beldurtu ninduen ez pentsamenduak berak, baizik eta sentitu nuen bake sakonak. Beldurgarria da bakea eta amaiera sinonimoak izatea.

Orduan ikusi nuen. Mundu gris eta horitu horren erdian. Harri arreen artean, lur pitzatu eta lehor-lehorretik, lore txiki bat ateratzen zen. Morea.

Ez zen lorategi bateko lorea, ez zen perfektua. Petalo batek hertza zimelduta zuen, beroaren erruz agian. Beste batek hauts arrastoa zuen gainean. Baina bizirik zegoen. Izugarri bizirik.

Makurtu egin nintzen, sudurra lurretik zentimetro gutxira jarri arte. Eta ohartu nintzen lore hark berezitasun mila zituela: more ilunena kanpoko ertzetan, barrurago, lila eta arrosa ukitu batzuk eta erdialdean, ia zuri gardena zen izar formako koro txiki bat. Ez zen bloke bakarra. Mugimendu txiki askoren emaitza zen. Bizitzeko borrokan ari zen, inguruko harriek ezetz esan arren, eguzkiak erre nahi izan arren.

Eta zerbait, oso txikia, oso hauskorra, mugitzen hasi zen nire barruan. Engranaje herdoildu bat mugituko balitz bezala.

Agian ni ere ez naiz bloke bakarra. Agian nire iluntasuna ez da nire identitate osoa, tinta-tanta bat oihal baten gainean zabaltzen den bezala, iluntasuna nire gainean dago, baina ni oihal hori naiz, zabala eta tinta hori baino askoz gehiago

Gailurrera iritsi nintzenean, mundua nire oinetan zabaldu zen. Herria mosaiko handi bat bezala ikusi nuen azpian. Teilatu gorriek erritmo bat osatzen zuten: batzuk distiratsuak ziren, berriak, beste batzuk ilunduak, urteetako euriak eta keak zikinduak. Errepideek gris desberdinak zituzten, asfaltoaren adinaren arabera. Igerilekuen urdin elektrikoa ia artifiziala zen, zeruaren urdin sakonarekin konparatuz.

Eta mundua martxan zegoen. Inork ez zuen pausorik gelditu nire gailurreko hausnarketa honengatik. Autoak mugitzen ziren, jendea puntu txiki-txikiak ziren bakoitza bere arazoekin, bere koloreekin. Hasieran, mingarria izan zen hori: nire minak mundua ez gelditzea. Baina gero, arnasa hartzean, askatasuna sentitu nuen. Munduak nire zain egon behar ez badu, nik erabaki dezaket haren parte izan nahi dudan ala ez. Nik erabaki dezaket kolore horiek niretzako diren.

Motxilatik koadernoa atera nuen. Hilabeteak zeramatzan nirekin, orrialde zuriak nire barrua bezain hutsik zituela. Eta boligrafoa hartu nuen, eskua dardara pixka batekin. Idatzi nuen lehen gauza hau izan zen: "Gaurko kolorea: morea (harri artekoa)".

Ez nuen "grisa" idatzi. Morea idatzi nuen. Eta idaztean, arnasa sakonagoa egin zitzaidan, birikak lehen aldiz guztiz beteko balira bezala. Ez zen poza, ez zen euforia merke hori. Mugimendua zen. Norabide aldaketa bat milimetro gutxikoa, baina nahikoa.

Hurrengo egunean berriro igo nintzen. Eta hurrengoan. Ez nengoen konponbide magiko baten bila, ez nintzen zoriontasun idealaren bila ari. Kolore bila nengoen. Egun bakoitzean kolore bat aukeratzen hasi nintzen: goizeko zazpietako urdin hotza, oraindik eguzkiak ukitu ez duena. Itzalpean dagoen berde iluna, ia beltza dirudiena baina bizirik dagoena. Arratsaldeko laranja itzalia, dena bukatzen ari dela dioena baina bihar itzuliko dela agintzen duena.

Pixkanaka, nire barruko paisaia ere koloreak hartzen hasi zen. Iluntasuna oraindik hor dago, ez dut gezurrik esango. Badaude gauak pentsamendu zaharrak atea jotzen dutenak, isil-isilik, "errazagoa litzateke…" xuxurlatuz. Baina orain pentsamendu horrekin batera irudi bat ere etortzen zait: harri artean ateratzen den more hauskor hura. More hark esaten dit ez dela perfektua izan behar irauteko.

Eta galdera aldatu egin da. Lehen galdetzen nuen ea inork ikusiko lukeen nire falta. Orain galdetzen diot neure buruari zein kolore galduko nituzkeen ni joanez gero.

Ilunabar arrosa bat galduko nuke, zerua ia more bihurtzen denean eta mundua une batez gelditzen dela dirudienean. Euri ondoko lurraren usain marroia galduko nuke. Lagun baten barreak duen tonu epela, nire barruan oihartzun egiten duena. Logelako paretan goizero igotzen den argi zerrenda mehe hura, nire egutegi isila.

Abuztuaren amaieran, Anek mezua bidali zidan. Hilabeteak ziren hitz egiten ez genuela, nire distantziak harresi bat eraiki zuelako gure artean. 

- Non zabiltza azkenaldian? Bizirik zaude? galdetu zidan, erdi txantxetan, erdi kezkaz.

Lehen ez nukeen erantzungo. Mezua irakurri eta telefonoa kaxoi batean gordeko nukeen, erruaren pisuan ito arte. Baina egun hartan, gailurrean nengoela, zeruak arrosa eta urdin arteko muga ia ikusezin bat zuen, deskribatzeko zaila den kolore bat. Argazki bat atera eta bidali nion. 

- Begira gaurko zerua. Ez dago kolore bakar batez izendatzerik.

Hurrengo egunean berarekin igo nintzen mendira. Ez nion nire barruko zulo beltz guztia azaldu, ez nion mapa osoa erakutsi, beldurra ematen baitit oraindik. Baina gailurrean eserita, herria gure oinetan zegoela, esan nion: 

- Koloreak ikasten ari naiz berriro. Mundua ez dela zuria edo beltza ulertzen.

Isilik geratu zen une batez, haizeak bere ilea mugitzen zuen bitartean. Begiratu zidan, eta lehen aldiz hilabete askotan, nire begiek ez zutela "desagertu nahi" islatzen zutela ohartu zen. 

- Ondo dago hori. Esan zuen azkenean, nire sorbaldan eskua jarriz. 

- Nik ere batzuetan ahaztu egiten ditut.

Eta nire ondoan geratu zen. Eta ohartu nintzen batzuetan norbait zure ondoan egotea dela kolorerik sendoena. Ez du distira handirik egiten, ez da neon argi bat bezalakoa, baina beroa ematen du.

Uda amaitzen ari da. Argiak ez du lehen bezainbeste "oihu" egiten. Orain epelagoa da, leunagoa. Ez dut bizitzaren zentzua liburu batean idatzita aurkitu, eta ez dut iluntasuna nire gelatik erabat uxatu. Baina badakit orain kolore bat galtzea pena bat dela. Badakit berezitasun txikienak ere, more ahul hark bezala, mundua konplexuagoa eta ederragoa egiten duela.

Agian oraindik badaude egun oso grisak niretzat. Baina badakit itzalak existitzeko argia behar dela nonbait. Eta gaur, behintzat, begiak zabalik ditut.

Ez naiz guztiz sendatu. Ez naiz guztiz ausarta. Baina ez naiz desagertzen ari. Akuarela ez da uretan diluitu. Koloreak ikasten ari naiz. Eta oraingoz, hori nahikoa da geratzeko. Bihar, agian, berdearen txanda izango da.