JUNE IMAZ ARRONDO
7:35EKO AUTOBUSA
Erloju digitalak 7:35 erakusten dit. Eskolarako bidean naiz, autobusaren zain, nire etxetik hurbilen dagoen geralekuan. Banku urdinean jezarri eta berriro erreparatu diot erlojuari: 7:35. Zenbakiak geldirik daude, unea luzatu eta luzatu egiten da, minutuak aurrera egin nahi ez balute bezala; denboraren denborapasak.
Egunero ordu erdiko bidaia egiten dut eskolara. Hogeita hamar minutu hutsal dirudite, baina badakit denborak ez duela beti pisu bera. Batzuetan arina da, oharkabean ihes egiten duena; beste batzuetan, aldiz, astuna, sorbaldetan pausatzen den zama bezalakoa.
Iritsi da autobusa, bertara sartu, gidariari egun onak eman eta nire betiko eserlekuan eseri naiz. Geltokian denbora nola, aurpegiak ere ez dira aldatzen.
Atzeko aldean, betiko ume taldea, nor bere mugikorrari itsatsita, hatzak pantailan dantzan, aurpegietan argi urdin hotza islaturik. Batzuetan barre egiten dute, besteetan oihu, baina beti mundutik aparte, beren burbuila digitalean giltzapetuta. Ez dute leihoetatik begiratzen ezta elkarrizketarik partekatzen ere.
Erdiko eserlekuetan emakume bi joaten dira beti. Kalakari. Ez dira sekula isiltzen. Haien ahotsak autobuseko zarataren parte dira jada: gurpilen hotsarekin, motorraren burrunbarekin bat eginda. Senideen kontuak partekatzen dituzte, eguneroko arazo txikiak eta kezkak: laneko nekeak, amaren osasuna, alabaren portaera. Hitzez hitz, egunetik egunera, istorioak aldatzen.
Gidariaren atzeko eserlekuan, leiho ondoan, mutil gazte bat esertzen da beti. Burua kristalaren kontra pausatuta, begiak itxita, lo. Askotan pentsatzen dut ea benetan lo dagoen ala munduari bizkarra emateko modu bat ote den. Autobusak biratzean, mutilaren buruak alde batera egiten du pixka bat, baina berehala itzultzen da leku berera, errenditu izan balitz bezala.
Bestalde, gidaria egunero aurpegi berarekin: zurbil, hotz, adierazkortasunik gabe; heldua da, 60 urte inguru izango ditu. Ez du inoiz irribarre egiten eta, hala ere, kopeta zimurra du orbain eta guzti. Bidaiariei begiratzeko imintziorik ere ez du egiten. Bolanteari helduta, bere eskuak inertziz eta mekanikoki mugitzen ditu, errutina oso ezagun baten modura, ezertan pentsatu beharrik gabe. Aipatzekoa da begiak sarritan, kalean finkatzen zituela, ni txikia nintzenean behintzat. Orain begiak ixten ditu tarteka.
Eta, azkenik, Maren, ni, beti eserleku berean. Leihoaren ondoan. Motxila hankartean. Kanpora begiratzea gustatzen zait, nahiz eta askotan kaleak lausotuta ikusten ditudan, nire burua beste nonbait dagoelako agian. Leihoak ispilu bihurtzen dira batzuetan, eta nire aurpegia islatuta ikusten dut, begirada galduarekin. Nor naiz ni errepika honen barruan?
Gaur arte, dena horrela izan da.
Gaur, ordea, zerbait aldatu da.
Ingurura begiratzen dut, eta konturatzen naiz betiko pertsona hauek direla nire egunerokoaren parte direnak. Egunero ikusten ditut, ordutegi berean, eserleku beretan. Hala ere, ez ditut ezagutzen. Ez dakit zergatik hartzen duten autobus hau, ez dakit nora doazen, ezta atzean zer uzten duten ere. Ez dakit gidariak zergatik ez duen inoiz irribarre egiten, ezta bidaiariekin zergatik mantentzen duen beti distantzia bera ere. Ez dakit umeak zergatik esertzen diren beti atzeko eserlekuetan, zergatik ez duten elkarrekin hitz egiten, edo zergatik aukeratzen duten isiltasuna pantailaren aurrean egotea baino.
***
Aste osoan zehar begiak bidean eraman ditut, eskuak autobuseko bolanteari helduta. Zaila da autobus bateko gidaria izatea, egunero bide berak igarotzea, egunero pertsona berak agurtzea…Atzo zen Joxe Mari hil zeneko urteurrena. Istripu hori gauero errepikatzen da neure buruan. Haatik, hemen nago. Eguneroko ibilaldi bera egiten, autobus zaharkitu honetan.
Burura etorri zait, bada, autobusaren azken geldialdian ni ere bertatik jaitsi eta etxera abiatuko naizela. Kontxirengana, nire emaztearengana joango naiz eta arratsaldea etxean igaroko dut. Nekatuta nago. Kontxik esan dit gaur sekulako begi-zuloak ditudala. Ez da hainbesterako ala? Dena den, egunek garrantzia dutela konturatzen hasia naiz. Ez zait denbora askorik geratzen; zahartzen ari naiz eta horrek eragiten dit buruan eta gorputzean zerbait astuna. Orain jabetzen naiz: egun bakoitza, bidaia bakoitza, autobuseko bidaiari bakoitzaren keinu txiki bat, irribarre bat edo isiltasuna ez dira hutsalak. Denbora mugatua da, eta horretaz jabetzeak nire bizitzan zerbait aldatu du: arreta handiagoa jartzen dut egun bakoitzean, eta gutxi batzuek ere balio handia dutela ikusten dut. Hala ere, presioa eta zama ere badira, betikoak, eta horiekin bizitzen jarraitu behar dut, egunero, bidaia luze honetan.
***
- Goizeko zazpietan jaiki behar dut seme-alabak esnatu eta prestatzeko. Eskolara eraman, janaria prestatu, eta lan egin. Lanetik itzuli eta gauean atzera lagundu behar diet umeei beren ikasketekin. Bestetik, umeek diote gehiegi haserretzen naizela, baina ezin naiz lasai egon. Ohera nekatuta joaten naiz. Esnatu eta nekatuta jarraitzen dut.
- Niri ere gauza bera gertatzen zait. Lan ordu luzeak ditut, baina oraindik ere etxean ardura handia dut. Ordutegiak estutzen nau, baina seme-alabak ez dira konturatzen, beraien errutina dute eta ni erdian nago beti. Eta oraindik kontuak, janaria, garbiketa…dena.
Lehen emakumeak berriro:
- Arrazoi duzu, baina ez da soilik seme-alabak edo lana. Egoera ekonomikoak ere etengabe nekatzen nau. Ordutegiak betetzea da eguneroko borroka, eta etxean, batzuetan, aiton-amonak zaindu behar izaten ditut. Osasuna ez da beti ona, eta prest egon behar dugu beraien beharrak asetzeko.
- Gauero zera galdetzen diot neure buruari: nola kudeatzen dut dena, seme-alabak, lana, etxea, aiton-amonak…Egunero izugarrizko zama daramat bizkar gainean, baina ezin naiz kexatu. Ezin diot inori esan, bestela zorotzat hartzen naute.
***
Gaur amak mugikorra kendu dit. Dioenez, gehiegi erabiltzen dut, baina nik badakit ez dela hori bakarrik: notengatik da. Nire lagun gehienek mugikorra dute, nahi dutenean erabiltzeko; ni, ordea, poltsiko hutsarekin sartu naiz autobusera. Atzeko eserlekutan esertzen gara beti. Jendeak esaten du zaratatsuak garela, baina egia da askotan isilik joaten garela, nor bere pentsamenduekin edo pantailari begira.
- Nik eskolan ez dut batere ondo pasatzen -esan dut behin, besteek entzun dezaten-.
Irakasleek esaten dute gehiago saiatu behar dudala, baina etxean saiatzen naiz, benetan. Batzuetan azalpenak ez ditut ulertzen, eta galdetzen dudanean presaka erantzuten didate, edo beste ikasle batengana zuzentzen dira. Orduan isilik geratzen naiz, burua huts, lotsatuta. Azterketetan emaitza txarrak ateratzen ditut, eta etxean zigorrak datoz. Inork ez dit galdetzen zergatik.
Ez dit inork erantzun. Denak mugikorrari begira daude, hatzak pantailan mugitzen, niri entzun gabe.
- Aizue! Entzun al didazue?
Batek burua goratu du azkenean:
- Bai bai, ene! Beno ba, niri notek eragiten didate beldurra. Gurasoek ez didate presio handirik jartzen, baina nik badakit lana egitea nahi dutela. Azterketen aurretik urduri jartzen naiz, eta burua hutsik geratzen zait. Gero, etxera iristean, ez dut ezer esan nahi izaten, gelara sartzen naiz, atea ixten dut eta bakarrik egoten naiz.
Hirugarren batek, lotsati samar, honela esan du:
- Nik ere ikasketekin arazoak ditut. Batzuetan ez naiz eskolara joaten; gurasoak bananduta izateak abantaila hori du, baina joaten naizenero bakarrik sentitzen naiz eta irakasleek ez didate laguntzen. Ez da ezer larria, baina guztiz gogatuta nabilkontu honekin, egunero gauza berarekin bainabil.
Isildu egin gara berriro. Autobusak aurrera jarraitzen du, eta guk ere bai. Ez dira arazo handiak, ez dira albisteetan agertzen diren modukoak, baina gure adinerako pisu handia dute. Eskola, notak, gurasoen itxaropenak, bakardadea… dena pilatzen zaigu barruan, eta askotan ez dakigu nori kontatu.
***
Autobusean sartzen naizenean buruak ezin du gehiago. Eskolara noa, baina jada eguna luzea egiten ari zait. Atzo klasean izan nintzen, irakasleen azalpenak entzuten saiatu nintzen, baina askotan ezin diot arretari eutsi. Burua beste nonbait dut azkenaldian, eta begiak ixteko gogoa etortzen zait behin baino gehiagotan. Badakit irakasleek pentsatzen dutela ez naizela saiatzen, edo ez zaidala axola, baina egia da nekatuta nagoela.
Gehienetan autobuseko aurreko eserlekuan esertzen naiz, leiho ondoan. Mugimenduak lasaitu egiten nau, eta loak hartu ohi nau. Jendeak hori ikusten du, eta hortxe geratzen da guztia: mutil bat lo, ezer gehiago gabe. Inork ez daki zergatik.
Nire lana ez da etxera iristean bukatzen. Ama etxean egoten da, baina ez dago beti ondo. Depresioak jota dabil, eta egun batzuk beste batzuk baino gogorragoak dira. Arratsaldeetan ama zaindu behar izaten dut: jan duela ziurtatu, bakarrik ez dagoela ikusi, eta isilik egon, bere ondoan. Halere, gauak dira zailenak. Beldurra barrentzen zait. Zarata txikienarekin esnatzen naiz, eta burutik pasatzen zait ea ondo egongo den, ea gau hartan zerbait egingo ote duen. Ez dut lo sakonik egiten, erne egoten naiz, zoli.
Horregatik nabil hain nekatuta eskolan. Horregatik egiten dut lo autobusean. Ez da alferkeria, ez da axolagabekeria. Nire gorputzak atseden pixka bat eskatzen du, leku seguru batean, une batez pentsatzeari utzi diezaiokedan leku seguru batean. Autobusa horretarako bihurtu da niretzat: isiltasunerako tokia, arnasa hartzeko tartea.
Batzuetan pentsatzen dut nire adinean besteek zertan pentsatzen duten, eta nire bizitza ez dela berdina. Baina ez diot inori kontatzen. Nire baitan geratzen da, eta horrela jarraitzen dut, eguna joan eta eguna etorri.
***
Iritsi da autobusa nire eskolara. Azken begirada eskaini diet gidariari, emakumeei, umeei eta mutilari. Denek dute zer kontatua, denek dute zer sentitu. Une honetan, jada 8:05, ez naiz bakarrik sentitzen: bizitza ez dago beti gure kontrolpean, baina bizipenak kontatzeak zamak arintzen ditu. Autobusa, errutinaren pieza hutsa izan da gaur arte, baina istorioak elkartzen dituen lekua bihurtu da nire aburuz, eta estreinakoz konektatuta gaudela sentitu dut, bakoitza mundu berean, autobus berean, baina bere istorioekin, elkartuta.


