Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

EIDER ODRIOZOLA SAIZAR

A Maila Prosa 3. saria
Eider Odriozola Saizar naiz, Beasainmendiko beasaindarra, eta gaur egun Txindoki Institutuan nabil batxilergoko bigarren maila ikasten. Nire zaletasunei dagokienez, familia dut nire eguneroko ardatza; haiekin egotea eta mendian ibiltzea da gehien gustatzen zaidana. Ipuin honetan, barne-ahotsen eta errealitatearen arteko muga lausoetan murgildu nahi izan dut irakurlea, pertsonaiaren ziurgabetasuna bukaerara arte bizi dezan. Ea gogoko duzuen!

NIRE BAITAN DAGOEN ISILTASUNA

- Eroa zara. Eroa, ni? 

Ez dakit zenbat aldiz entzun dudan hitz zakar hori azken urteotan. Behin eta berriz, hitz bera. Besteentzat hain erabilgarria den garun horrek, nigan itzal bat sortzen du, oztopo bat. 

 

Eroa bai, agian benetan eroa izango naiz, baina nazkatuta nago gertatzen zaizkidan gauza guztiak zalantzan jartzeaz. Bai, eroa izango naiz, baina benetan norbaitek pentsatu al du zer den eroa izatea?

 

Beti izan dut nire baitan lagun bat, oztopatzen didan lagun bat. Harengandik urrutzen saiatu arren, nire alboan jarrraitzen duen lagun bat. 

 

Beti dabil hizketan, isildu gabe.  Eta haren erruz, esaten dudan guztia zalantzan jartzen didate, eroa naizela pentsatzen dute nire ingurukoek, baita nik ere. 

 

Trenaren aurrean geldirik nago, beldurtuta, zer egin ez dakidala. Pentsamendu ugari datozkit burura, ez dakit erabaki ona hartu dudan ala ez. Pauso bat aurrera emanez gero, trenera sartuko naiz eta atzean utziko ditut bizitzan zehar hiri handi honetan pilatutako oroitzapen guztiak. Azkenean, arnasa sakon hartu , eta behin eta berriz pentsatu ondoren, zalantza ugari izan arren, trenera sartzea erabaki dut.

Jada 317. eserlekuan eserita nago, ondoan emakume bat dudala eta aurretik hamazazpi bat orduko bidaia. Leihotik ikusten ditudan paisaiak etengabe aldatzen dira, gure bizitza bezalaxe; eta haiekin batera, barruan daramadan laguna esnatzen da. Haren ahotsa, berriro piztu da. Saiatzen naiz kasurik ez egiten, baina alferrik: hor dabil, isiltasunaren aurka kolpatzen, etengabe.

Halako batean alboko emakumeak ea tren hartan zer egiten dudan galdetu dit eta lehenengo unean ez dut erantzun nahi izan. Isiltasun luze hartan, hitz egiten hasi naiz.

  • Egia esan… alde egiten ari naiz – esan diot. Medikuek gomendatu didate hiriz aldatzea. Nahiz eta hemen gauza asko izan…. Ez naiz ausartu gehiago kontatzera.
  • Eta lagunak? - galdetu dit emakumeak –. Ez al duzu inor faltan sumatuko?
  • Irribarre txiki bat atera zait, deseroso.
  • Lagun… bat, badut – esan diot. — Baina ez dakit ba asko laguntzen didan. Beti egon da nire inguruan, orain ere hemen ibiliko da, baina… ez dakit benetan asko laguntzen didan.
  • Emakumeak keinu bat egin du, ez duela ulertu adieraziz. Nik ere ez dut gehiago argitu nahi izan. Are gutxiago noizbehinka emakumearen ahotsaren artean, hura entzuten dudala, batzuetan goxo, besteetan mehatxuzko. Emakumeak barre egin du txantxa moduan hartu duelakoan, baina nik ez dut barre egin. Eta une batez, nire barruan, lagunaren  ahotsa entzun dut.
  • Ez fidatu.



Halako batean, trena gelditu da; Tolosa. Maletari heldu, eta pausoz pauso trenetik jaitsi naiz.

Estazioa ia hutsik dago; haizea da nabaria estazioan, papertxo batzuk arrastaka eramanez. Han, kafetegiaren aurrean, gizon bat daukat zain, gizon zahar bat, aurpegi zimurtua eta begirada lauso batekin. Isiltasun hartan, gizonak, giltza zahar bat luzatu dit, forma arraro xamarrarrekoa, eta alboan 317 zenbakia handiz markatua duena.

“Hemen gauak luzeak dira” esan dit, ia xuxurlan. Isiltasun deseroso bat etorri da ondoren, astuna, luzeegia. Orduan gehitu du, ahots apalagoz: ez uzteko inoiz ateak zabalik.

Ohartarazpena dela nabaria da, baina ez dut ulertzen zertaz ari den. Burua makurtu dut baietz esateko, barruak estutzen zaizkidan arren. Urrundu egin naiz, eta geltokian bueltaka geratu naiz, esandakoari bueltak emanez. Orduan, nire laguna berriro hasi zait hizketan, buruan sartzen zaidan ahots temati horrekin, ate guztiak ireki behar ditudala xuxurlatuz. Ez naiz ausartu gizonari ezer galdetzera. Atzera begiratu dut: burumakur zegoen gizona, lehengo leku berean, isiltasunaren barruan bakarrik sentitzen den itzal baten moduan.

Herriko kaleetan barrena ibili naiz etxearen bila. Arratsaldea bada ere, harrigarria da isiltasuna sumatzea kaleetan. Etxe ilunak, lehioko pertsianak erdi itxita eta inork ez du begirik altxatzen nire ondoan pasatzean. Badirudi denek dakitela ni ez dakidan zerbait. Hiri handian zegoen zalaparta eta egonezina atzean utzi ditut, baina hemen dagoen isiltasuna are astunagoa egiten ari zait.

Azkenik, etxearen aurrean geratu naiz. Ate zaharrari begiratu diot, denbora luzean bakarrik egon dela iradokitzen duen aurpegia du, inork ukitu gabe, ahaztua, isiltasunaren eta itzalaren artean murgilduta dagoen atea. Nire lagunaren ahotsa barrutik dator, urrutiko xuxurla moduan, eta barrura sartzeko dei egiten dit. Giltza zaharra sartu dut atearen sarreran, eta klik baten ostean, isiltasunak hartu du aurreko guztia. Barneko argi lausoak eta usain ezezagunak inguratu naute, denbora geldirik dagoen etxearen atarian. Nire laguna, hor, aurrean, itzalean mugitzen da, eta ahotsa berriro entzuten dut, irrikaz beteta, ate guztiak ireki behar ditudala berriro errepikatuz.

Orduan ikusi dut.

Pasillo amaieran ate bat dago. Ez da beste guztiak bezalakoa, isiltasuna da nabari, horren barruan. Kolorea ere, ez dator bat etxearen estiloarekin eta ez du sarrailarik. Itxura berezia du, pertsona baten irudia gogorarazten duena; eskinek berrituak dirudite, baina atea bera zaharkituta dago, kanpotik polita eta erakargarria izan arren. Zer gordetzen ote du ate honek urte guztien atzean? Hutsunean dagoen itzal baten moduan, barneko sekretu bat gordetzen du, ikusi, baina ukitu ezin den zerbait.

Halako batean, ezagutzen dudan itzala itzuli da, isiltasunaren ertzean mugituz, pausoz pauso nire ingurua hartu nahi balu bezala.

Hurbildu. Ez daukazu zertan beldurtu. Ireki atea. Gaur ez bada, bihar.

Urrats bat eman dut, baina han gelditu naiz, zer egin ez dakidala sentitzen. Makurtu egin naiz, eta eskua jarri dut atearen gainean; egur hotza sumatu dut, isiltasunaren barruan arnasa hartzen duen egitura baten gisakoa.

Inguru honetan, galdera asko datozkit burura, hau ote al da gizonak aipatu duen atea? Momentu horretan bihotza taupadaka, bizkor eta sendo hasi zait, nire laguna isiltzen ez zen bitartean.

Atzera egin dut, arnasa egonkortzeko saiakeran. Lasaitzeko ahaleginez, etxea arretaz behatzen hasi naiz; hormak, leihoak, guztiak lasai agertzen ziren. Baina nire begiek etengabe ate zakar hari begiratzen diote, ate horrek nire zain dagoela dirudi.

Nire barnean, oraindik eta indartsuago entzun dut nire lagunaren ahotsa, uhin batek bezala barruko isiltasun guztia hautsiz. Hitzak ez ziren soilik entzuten, baizik eta bihotzean erortzen ziren, oihartzun bihurtuz, nire pentsamendu bakoitza dardaratuz:

Ikusten duzu? Baztertuta zaude, baztertu egin zaituzte, denek ateak itxi dizkizute. Baina honek ez. Honek behar zaitu. Ireki.

Momentu batez, atzera begiratu dut, norbait dagoela sumatu dut, baina ez dago inor. Hala ere, sentsazioa ez da desagertu, arnasa hartzea ere kostatzen hasi zait. Gaueroko sendagaiak hartzen nituen bitartean, korridoreko atea, urrunetik, begira neukala iruditu zait. 

Azkenean, ausartu naiz, bi pauso eman eta logelara sartu naiz. Argia piztu dut, lasaitzeko asmoz, baina alferrik. Beldur  hotz eta gordin hori, oraindik ere nire atzetik dator, isilpean eta zorrotz.

Isiltasun horretan, orduak pasa direla iruditu zait, baina erlojua begiratu dudanean, minutu gutxi batzuk besterik ez dira igaro. Orduan entzun dut lehen aldiz. 

Trin.

Telefonoaren hotsa, lehorra, metalikoa.

Begirada altxatu dut berehala. Logelako mahai gainean dagoen telefono zaharra da, beltza, kable kiribilduekin. Ez nekien etxean telefonorik ere bazegoenik. Bigarren aldiz jo du.

Trin.

Erlojua begiratu dut berriro.
03:17.

Ez dut hartu. Ez naiz mugitu ere egin. Nire bihotzak taupada bakoitzean ozenago jotzen du, belarrietan eztanda egingo balu bezala. Hirugarren aldiz jo du, eta gero isiltasuna etorri da. Une horretan entzun dut berriro nire laguna.

Lasai… ikusten? Denak daude hasieran zure ondoan, gero aldiz…

—Isildu —xuxurlatu dut, ahotsa dardarka.

Ohetik jaiki eta korridorerantz abiatu naiz, barruak oihuka ari ziren arren, atzera egiteko ezer ez dut sentitzen. Pasillo amaieran, ate zaharra ez da lekuz mugitzen; edo, beharbada, bai? Hurbildu ahala, zerbait sumatu dut lurrean. Makurtu egin naiz. Karta bat da, papera zaharkitua eta ertzak zimurtuak dituena.

Astiro ireki dut.

Neskak gaur gauean ez du telefonoa hartuko.

Momentu batez, arnasa eten egin zait. Nire eskuak dardarka hasi dira. Atzera begiratu dut korridorean barrena, norbait barre egiten ari dela iruditu baitzait. Baina ez dago inor.

Karta tolestu dudanean, behean beste lerro bat ikusi dut, lehenago ikusi ez dudana.

Bihar ateari berriro begiratuko dio.

Burua altxatu dut, zuzen-zuzenean ateari begira. Egurra pixka bat pitzatuta dagoela iruditu zait, norbait gutxinaka itzaltzen ari dela islatzen du ateak. Edo agian nire buruak bakarrik ikusten du hori.

Nire lagunak, orduan, ahotsa jaso du, seguru, irmo:

Ikusten duzu? Ez dago ihesik. Honek guztiak zu behar zaitu. Eta zuk… zuk ihes egin nahi duzu. 

Atzera egin dut pauso bat. Nire bizitzaren isla dela iruiditu zait atea, gutxinaka-gutxinaka zahartzen, zimurtzen ari den atea da, inork nahi ez duen ate itsusia. 

Hurrengo egunak ez dira bereizten elkarrengandik. Bata bestearen atzetik datoz, berdin-berdinak, ia elkarri itsatsita baleude bezala. Goizetan, erdi hilda esnatzen naiz, ez dut gogoratzen noiz lo hartu dudan. Logelako leihoetan barrena argi gris bat sartzen da egunero, herri honetan eguraldia ez dela aldatzen dirudi. Etxea beti isilik dago, bai goizetan eta bai gauetan. Hozkailuak ere ez du soinurik egiten.

Egunean zehar, herrian barrena ibiltzen naiz. Kaleak hutsik daude, edo ia hutsik, eta arrastoa bezalako isiltasunak nire pausoak xurgatzen ditu. Aurkitzen dudan jende gutxik ez dit begietara begiratzen; batzuetan, burua makurtuta agurtzen naute, hitzik esan gabe, eta nire izena airean galduta geratzen dela dirudi. Beste batzuetan, ez naiz existitzen, koloreak lausotu egiten dira nire inguruan, eta dena urrutitik begiratuko banu bezala sentitzen naiz.

Arratsaldeetan, etxera itzultzen naiz, beti ordu berean. Ez dakit zergatik; nire pausoek bidea ezagutzen dute, nik baino lehenago, eta lorategi desitxuratuen eta horma hausten duten itzal artean gidatzen naute, nire zirrara isilpeko bakardadearekin nahastuz.

 Etxean sartzean, sarrerako argia pizten dut, maleta oraindik korridorean dagoela konturatzen naiz, ukitu gabe. Eta pasilloaren amaieran, atea dago, geroz eta zaharrago.Ez da mugitzen. Ez du soinurik egiten. Baina egunetik egunera, badirudi berarengandik hurbilago nagoela. 

Gaua iristean, egunero gauza beraa gertatzen da. 

03:17.

Telefonoak jotzen du. Behin. Bi aldiz. Batzuetan hirutan. Ez dut inoiz hartzen. Ez naiz inoiz altxatzen. Ohean geratzen naiz, begiak zabalik, gorputza tenkatuta, arnas aldi bakoitza kontatzen, batez ere isiltasunaren artean. Nire lagunak, ordea, ez du inoiz huts egiten.

Gaur ere ez duzu hartu. Baina entzun duzu, ezta? Hori da garrantzitsua.

Batzuetan ahotsa goxoa da. Beste batzuetan, zorrotza. Gero eta antz handiagoz dute nire ahotsak eta nire lagunarenak. Gero eta zailagoa egiten zait berea eta nirea bereiztea.

Gau batzuetan, korridoretik urratsak entzuten ditudala iruditzen zait, norbait nire bila datorrela sumatzen dut. Beste batzuetan, atearen bestaldean norbaitek hatzekin egurra jotzen du, hurbiltzeko eskatuz, soinurik gabe, izua soilik utziz. Ez dut inoiz begiratzen. Ez dut inoiz argia pizten.

Goizetan, pasilloan karta bat aurkitzen dut. Beti leku desberdin batean. Behin, zapataren ondoan. Beste batean, hormaren kontra. Baina edukia beti antzekoa da.

Gaur berriro begiratuko dio ateari.
Gaur ere  ez du ausardirik izango.

Denboraren nozioa galtzen hasia naiz. Ez dakit zenbat egun daramatzadan hemen. Agendan markak egiten saiatu naiz, baina datak nahasten hasi dira, zenbakiak errepikatu egiten dira: 3, 1, 7. Eta bitartean, nire lagunak behin eta berriro gauza bera esaten dit, gero eta ziurtasun handiagoz:

Ez kezkatu. Denak horrela hasi ziren. Denek uste zuten dena kontrolpean zutela.

Eta nik, lehen aldiz, pentsatu dut agian ez naizela  bakarra. Egunak berdinak dira. Beldurra ere ohitura da; denboran luze geratzen dena, gorputza pisatzen duena. Baina gau hartan, lehen aldiz, ateari begiratu diot irriki. Ez dut atzera begiratu. Ez dut alde egin. Ni naiz bakarra, niregandik oraindik alde egin ez duena, nire burua bakarrik utzi ez dudana. 

Pasilloaren amaieran gelditu naiz, eta lehen aldiz, nire laguna isilik dago. 

Gauean, telefonoak jo du. Erlojua begiratu dut: 03:17. Eskua luzatu dut. Belarrietara iristen den xuxurlua entzun dut:

—Ireki.

Korridorean barrena, gauza asko etorri zaizkit burura, baina azkenan, eskua altxatu, egurra ukitu eta atea bultzatu dut. Ez da giltzarik behar izan. Egurra kexu moduko batez ireki da, aspaldidanik itxaroten egongo balitz bezala.

Atea ireki bezain laister nire gorputzaren isla ikusi dut, gainean karta mordoa ditudala. Ni naiz, baina ez naiz. Begirada galduta, aurpegia zurbil, eta atzean etxe honetako pasilloa agertzen da, atea zabalik.

Eskuak dardarka hasi zaizkit. Karta guztiak lurrera bota ditut, eta eskuetan bakarra geratu zait. Nire letra da; nire pentsamenduak; nire beldurrak, orain tinta lehortuta paperaren gainean, baina oraindik bizirik. Egunero gertatutakoa, hitz bakoitza, dei bakoitza, isiltasun bakoitza… dena bertan dago, nire aurpegian gordeta, nire bihotzean gordetako sekretu baten gisara.

Azken karta hori, besteetatik berezia da, nire barruko munduaren pisua iradokitzen du; eguraldi itogarri baten gainbehera, izpirituaren zerbait ezkutua. Hitz bakoitzak nire beldurra adierazten du, nire bakardadea neurtzen du.

“Gaur atea irekiko duzu.”

Eta ordurako ulertu dut. Ez dut garrasirik egin. Ez dut ihes egin. Ez dut negar egin. Nire lagunak azken aldiz hitz egin dit. 

Orain bai. Orain zu zara alde egingo duzuna.

Hurrengo egunean, portaleko atea ireki zidan emakume bera eta beste bizilagun bat ospitalera etorri ziren, nire bila. Ohean nengoen, gorputza astun, hezurretan mina eta begietan oraindik gauaren arrastoak. Ez nintzen guztiz esnatu ; ezta lokartu ere. Tarte horretan nengoen, non errealitatea eta ametsa bereizten ez diren.

Medikuaren ahotsa urrunetik iritsi zitzaien, hotza baina ohitua:

—Ahotsak. Barrutik datozenak. Aspalditik daramatzan horiek. Horiek nekatu dute. 

Ez zuen gehiago azaldu beharrik izan. Begiradekin ulertu zuten beharrezkoa. 

Etxera itzultzean, denak ez zuen berdin jarraitzen. Eskuan nuen karta desagertu egin zen. Ez lurrean, ez mahai gainean, ez korridorean. Haren faltak hutsune zehatz bat utzi zidan bularrean. Paperezko arrasto txiki hura zen oraindik nire buruaren eta munduaren arteko zubia. Hitzek lotzen ninduten; bestela, eroriko nintzatekeen berriro.

Ez dut atea guztiz irekitzea lortu.
Bai, nire burutik ihes egiten saiatu naiz. Gau hartan, balkoiko atea zabaldu nuen, aire hotza bularrean sartu zitzaidan, eta une batez pentsatu nuen behera jauzi eginez isiltasuna lortuko nuela. Baina gorputzak gelditu egin ninduen. Edo beldurrak. Edo oraindik hemen geratzeko beharrak.

Orduan ulertu nuen: nire buruak ni bakarrik behar nau, ez beste inor.  

Bizilagunak gerturatu egin dira. Ez dute ezer esan. Bilatzen ari nintzen karta hura eskura eman didate, poliki, zimurtua, nire ukitua oraindik gordeko balu bezala. Nik hartu egin dut. Ez dut ezer esan.

“… Eroa zara. Eroa, ni?
Eskizofrenia beti egongo da nirekin.
Ez naiz inoiz bakarrik egongo; beti dut lagun bat nire baitan, eta horrek nekatu egin nau.
Barkatu.”