Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Idazlehiaketa

AINHOA GOICOECHEA LARREA

A Maila Prosa aipamen saria
Ainhoa Goicoechea naiz, Oianguren Institutuko Bigarren Batxilergoko ikaslea. Irakurtzea ikaragarri gustatzen zait, izan ere, istorio desberdinetan murgiltzeko aukera ematen dit. Idazteari dagokionez, lehenengo urratsak ematen ari naiz. Poz handia eman dit aipamen hau jasotzeak. Etorkizunari begira, Historia ikastea gustatuko litzaidake. Mila esker.
AINHOA GOICOECHEA LARREA

SOFAREN DOMEINUA ETA AGRIPINAREN OIHARTZUNA

 

 

  • Alex! Istorio bat kontatu nahi dizut, latineko irakasleak kontatu digu klasean eta oso interesgarria iruditu…
  • Ba, azkar kontatu. —esan zuen, kolpez indarrak kendu balizkiote bezala sofan eserita-
  • Horrenbeste kostatzen zaizu hamar minutuz entzutea? -bere ondoan eseri naiz, anaia aldakarekin bultzatuz sofan lekutxo bat edukitzeko- Bateria agortzen ari zaizula dirudi.

Sofak karranka egin zuen, beti bezala, egur zaharraren soinu “nekatu” horrekin. Eztabaida gehiegi ikusia zuen sofa hark, arratsalde luzeegiak, “ez hitz egin nirekin” gehiegi, eta ondorengo isiluneak. Kanpoan euria ari zuen. Ez zen euri “polita”, ezta nostalgikoa ere: euri zakarra zen, dena blaitzen zuen horietakoa. Zeruak egun osoa zeraman gris zikintsu berarekin, lanetik ateratzen ziren nekatuta zeuden pertsonen hasperenek kolore hori bera eragin balute bezala.

Hankak luzatu zituen begiratu gabe, eta orkatilan jo ninduen.

  • Ezin al diozunire bizi-espazioa inbaditzeari utzi?
  • Ba zure bizi-espazioak sofa guztia okupatzen du.
  • Erdi entzanda esertzen zarelako!

Hasperen egin eta anaiak begiratu ninduen,  nahiko ondo ezagutzen nuen keinu horrek zer esan nahi zuen jakiteko: entzuten ari naiz, baina kexatu egingo naiz.

Agripina Gaztea ez zen sehaska lasai batean jaio, ezta kantu gozoekin ere. Ez zegoen lo-kantarik, ez esku leunik, ezta ohera joan aurretik xuxurlatutako kontu politik. Bigarren asmoak zituen irribarre bakoitza zuen familia batean jaio zen; otordu bakoitza negoziazio isil bat zen, eta besarkada bakoitza azken agurra izan zitekeen. Erroma erraldoia zen, kaotikoa eta arriskutsua… baina bere etxea okerragoa zen. Askoz okerragoa. Erromak, behintzat, legeak errespetatzen zituen. Bere familiak ez zuen horretan ere ahaleginik egiten.

  • Zein ederra den –esan zuen Alexek marmarka kuxin bat hartuz eta besarkatuz– haurrak hazteko ingurumen ezin hobea.

Oso azkar ikasi zuen haurtzaroa luxua zela. Zarata egiteak arreta okerra erakartzen zuela. Inozentziak norbaitek zure kontra erabiltzea erabakitzen zuen arte irauten zuela, besterik ez. Ez zegoen akatsik egiteko lekurik. Keinu bakoitza aztertzen zen. Hitz bakoitza artxibatzen zen. Isilune bakoitza interpretatzen zen.

Txikitatik, Agripinak dena aztertzen zuen. Bere adineko beste umeak “partekatu” edo “gezurrrik ez esan” bezalakoak ikasten ari zirenean, Agripinak begiradak irakurtzen zituen, keinuak aztertzen zituen eta isiluneak interpretatzen ikasten bizi zen.  Izan ere, bere familian, ahaztea ez zen despiste bat, modu bitxi batean desagertzeko aukera baizik.

  • Zein familia atsegina…
  • Gurea ez da hain desberdina nire gauzak kentzen dizkidazunean –erantzun nion, begiratu gabe.-
  • Hori ez da gauza bera.
  • Berdina da.
  • Ez da.
  • Bai, bada.
  • Ez.
  • Bai!
  • Jasangaitza zara!
  • Ixo eta entzun.

Euriak gogorrago jo zuen kristalaren kontra, liskarra eten nahi balu bezala.

Erroma mota askotako gizonez beteta zegoen. Asmo handiko gizonez, zaratatsuz, beren handitasunean sinesten zuten eta beren ahotsez maiteminduta zeuden gizonez leporaino zegoen. Ohoreaz hitz egiten zuten bitartean konspiratzen zuten gizonak; botereaz oihukatzen zutenak, beste batzuen lan ikusezinaren menpe zeudenak. Agripina haien artean hazi zen, itzal baten moduan, komeni zenean txiki egiten eta behar zenean arriskutsu bihurtzen ikasiz. Emakume izateak serio ez hartzea zekarren, eta mespretxu hori bere sekretu onena bihurtu zuen.

  • Nekagarria dirudi —esan zuen, berriro mugituz, bost minutuan laugarren aldiz postura aldatuz—. Nik ezingo nuke horrela bizi.
  • Normala da, zure platera jasotzeko eskatzen dizudan bakoitzeko kexatzen zara eta.
  • Ez da gauza bera.
  • Nola ezetz? Gainera, beti gauza bera esaten duzu.
  • Beti daukadalako arrazoia!

Bere benetako jostailuak ez ziren panpinak; ondo erabilitako hitzak ziren, kalkulatutako isiluneak eta aliantza ahulak. Esaldi bakoitzak boterean zegoena suntsi zezakeen. Akats bakoitzak bizia kosta ziezaiokeen. Eta hala ere, idazten zuen. Gutunak, oharrak, abisuak idazten zituen. Idaztea errealitatea finkatzea zelako. Eta gogoratzea bizirik irautea zelako. 

Geroago Klaudio iritsi zen, Agripinaren senarra eta osaba-aitona.

  • Beste tipo hori berriro… —hasperen egin zuen, burua atzera botaz, sabaia begiratuz, ireki eta norbait salbatuko balu bezala.-
  • Bai. Ez lo hartu orain —ukondoarekin jo nuen—. Honek hobera egiten du.

Klaudio, Erromako enperadorea, Agripinaren senarra eta togadun hondamendi humanoa. Klaudio enperadore motela eta baldarra zen. Gauza garrantzitsuez arduratu beharrean, itxurakeriatan galtzen zen, haren ilearekin obsesio moduko bat zuen eta. Berak agintzen zuela uste zuen, baina itzalpean Agripina zen dena kudeatzen zuena.

  • Orduan, tipoa alferrikakoa zen.
  • Ez, alferrikakoa ez. Ondo egiten ari zela pentsatzen baitzuen.
  • Ah! Zuk kozinatzen duzunean bezala!
  •  Eta eraso merke hau zertara dator? Gutxienekoan niri egurrean hasten zara!
  • Kontua da haserretzean sudurra okertu egiten duzula, eta barregarria da. –Ez zuen hotsik atera, baina bere gorputz osoak barre egiten zuen. Ezpainak estutu zituen algara ez kanporatzeko, baina sudurreko zimurrek eta begien ertzetan sortutako marratxoek salatu egin zuten.-

 

Agripinak itzaletik gobernatzen zuen. Klaudiok sinatzen zuen. Hark erabakitzen zuen. Hark garrantzitsua zela sinesten zuen. Hura zen benetan garrantzitsua. Eta hori, lehenago edo geroago, beti ordaintzen da.

  • Beraz, dena berak egiten zuen.
  • Hori da. Nik ama etxean ez dagoenean bezala.
  • Hori gezurra da.
  • Nor arduratzen da trasteak garbitzeaz?

Isiltasun deserosoa. Euria. Sofak karranka egiten.

  • Horrek ez du balio.
  • Denak kontatzen du!

Eta orduan… Neron, Agripinaren semea.

  • Hemen dator hondamendia —esan zuen, pixka bat altxatuz, jada erabat engantxatuta zegoela ohartu gabe.
  • Hemen dator ego kontrolik gabeko semea.

Neronek txaloak nahi zituen. Miresmena behar zuen beste batzuek airea behar duten bezala. Gobernatzea aspergarria iruditzen zitzaion, errezitaldien eta drama pertsonalen arteko traba bat. Begiratzen ez bazioten, mindu egiten zen. Kritikatzen bazuten, arriskutsu bihurtzen zen.

Ama hiltzen saiatu zen behin baino gehiagotan. Inork jasan behar ez lukeen baino askoz gehiagotan. Lo zegoela zapaltzeko prestatutako tronu bat. Itsasoaren erdian hondoratzeko diseinatutako ontzi bat. Pozoia. Konspirazioak. Agripinak bizirik jarraitzen zuen: bustita, zaurituta, haserre. Altxatzen zen. Aurrera egiten zuen.

  • Benetan, horrenbeste aldiz?
  • Bai. Eta hala ere huts egiten zuen.
  • Patetikoa.


Huts egiteari utzi zion arte. Hil egin zuten.  Ez justiziaz. Bortitza izan zen, koldarra eta behin betikoa. Horrela amaitzen dira normalean deserosotasuna eragiten zuten emakumeak, behar baino azkarragoak zein ausartagoak zirenak: jada ezin direnean ez baztertu ez kontrolatu.

  • Orduan galdu egin zuen berdin. 
  • Ez. Galtzea ezer ez uztea izango litzakete.

Une horretan, egongelako atea ireki zen.

  • Zein polita —esan zuen amak ate-markotik—. Elkarrekin eserita. Eztabaidatu gabe. Eta mugikorrik gabe. Jakin izan banu, argazki bat egingo nukeen.

Bat-batean biratu nintzen, suminduta.

  • Ez gaude eztabaidatu gabe. Eta ORAIN agertzen zara —jarraitu nuen— behingoz arreta jartzen ari denean.
  • Aizu, nik beti jartzen dut arreta.
  • Gezurra.
  • Hemen nago, ezta?
  • Mugikorra ez daukazulako.

Amak irribarre erdi nekata zuela begiratu zigun, samurtasunaren eta “hau gehiegi ikusi dut”  arteko nahasketa horrekin.

  • Beno —esan zuen— momentuaz gozatuko dut. Ez du luzaroan irauten.

Atea poliki itxi zuen. Euriak jarraitu zuen. Egongela berriro bare geratu zen.

Besoak gurutzatu nituen.

  • Primeran —murmurikatu nuen— erritmoa moztu dit.

Ez zuen berehala erantzun. Aurrera begira zegoen, telebista itzalita, bere aurpegiaren erreflexuari begira, serio. Kanpoan euriak jarrera aztoratu berberarekin jarraitzen zuen, eta sofak berriro karranka egin zuen jarrera pixka bat aldatu zuenean, zerbait garrantzitsua erabakitzen ariko balitz bezala.

Segundo batzuk igaro ziren. Luzeegiak isiltasuna jasaten ez duen norbaitentzat.

  • Aizu… —esan zuen azkenean,  begiratu gabe—Mario Kart-eko partida bat?

Poliki begiratu nion. Oso poliki. Beste gerra bat hastea merezi zuen ala ez neurtzen duenaren moduan.

  • Kasurik egin didazu? —galdetu nuen, sinetsi ezinik.

Zalantza egin zuen. Burua okertu. Sorbaldak jaso.

  • Agian.

Eskua aurpegira eraman nuen, dramatikoki erortzen utziz.

  • Horma batekin hitz egitea bezalakoa da! HORMA BATEKIN!
  • Oso adi dagoen horma bat —erantzun zuen, irribarre txiki batekin— Baina Mario Kart-eko partida batek ez dio inori minik egiten.

Hasperen egin nuen, burua alde batetik bestera mugituz, eta mandoa hartzeko eskua luzatu nuen.

  • Galtzen badut, Neronen errua da —marmarikatu nuen, pantailako pertsonaien artean aukeratzen nuen bitartean.
  • Beti izaten da —erantzun zuen hark, irribarre maltzurra ezpainetatik kendu gabe.

Mandoaren botoiak sakatzean klik-klak hots metalikoa entzun zen gela barruan, hasi aurreko tentsioa areagotuz. 

Kanpoan euria ari zuen oraindik. Barruan, behintzat tarte batez, Mario Kart-eko partida, erromatarren eta kartagotarren arteko borroka baten parekoa bihurtzen ari zen…