Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

LEIRE PEREZ PELAEZ

F Maila Prosa 3. saria

ERLOJU MAGIKOA

Bazen behin, neska bat jendea laguntzeko gogoa zeukana, eta Olentzerori gutunean honakoa jarri zion:

“Olentzero maitea: Jendea laguntzeko zerbait eskatu nahi dizut…”  Gabonetan neska honek opari zoragarri bat eskuratu zuen; erloju magikoa.

Erlojuak denbora gelditzeko boterea zeukan eta neskak jendea laguntzeko erabili zuen. Behin batean, bere herrian lurrikara bat gertatu zen eta mendian zegoen elur guztia bere herriaren gainera erortzen hasi zen. Neskak hori ikusterakoan bere erlojua erabili zuen denbora gelditzeko. Botoia sakatu zuenean dena gelditu zen. Zeruan hegan zebiltzan txoriak zeruan zintzilik gelditu ziren eta ibaia ere gelditu zen. Ibaiaren barruan zeuden arrain guztiak ere geratu ziren. Neskak pertsonak herritik atera nahi zituen elurrak ez harrapatzeko. Karretila bat hartu zuen eta pertsona bakoitza banaka-banaka hartu zuen, baita animaliak ere. Gero botoia sakatu zuen berriro eta elurrak herri guztia estali zuen, baina ez zuen pertsona edo animalia bat bera ere hil.

Jendea oso pozik gelditu zen neskarekin eta estatua bat egin zioten herriko enparantzan.

Egun horretatik aurrera neska super heroia bihurtu zen. Inguruko jendeak asko maite zuen asko laguntzen saiatzen zelako. Pertsonak eta animaliak salbatzen zituen. Adibidez: katu bat zuhaitzetik erortzerakoan bere erlojuko botoia sakatu eta denbora gelditzen zuen. Orduan, koltxoneta bat hartzen zuen eta zuhaitzen azpian jartzen zuen. Botoia sakatzerakoan katua koltxonetaren gainera erortzen zen minik hartu gabe. Beste kasu batzuetan, pertsona bat kotxe batek harrapatu behar zuenean, denbora gelditzen zuen eta paretik kentzen zuen. Orduan jende guztia poz pozik jartzen zen. Neskari izen berezi bat jarri zioten eta handik aurrera Denboragirl deitzen zioten.