KAIA ZUBIZARRETA ETXANIZ
SUPER JUNE
“Ahalmen handi batek erantzukizun handia dakar” (Spiderman)
2024ko abenduaren 31a
Gaurkoa oso egun berezia izan da, kanpaikadak, familia, barreak… hau bai egun borobila!
Nire ama, aita, anaia, aitona Luis eta amona Maritxu elkartu gara gure etxean. Txuleta jaten amaitzerako hamabiak laurden gutxi ziren. Nire aita mahatsen bila joan denean amonak esan dit mahatsak jaten hasi baino lehen desio bat eskatu behar zela, eta ondoren, hamabi mahatsak janez gero, desioa bete egingo zela. Txiki-txikitatik superbotere bat eduki nahi izan dudanez ez da zaila izan zein desio eskatu erabakitzea: superbotere bat lortu eta Super June izan nahi dut!
Desioa eskatu dut eta orduan hamabi kanpaikadek jo dute. Hau poza, mahats guztiak jatea lortu dut!!!
2025eko urtarrilaren 1a
Gaurkoa oso egun aspergarria izan da. Egun osoa etxean sartuta egon naiz eta hori gutxi balitz, ez dut superbotererik. Amonak gezurra esan zidan!
2025eko urtarrilaren 7a
Akabo oporrak. Gaur izan da aurtengo lehen eskola eguna. Gainera, eskolan taldeak aldatu dizkigute. Beti, hiruhilabete berriaren hasiera aldera, elkarrekin mahai berean gauden lauko taldea aldatzen digute. Pixka bat urduri nengoen hasieran, baina denbora pasa ahala, lasaitzen joan naiz. Taldean Axel, Lur eta Unaxekin jarri naute. Oso gustura nago egokitu zaidan taldearekin eta besteek ere oso gustura daudela esan dute, baina…orduantxe beste ahots leunago bat entzun dut. Ahotsa Unaxen burutik zetorrela iruditu zait eta zera zioen: nire ordez Xabat nahiago zuela, Lurren ordez Larrun eta Axelen ordez Ekhi. Aze ezustekoa! Harrituta geratu naiz, superbotere bat daukat!!! Hala ere oso haserre nago, ez bainuen uste Unax horrelakoa zenik.
Etxera iristean superboterea daukadala ziurtatzeko nire anaia Anderren kontra ibili naiz “harri-orri-ar” jolasean. Zer aterako zuen entzuten nuenez, saio guztiak irabazi dizkiot.
Azkenean Super June naiz, hau poza, Amonak arrazoi zuen!!!
2025eko urtarrilaren 8a
Gaur arratsaldean futboleko urteko lehenengo entrenamentua izan dut. Bertan herri ezberdinetako jende asko elkartzen gara eta aspaldian ikusi ez ditudan lagunekin egon naiz. Astebukaeran lehenengo partidua izango dugula esan digute. Gabonetako turroia jaisteko nahiko entrenamentu gogorra egin dugu. Entrenamentu bukaeran penaltiak bota ditugu eta denak sartu ditut, baloia jo aurretik banekielako atezaina nora botako zen!
Etxera iristean aitari eta amari kontatu diet penalti guztiak sartu ditudala eta astebukaeran partidua izango dugula Aitzgorriren aurka. Biek “bai, bai, oso ondo” esan didate, baina beraien buruko ahotsa entzutean konturatu naiz ez didatela kasurik egin. Aita mugikorrean irakurtzen ari zen albistean ari zen pentsatzen, Superkopan Bartzelonak Atletiki irabazi egin diola zero eta bi. Aitak eguna mugikorrean futboleko gauzak ikusten pasatzen du. Amak berriz, laneko gauzetan zeukan burua. Bihar laneko bilera bat daukala eta ez dakiela zer esan. Badirudi futbola eta lana ni baino garrantzitsuagoak direla gure etxean. Penaltiak sartu izanaren poza ximelduta geratu zait.
2025eko urtarrilaren 9a
Gaur goizean goiz esnatu eta eskolara joan naiz. Bertan zegoen irakaslea gure zain. Iritsi eta esan digun lehenengo gauza izan da matematikako azterketa edukiko dugula. Bapatean irakaslearen burutik zetorren ahotsa entzun dut eta zera zioen, berak ez dituela zuzentzen azterketak eta ChatGPT erabiliz prestatzen dituela.
Irakasleak beti esan ohi digu oso garrantzitsua dela egia esatea eta langilea izatea, eta berak zer egiten du? Azterketak ChatGPT erabiliz sortu eta ez zuzendu. Ze amorrazioa! Ez nuen uste horren irakasle alferra eta faltsua genuenik.
Orain ohera sartzear nagoela, oraindik buruan daukat irakaslearen pentsamenduaren ahotsa.
Poz baina tristura gehiago ekartzen dizkit superbotere madarikatu honek!!
2025eko urtarrilaren 12a
Hau da hau buruko mina, jada ez dakit benetako ahotsak hala pentsamenduak entzuten ditudan. Superbotere bat eskatu nuenean ez nuen espero horrelakorik. Teletrasportatzea, hegan egin ahal izatea, ikusezina izatea edo horrelako botereren bat izango nuela pentsatzen nuen. Ez nuen uste botere batek hainbeste buruhauste ematen zituenik. Spidermanek arrazoi zuen, pelikulan esan zuen bezala “ahalmen handi batek erantzukizun handia dakar”.
Hala ere, botere honek oso garrantzitsua den zerbait erakutsi dit: jendeak gauza bat pentsatu, beste bat esan eta beste bat egiten duela. Pentsatzen jarrita, nik ere askotan horrelako gauzak egiten ditut. Ezin dut horrela jarraitu!
Amonari galdetu beharko diot eskatutako desioa nola desegin, bihar bertan gainera!