Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Idazlehiaketa

DIANA ALINA FILIMON

B Maila Prosa 1. saria
Diana Alina Filimon dut izena. 16 urte ditut, 2008ko abenduaren 5an jaio nintzen Errumanian, baina Beasainen bizi naiz. Oso gustuko ditut liburuak, garuna elikatzen laguntzen didatelako, eta beti saiatzen naiz genero guztietako liburuak irakurtzen. Nire helburu nagusiena zehazten ditudan erronketan arrakasta izatea da; amets handiak didtut eta bihotz ausarta. Ezerk ez nau gelditu!
DIANA ALINA FILIMON

ITXURA& MAMIA

Urduri nago. Tinderreko sekulako gizon batekin gelditu naiz afaltzeko. Denbora gutxi daramagu hitz egiten, egia esan ez da nahikoa izan elkar ezagutzeko, baina gogor ekin dio nirekin nahi duela elkartu. Mezuen bidez hitz egiten duen bezain goxo egingo ote du nire parean dagoenean? Zer gertatuko litzateke benetan gizon ankerra balitz ? Eta nire gorputza eskuztatzen  saiatzen baldin bada? Ez zen lehenengo aldia izango. Nolakoa izango ote  da benetan?

 Egun osoa lanean pasatu dut. Ordenagailu baten aurrean, txostenak osatzen eta fotokopiatzen. Baina buruan bakarrik pentsamendu bat eduki dut: nire gaur gaueko planak. Bazkalorduan lankideek nire planetaz galdetu didate, baina ez diet askorik kontatu, lagun batekin afaltzera noala bakarrik. Arratsaldean etxera iristean, dutxa bat hartu dut, betiko erritualarekin hasi naiz: ura bero-beroa eta Spotifyko playlist-a jarri. Beyonceren “Halo” abestia ozen kantatuz dutxa gozo-gozo batez disfrutatu dut. Armairuaren aurrean denbora luze egon ondoren, nire soinekorik onena aukeratu dut. Gorria, klasikoa baina sexya ere. 

 Pozik nago. Tinderren kriston emakume ederra eta izugarrizko gorputza duen  batekin gelditu naiz gaur. Denbora gehiegi daramagu hitz egiten, behin eta berriz esan behar izan diot nirekin gelditzeko, eta azkenean onartu egin du. Argazkietan perfektu dago, baina filtru hutsa izateak kezkatzen nau, emakume guztiak bezala. Espero dut oraingo honetan arrakasta izatea eta nire etxera etortzea, ondo bukatzeko.

 Gimnasioan pasa dut arratsalde osoa. Nire gorputza lantzea oso garrantzitsua dela iruditzen zait, eta lortutako emaitzak gustora egoteko modukoak direla sentitzen dut. Inork ez du ni baino fisiko hoberik, konbentzituta nago. Dutxatik atera eta aurrez pretatu dudan arroparekin jantzi naiz. Emporio Armaniren kamiseta beltz bat, galtz urdinak eta kirol-zapata batzuk.  Kotxean sartu, nire burua ispiluan begiratu, aurreko tximak konpondu  eta irribarre egin dut. Primeran! Ederki nago!  Gaur gauean arrakasta izango dut, dudarik gabe!

 Jatetxearen aurrean aparkatu dut nire Seat Ibiza. Giltza poltsikoan gorde eta arnasa hartu dut sakon. Azken begirada emango diot nire buruari. Irten aurretik, nire amak oso ondo nengoela esan dit, baina egia esan, ez naiz batere seguru sentitzen nire buruarekin. Ondo makilatzeko  10 tutorial ikusi ditut gutxienez, nire soinekorik onena jantzi, neukan perfumerik garestiena bota, eta hala ere, ez dut ondo ikusten neure burua, gizon horrentzat ez naizela nahikoa izango sentitzen dut. Han dago, jatetxeko sarreran. Oso urduri nago. Mezuetan bezain atsegina izango ote da? Seguraski hitz politak baino asmo zatarrak dituen gizona izango da, hori esaten dit nire senak. Itxuraz, oso altua da, 1,85zm ingurukoa, sorbalda zabalak eta beso indartsuak ditu, asko entrenatzen duela esango nuke. Niri mina egiteko nahiko gaitasuna dauka, dudarik gabe, eta gainera, ez dauka gehiegi saiatu beharrik ere.  Sinple baina ondo doa jantzita: Emporio Armaniren kamiseta basiko bat, galtz urdinak eta kirol-zapatak. Erretzen ari da, egia esan ez zaizkit erretzaileak asko gustatzen, baina tira, ez dut kontuan hartuko. Gizonak gaiztoak direla esateari utziko diot neure buruari, konfidantza eduki behar dut oraingoan, gizon onak ere existitzen dira eta honek ez du hain itxura txarrik gainera.

 Urrutik etortzen ikusi dut primeran geratzen zaion soineko gorri eta sexy horrekin. Argazkietan baino ederragoa da. Hurbildu denean, irribarre handi bat oparitu diot, eta bi musuz agurtu dugu elkar. Bere usaina antzeman dut, erotzen nauen usaina, perfume ona darama. -Emakume zoragarria eta sexya izateaz gain, lurrin gozo-gozo bat darama!- pentsatu dut.  Hitz egiten hasi da, baina nire buruan bakarrik pentsamendu bat dago - Neska  puska hau gaur gauean nirea izango da, bai edo bai. 

 Bere agurra ondo hezitakoarena izan da. Baina bere begirada ez hainbeste. Nire gorputza miatzen ari dela sentitzen dut, elkarrizketa bat baino gehiagoren bila dabilela esango nuke. Jatetxean sartzen garen bitartean, nire pentsamenduak lasaitzen saiatzen naiz. Nire buruari behin eta berriz ezetz, ez dela berriro gertatuko, ez direla gizon guztiak berdinak errepikatzen diot. Gauza gutxi galdetzen dit, ia ezer ez. 

 

ARGIA

2024ko otsailaren 13an

 

“Emakume bat bortxatu dute Azpeitian, Udalak ihauterietako gaurko egitaraua bertan behera utzi du

  • Azpeitian emakume bat bortxatzea egotzita, gizon bat atxilotu du Ertzaintzak. Udalak astelehen 18:30etarako gaitzespen kontzentraziorako deia egin du eta ihauterietako gaurko programazioa bertan behera utzi du”

Ez da berriz gertatuko, ez, ez da gertatuko. 

 

Jatetxean sartu gara. Ate zahar bat bultzatu ondoren, egur usaina zabaldu da geure aurrean. Barruan, argi epel batek argitzen ditu mahaiak. Dena ondo doa oraingoz. Atea ireki eta eserlekua eskaini diot, txantxa pare bat ere egin ditut giroa goxatzeko, baina ez dut lasai nabaritzen, urduri samar dagoela iruditzen zait, agian lotsatia da. Oso ederra dagoela esaten diot, eta irrifar txiki batekin erantzun dit bakarrik. Lotsatia, bai jauna, lotsatia da! Janaria ekartzen duten bitartean, pentsatzen hasi naiz. Nola konbentzituko ote dut nire etxera etortzeko gero? 

Eseri egin gara. Mahai gainean, kandelatxo bat dago. Bi zapiren barruanm sardexka eta labana. Oso arretatsu egon da nirekin baina geroz eta kezkatuta nago. Ez dit ezer pertsonalik galdetzen, ez dirudi nire ametsak edo bizitzari buruzko nire ideiak orokorrean axola zaionik. Nire itxurarekin obsesioa daukala ematen du, objetu bat bezala eta oso deseroso sentitzen ari naiz. Zer gertatuko da niri zerbait egiten saiatzen baldin bada? Berriz gertatuko balitz? Zer egingo nuke? 

 Zerbait gertatuko balitzait, nola ulertuko zuten gurasoek pasatutakoa eta gero Tinder erabiltzea ezezagun batekin elkartzeko? niganako konfiantza guztia galduko zuten. Eta lagunak? zer pentsatuko zuten? Askotan esaten didate sare sozialekin ez dudala kontrolik… 

Giroa ezin hobegoa dugu. Bera ere ederra dago.  Ziur naiz gaur gauean nahi dudana lortuko dudala. Etxean ardo botila berezia dudala esan diot, bertara joan ahalko ginela “pelikula bat ikustera edo beste zerbaitetara…”. Irribarrez jarraitzen du,  baina ez du ados esaten ere. Ez naiz kezkatzen hala ere, nirekin gelditu baldin bada, denbora-kontua izango da nire etxera etortzea. Bere konfiantza irabaziko dut. Goxo-goxo, apal-apal.  Ezingo dit ezetzik esan.

 Postrea ekartzen dutenean, kamareroak begien aurrean plater zuri-zurian txokolatezko Coulant beltz-beltza, pixkanaka urten ari den bainilako izozki bola batekin jartzen didanean , komunera noala esan diot ahalik eta irrifar goxoenarekin. Lasai altxatu naiz , aulkia pixkat baztertu dut eta pausu neurtuak emanez, atera naiz jangelatik.  Bere ikusmenetik kanpo nagoenean, jatetxeko irteerantz abiatu naiz bizkor, zulo beltz honetatik ihes egiteko. Bihotza arin-arinka taupadaka ari zait. Kotxean ziztu bizian sartu naiz eta ahal dudan azkarren martxan jarri dut. Beti berdin gertatzen zait, ez naiz seguru sentitzen. Agian bere asmoak onak ziren, baina zeinek daki!

 Zerbitzariak bi plater zurirekin agertu da.  Niri, Tiramisua utzi dit mahian, kakao hutsez estalia. Kafe usain gozoa iritsi zait momentuan. Jaten hasi naiz, pazientzia guztiarekin itxaroten dut bera komunetik bueltatzeko. Irribarre egiten diot neure buruari, oraingoan bai, dena oso ondo doa. 

Denbora luzatzen ari da, hamar bat minutu pasatu dira eta ez da bueltatzen. Izozkia ia urtuta dauka. Ondo ote dago? Urduritzen hasi naiz. Komunera joango al naiz bere bila? ez da oso itxura onekoa. Kamareroari galdetu diot ea nirekin zegoen neska ikusi duen.  "Bai, jauna, duela hamar minutu atera da atzeko atetik" esan dit. Nola izan naiz hain ergela? Nola ez naiz konturatu? Nola da posible?