Aurreko hilabetetako euriteek ibaiaren ur-emaria handitzean utzitako hondakinak bildu dituzte garbiketa zerbitzuetako langileek  

Uraren Nazioarteko egunaren harira, Udalak Oria ibaian berriki burutu duen garbiketa jakitera eman du. Aurreko hilabetetako euriteen ondorioz, ibaiaren emariak hondakin asko mugitu zituen eta hura bere onera etortzean ibaiaren arroko landaretzan geratu da hondakin kopuru handia. Horregatik, zikinkeria eta pilatutako hondakinak direla eta, beharrezkoa izan da ibaian esku hartzea, ibai arroa garbitu eta zaborrak jasoz.

Batik bat, Udalerriaren erdigunean egin da garbiketa, hain zuzen ere Zaldizurretako biribilgunearen eta Gipuzkoa plazako zubiaren arteko ibai-bidean. Martxoko lehen hamabostaldian, garbiketa zerbitzuko langileek hondakin eta zabor ugari bildu dituzte; neumatikoak, plastikoak, hodiak, aterkiak, ontziak, beira eta abar. Guztira 635 kilo hondakin izan dira honela banatuta: 400 kilo errefusa, 101 burdina, 60 beira, 19 plastikoa, 8 egurra, 8 organikoa eta 39 bestelakoak.    

Herritarren ardurari deia

Herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbestekoa da Udalarentzat herria eta herritarren ongizatean eragin zuzena duelako. Ibaiko landarediaren mantenua bere gain hartzen du Udalak baita garbitasunaren ardura ere eta honela ingurumena zaindu eta etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko konpromisoari eusten dio. Zer esanik ez, gaur Uraren Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, gogorarazi behar da ura oinarrizko bizi-ondasun bat dela, gure mendeko ekosistemak sostengatzen dituena eta gure ongizaterako zaindu eta kudeatu behar duguna. Ibaiak ur inguruneak dira eta hauen babesa eta kontserbazioak eragin zuzena du gugan. 

Hortaz, aldiro biltzen den zabor kopurua kontutan izanik, Udalak herritarrak arazo honetaz sentsibilizatzen jarraitu nahi ditu bide batez. 

Erreka garbiketa 20220315 1 Erreka garbiketa 20220315 5