Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Udalak eta ikastetxeetako ikasleek ekoizpen eta kontsumo arduratsua izan dute hizpide

2025/05/08

Berrerabilpena, kontsumo arduratsua edo birziklapena izan dira ikasleek mahaigaineratu dituzten helburuetako batzuk eta Udalak hauek betetzeko ikasleekin adostuta garatuko diren ekintzak azaldu ditu

Beasaingo Udaletxeko batzar aretoan, Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, udal audientzia berezia egin da. Urteroko legez, bertan, herriko 5 ikastetxetako (Lehen eta Bigarren Hezkuntzako) 62 ikasle bildu dira, Leire Artola eta Lurraldea saileko Adur Ugartemendia batzordeburuarekin. Ikasle guztien 12 ordezkari izan dira osoko bilkura burutzen den mahairen bueltan, euren lanketaren azalpenak ematen udal agintariei. 

Ikasturte honetan, Garapen Jasangarriko 12. Helburua ("Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak") landu dute, hondakinen kudeaketari, birziklapenari eta kontsumo jasangarriari buruzko diagnostikoa eginez.  

Aztertutako gaiak eta ondorioak  

Ikasleek herrian egindako azterketen arabera, honako ondorioak atera dituzte:  

  • Berrerabilpen eta konponketarako ohitura urria dago, eta tresnak konpontzeko ezagutza falta da.  
  • Erosketa-ohiturak: gehienetan supermerkatu handietan erosten da, azoka eta dendetako tokiko produktuen aldeko joera gutxi dago. Saltoki handietan solteko eta bertako produktuen eskaintza handitzea eskatu dute, plastikoaren erabilera murrizteko.  
  • Birziklapena: Azken urteetan hondakin gutxiago sortu eta gehiago birziklatzen badute ere, kontenedore bereziak ez direla nahikoa nabarmendu dute.  
  • Utzikeria: Gazteek elkartzen diren guneetan plastikozko hondakin pilaketa handia dago, eta hau ibaietara eta itsasora iristen dela salatu dute.  
  • Kontsumo gehiegizkoa: Behar baino gehiago kontsumitzen dela eta bigarren eskuko produktuekiko joerarik ez dagoela adierazi dute.  

Adostutako ekintzak  

Udalak ikasleen proposamenak babestu ditu, eta hurrengo ikasturtean honako ekintzak garatuko direla azaldu du.  

  • Konponketa tailerrak: Arropa eta bizikletak konpontzeko tailerrak antolatuko dira herritarrentzat.  
  • Azokaren sustapena: Ikasleek ekoizleentzat iragarki erakargarriak diseinatuko dituzte, eta Udalak deskontu bonuekin batera zabalduko ditu.  
  • Bigarren eskuko azoka: Urtean bitan antolatuko da, arropa eta gailu elektronikoak trukatzeko edo saltzeko.  
  • Poltsa berrerabilgarriak: Ikasleek diseinatutako poltsak dendetan eta azokan banatuko dira, eta haiek erabiltzen dituzten herritarrei sariak emango zaizkie.  

Ekintza hauek ikastetxeekin, Udalarekin eta herriko erakundeekin elkarlanean garatuko dira. Parte hartu duten ikasle guztiei Eskolako Agenda 2030eko kuaderno birziklatuak oparitu zaizkie (plastikozko tapoiez egindakoak), eta gosari osasuntsu batekin amaitu da ekitaldia.  

udal audientzia 20250508 8