E maila

Amets Elosegi Martin

E Maila Prosa 3. saria
Kaixo, ni Amets Elosegi beasaindarra naiz. 10 urte ditut eta Andramendi ikastolara joaten naiz. Nire zaletasunak hauek dira: Jolastea, musika entzutea, musika jotzea eta kirola egitea. Handitan bideo jolasak egiten dituena, monster truck-ak diseinatzen dituena, kirolaria eta pailazoa izan nahi dut.
Amets Elosegi Martin

Zezen artean

Udako egun eguzkitsu batean, uztailak 7an, Iruñan San Ferminak ospatzen ari dira. Jendez gainezka daude Santo Domingo kalea eta inguruak. Ia denak praka eta alkandora txuriz, zapi eta gerriko gorriz jantzita eta eskuetan egunkaria bilduta dutela.

 

Maikelek 30 urte ditu, amerikarra da eta jai hauek ikaragarri gustatzen zaizkio. Altua eta indartsua da. Ilea belearen lumak baino ilunagoa du, soinean San Ferminetako arropa du jantzita. Azkeneko 5 urtetan entzierroan korrika egin du, baina aurten jaiez beste era batera gozatzea pentsatu du. Horretarako freestyleko motorra ekarri du. 

 

Zezenak eta joaldunak Santo Domingoko eskortan daude bart gauetik, harresietan kokaturiko antzinako baluarte batean. Goizeko zortziak hamar gutxi dira, Maikel harresira igota dago, zezenak noiz aterako zain. Bat-batean korrikalariak hormako zulo batean dagoen San Fermini abesten hasi dira babesa eskatzeko. Segituan zezenak aterako dira!

 

Maikel harresitik behera dator motor gainean, segituan entzierroari hasiera emango dion txupinazoa botako baitute. Baranda gainetik salto egin du eta elkarren ondoan dauden korrikalarien atzean jarriz,  polizia-lerroa gainditzea lortu du. Pummm!!! Txupinazoa bota dute.  Zezenek Santo Domingoko aldapan gora abiadura handia hartu dute, ibilbidearen hasiera baita. Tarte arriskutsu honetan korrikalariek ez dute babeslekurik eta ahal duten azkarren doaz zezenek harrapatu ez ditzaten,  Maikel euren tartean dutelarik. Udaletxeko plazara iritsi dira eta zezen beltzek joaldunak aurreratu dituzte. Mercaderes kalean barna Maikel bere motorrarkin korrikalarien buru jarri da. Ustekabean, Mercaderes eta Txapitela kaleko bihurgunean, ibilbidea zehazten duen pinu-zurezko oholen zati bat askatuta ikusi du. Zezenek tarte hori ihes egiteko baliatu dute. Jendartean izua eta beldurra nagusitu dira, aiton-amonak sustoarekin geldi-geldirik daude, gertatzen ari dena ezin sinisturik. Umeek garrasika laguntza eskatu dute, korrika doaz alde batetik bestera zalaparta batean. Maikelek oihuak entzun dituenean, atzera begiratu du eta motorraren norabidea aldatu ondoren, builaka esan du:

 - Lasai, zezenak bideratuko ditut!

Orduan, Maikel zezenen atzetik joan da abiadura bizian, jendeari ohartarazten:

 - Kontuz, zezenak barandatik kanpora atera dira!!!

Balkoietan daudenak sokak botatzen ari dira ahal duenak sokara heldu eta goruntz eskalatzen igo daitezen.

 

Zezenak Gaztelu Plazan daude, erdi erdian dagoen kioskoarren eskuinetik hiru zezen joan dira eta beste hirurak ezkerretik. Maikelek motorrarekin salto akrobatiko bat egin du kioskoaren gainetik beste aldera pasatuz eta zezenen aurrean kokatuz. Joaldunen lana eginez, zezenak, bidean desbideratu gabe, Iruñeko koliseorik ezaguneraino, Gaiarre antzokiraino, eramatea lortu du. Laurogeita hamar gradu biratu dute ezkerrera eta orain ia zezen-plaza begi aurrean dute.

 

Bozgorailuetatik esaten ari dira: 

- Kontuz, kontuz, zezenek alde egin dute! Ahal duenak ihes egin dezala edo babesten saiatu!   

    

Sei zezenak Maikelen atzetik doaz eta udaltzainek entzierroko ibilbidea zehazten duen  pinu-zurezko oholen zati bat ireki dute. Maikelek tarte hori aprobetxatuz, zezen-plazara sartzeko dagoen egurrezko ate gorria gainditu du eta zezenak ere bere atzetik joan dira, elkar borrokatuz, nor lehenengo sartu. Zezen-plaza biribileko erdigunean korrikalaririk ez dago, aldiz, harmailetan, milaka pertsona txaloka. Maikelen balentria bertan jarritako pantaila erraldoitik jarraitu dute eta txalo zaparrada luzea jaso du.

 

Geroztik berririk ez daukat nik…