E maila

Maddi Telleria Aldaz

E Maila Prosa 2. saria
Nire izena Maddi Telleria da, hamaika urte ditut. Beasainen bizi naiz nire amarekin eta nire modura, nire familia ere Beasainen bizi da. La Salle ikastetxean ikasten dut eta aurten Lehen Hezkuntzako 6.mailan nago. Futbola atsegin dut eta Goierri Gorri taldean jokatzen dut. Lagun asko ditut eta primeran pasatzen dut beraiekin. Esan daiteke oso zoriontsua naizela.
Maddi  Telleria Aldaz

TOP SECRET

Kaixo! Maren naiz eta sekretu bat kontatuko dizuet baina zin egin behar duzue ez diozuela inori kontatu behar, arriskutsua izan daiteke eta.

Orain dela gutxi jakin nuen nire amona bizirik zegoela amak inoiz ez duelako berataz hitz egin, eta galdetzen nionean gurekin ez zegoela esaten zuen soilik. Madriden bizi gara, aita, osaba, izeba eta lehengusuak bertakoak baitira. Nahiz eta aita eta ama bananduta egon, oso erlazio ona daukat beraiekin.

Duela hamabost egun amak bidai bat egin behar genuela esan zidan, hain zuzen ere Beasainera:

  • Beasain? Non dago? Zergatik ez gara Lanzarotera joaten beti bezela?
  • Ez dira oporrak maitia- susmo txarra hartu nion berehala… gela jaso gabe neukan eta maitia deitu zidan!. 
  • Eta orduan? Zertara goaz herri galdu horretara?
  • Beasain ez da herri galdu bat, Euskal Herrian dago eta ni bertan jaio nintzen. Amona Mari bisitatzera goaz, gaixo dago eta.
  • Amona Mari?- ezin nuen sinetsi.
  • Hitz egingo dugu beste momentu baten, prestatu gauzak bihar goaz eta- gelatik irteten ari zela, buelta eman zuen eta -Ah! Jaso zure gela berehala!

Hurrengo egunean, 4 orduko bidaia egin ondoren, Beasainera iritsi ginen baina amak ez zuen hitzik esan bide osoan. Pentsatzen  nuena baino handiagoa zen herria baina larritzen hasi nintzen mendian gora igotzen hasi ginenean, Murumendi izeneko mendi baterantz. 

Baserria oso polita zen eta Wifi-a bazegoela ikustean lasaitu ederra hartu nuen. Amona berehala etorri zen niregana, poliki-poliki, hanka puskatua baitzuen, eta bere besoen artean laztandu ninduen…arraroa zen, hain zuzen ere, ni ez bainaiz batere muxuzalea baina asko gustatu zitzaidan. Ama ate ertzean geratu zen, berriz ere amona izan zen lehen pausua eman zuena, zer gertatu ote zen beraien artean galdetu nion neure buruari.

  • Lasai Maren, jakingo duzu prestatuta zauden momentuan- esan zuen amona Marik goxotasunez.

Nola zekien zer ari nintzen pentsatzen? Ezin nuen sinetsi.

Berehala lagun berriak egin nituen, oso, oso jatorrak eta beraiek hitz egin zidaten lehen aldiz Murumendiko Mariri buruz, baina momentu hartan ez nuen erlazionatu, jakingo izan banu!

Amonaren hanka era harrigarrian hobetu zen, nik hanka puskatu nuenean hilabete osoa pasatu nuen herrenka eta amonak aste bat soilik…nola zen posible galdetu nion, baita ere nire pentsamenduak ezagutzea… eta amonak momentua iritsi zela esatean ama etorri zen:

  • Nahikoa da ama, berriz hasi behar al zara ahalmen berezi horiekin? Ez al duzu nahikoa izan? Marenek lagunak egin ditu eta baztertua gelditzea lortuko duzu soilik, niri gertatu zitzaidan bezala!- lehen aldia zen ama negarrez ikusten nuela.
  • Ez da horrela bihotza, bereziak gara, desberdinak, Murumendiko Mariren ondorengoak, baina horrek ez du ezer txarrik, alderantziz, batez ere gure doaiak bizilagunak laguntzeko erabiltzen baditugu.
  • Baina arraro begiratuko gaituzte… 
  • Alderantziz! Denek dakite nor garen eta laguntza eske etortzen dira niregana, oso maitatua sentitzen naiz eta zuek ere berdin. Ezagutzen ez ditugun gauzak, desberdintasunek beldurtzen gaituzte, baina ezagutzen gaituztenean beraien bihotzak irekitzen dizkigute.

Egunak oso azkar pasa ziren eta amona berriro ondo zegoen. Denbora asko pasatzen nuen beraiekin, amak ordenagailuarekin etxetik lanean ziharduen bitartean. Bera ere lasaiago zegoen, pozik eta Madriden ez bezala denbora asko pasatzen genuen elkarrekin, zoriontsu nintzen, ezin nuen ezer gehiago eskatu. Horregatik amak Madridera itzuli behar ginela esan zuenean arnasik gabe geratu nintzen… amonak goxo bildu ninduen, beti bere ondoan izango nuela esanez… Lehen aldiz sentitu nuen Mariren doaina amonaren pentsamenduak entzutean amona ere zoriontsua zen eta ez zuen gu joaterik nahi.

  • A ze parea! Nik ere badakit zer ari zareten pentsatzen!- esan zuen amak irribarretsu 
  • Ama mesedez! Inoiz baino zoriontsuagoak gara hemen!

Amaren zoriona ikustean jakin nuen etxean geundela eta bertan geratuko ginela, Murumendiko Mariren magalean.