B maila

KIMETZ FURUNDARENA AGIRRE

B Maila Prosa aipamen saria
Sortzez aramarra, baina azken zortzi urteak Beasainen daramatzat bizitzen. 14 urte ditut eta DBHko 3. mailan nabil Beasaingo Andramendi Ikastolan. Nire zaletasunak kirola, hizkuntzarekin lotutako jolasetan jardutea, bideo-jokoetan lagunartean aritzea eta irakurtzea dira.
KIMETZ FURUNDARENA AGIRRE

PATRIARKA

 

Orain dela hamabost urte jaio nintzen, 2008ko urtarrilaren 22an, Errumaniako Maremures herrian. Hori jartzen du nire jaiotze agiriak. Baina egia da, nire lehen oroitzapenak Euskal Herrian ditudala, nire betiko herrian, Legorretan.

Arreba zaharrena eta biok hona etorri ginen gurasoekin batera. Txiki-txikitatik bertan egon eta bizi izan naiz, bertako eskolan ikasi dut, bertako kaleetan ibili naiz… Beste herritar bat gehiago izan naiz beti. Lau urte beranduago nire bigarren arreba ere jaio zen. Gustura bizi nintzen euskal-errumaniarra izan naiz beti.

Herrian primeran txertatuta, herritarrekin jolasean, futbolean, eta musika eskolara ere gustura joaten nintzen. Hasiera batean, aitaren nahia zen, musika ikasi eta esku-soinua jotzen ikastea, ondoren asteburuetan mezetan jo nezan. Baina egia esan, oso pozik jotzen dudan instrumentua da, atsegin dut nota bakoitza jotzea, bata bestearekin lotu eta melodiak sortzea. Errumaniar doinu biziak barru-barruan sentitzen ditut.

Gure aitak beti izan du buruan Errumaniara itzultzeko asmoa, bere etxera. Bertan, animaliak, baratzea… ditu lursail handi batean. Egun gure aiton-amonek zaintzen dute. Baina gu, anai-arrebok oso gustura bizi gara hemen, eta ohituak gaude hemengo bizimodura; kalean jolasean ibili (Errumanian neguan ezinezkoa izaten da, izugarrizko hotza egiten baitu), lagunekin planak egin, meriendak edo afaritxoak egin… Azken finean, hamabost urte beteta ez da horren arraroa hemen, behinik behin. Baina nire aitari, hori ez zaio gehiegi gustatzen. Ez du begi onez ikusten gelakideekin edo futbol taldeko lagunekin elkartzea, beldur baita naizena baino “euskaldunago” bihurtuko ote naizen.

Etxean errieta asko izaten ditugu aitarekin, bere asmoa Errumaniara itzultzea delako. Arrebak eta biok gu hemen gustura gaudela, lagunak ditugula, ikasketak ere euskaraz egiten ari garela eta Errumaniara joaten bagara hori dena aldatuko dela esaten diogu. Baina orain konturatzen naiz, hori esateak kontrako eragina izan duela aitarengan. Aitak ez du gu euskaldunak izatea nahi, ez geuk ulertzen dugun moduan behintzat.

Herrian errumaniar ugari daude eta hauekin ibiltzera bultzatzen gaitu hamasei urteko arreba eta biok. Egia esan, nire arrebarekin gogorragoa da oraindik, beldur baita bertako mutilen batekin maiteminduko ote den edo… Izan ere, gurean ohikoa da oso gazte ezkondu eta familia osatzea. Nire arrebak ordea ikasi egin nahi du, ikasketak egin, eta egunen batean ezkondu eta familia izan, baina hau ez epe motzera, bere etorkizuna bideratzen duenean, baizik. Hori da ohikoena zuen artean, baina ez nire etxean, eta aitak asko sufritzen du horrekin. Arreba ikastetxez aldatu du, errumaniar gehiago dauden batera bidali du eta norekin ibili behar duen ere agindu dio… baina hau ez al da “tratu txarra”? Hasieran negar egin zuen arrebak, gau txarrak pasa zituen, baina orain badirudi ohitu edo egin dela inguru berrira, aitak nahi duen ingurura, alegia. Eta ni konturatzerako osaba egingo nau!

Arrebarena ikusita badakit hurrengoa neu izango naizela. Ez dakit zein den niretzat duen plana: ikastetxe aldaketa, gaueko planak debekatzea, lagunekin egoten ez uztea… Eta bitartean amak ez du ezer esaten. Badaki alferrik dela, badaki gure etxean aitak esandakoa egiten dela eta erabakiak berak hartzen dituela. Eskolan zenbat aldiz entzun dudan “parekidetasuna”, lanak elkarbanatzea, erabakiak adostea… Adostu! Gurean adosten da bai, baina aitak, bere buruarekiko adostasun osoz!

Ikasturtea amaitzear dago, hasi dira klase amaierako agurrak eta despedidak. Futbol taldean afaria, gelakideekin beste bat, txikitako lagun taldearekin beste bat… eta nire aita mutur luzearekin egunero ikusten dugu etxean. Uda hastera doa, eta oporrak pasatzera urtero bezala Errumaniara joango gara; familia bisitatu eta bi hilabete pasako ditugu bertan. Gustura joaten naiz, lehengusuekin jolastu, aiton-amonak ikusi… udarako plan ederra izaten da egia esan.

Kotxean maletak sartu eta han abiatu gara, aita txofer, eta ni aldamenean. Ama eta arrebak aurreko astean joan ziren hegazkinez, ez baikara denok autoan kabitzen. Bost lagun eta maleta guztiak bi hilabetetarako, atton-amonentzat opariak… jarrita, abiatu gara. Bidean aitak musika jarri du, Voltaj taldearena, eta aitortzen dut nik ere atsegin dudala musika honekin bidaiatzea. Tolosa parera heltzerako aita hizketan hasi da, Errumaniako futbol talde batekin hitz egin duela bertan jokatzen hasteko (futbolean ondo xamar moldatzen naiz eta hori aitak badaki…). Nik, hasieran, udaran entrenatzeko zela pentsatu dut, baina konturatu naiz ez zela bi hilabeteko kontua. Izan ere, han lagun berriak egin eta ondoren eskolan bertan geratu beharko nuela esaten hasi baita. Orduan aitari, Errumanian bizitzen geratu behar dugun galdetu diot eta bere erantzunak zur eta lur utzi nau. “Aurtengo ikasturtean osaba-izeben etxean geratuko zara eta gu datorren udaberrian etorriko gara, elkarrekin Errumanian bertan bizi gaitezen”.

Mutu gelditu naiz, ez dakit zer esan. Begiak malkoz beterik leihotik begiratu dut, ez bainion aitari begietara begiratu nahi. Lagunekin oroitu naiz, futbol taldekoekin, eskolakoekin, azken egunetan egin ditudan afariekin… Eta inor agurtu gabe narama aitak “etxetik” kanpora. Inoizko bidaiarik luzeena izan da, izan ere, aita hizketan hasten zen, bere asmoa justifikatu nahian, ni lasaitu nahian… Baina nire hautua isilik egotea izan da, horrela aitari min ematea lortu badut, pixka bat bada ere… Hori da nire eskuetan nuen gauza bakarra, beste guztia aitak egina baita, beti bezala, bere erara.

Errumaniara heldu eta egin dudan lehen gauza lagunei idaztea izan da, ezingo dugula gehiago elkarrekin egon, eta bertan gelditzen naizela azalduz. Erantzunak segituan jaso ditut, nire betiko lagunen erantzun politak eta egunen batean, inor oporretan hona etorriko denaren esperantzaz beterik joan naiz lotara.